LAB sindikatuko etxebizitza asanbladek kanpaina bat abiatuko dute alokairu greba egiteko Alquiler Seguro higiezin enpresaren aurka; enpresa horrek kudeatutako etxeetan bizi diren maizterrekin batera abiatuko dute kanpaina, eta Espainiako Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin koordinatuta egingo dute. Helburu nagusia da maizterrak antolatzea eta enpresaren aurkako greba sustatzea.
Sindikatuak jakinarazi duenez, datozen asteetan atez ateko «brigadak» antolatzen hasiko dira, Alquiler Seguroren esku dauden etxeetan bizi diren maizterrei grebaren berri emateko eta antolakuntza sustatzeko. Hego Euskal Herrian 500 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu enpresak, eta Espainian, berriz, 16.000 inguru.
LABen arabera, urteetako «gatazka, salaketa eta prozesu judizialen» ondorio da kanpaina. Sindikatuak salatu duenez, Alquiler Seguroren negozio eredua «abusuzko eta legez kanpoko jardunbideetan» oinarritzen da. Besteak beste, maizterrei legez kanpoko ordainsariak kobratzen dizkiete, talde bereko enpresekin aseguruak eta hornidurak izatera behartzen dituzte, etxebizitzak mantentzeko lanetan gabeziak dituzte, eta etxebizitzak bisitatzeagatik 200 euro ere kobratzen dituzte.
Bide horretan, LABek uste du greba dela egoerari aurre egiteko «bide bakarra». Sindikatuaren arabera, maizter askok lehendik badute harremana haiekin, urteetan jasandako abusuez nazkatuta, eta «ekiteko prest» daude.
Espainiako Gobernuaren isuna
Alquiler Seguro enpresaren jarduna administrazioaren jomugan ere badago: Espainiako Kontsumo Ministerioak 3,6 milioi euroko isuna ezartzea aurreikusi du, 2024ko otsailean aurkeztutako salaketa baten ondorioz. Hala ere, auzia ez dute epaituko 2028ra arte, eta, LABen ustez, horrek agerian uzten du justiziak ez duela gaitasunik etxebizitza arloko gehiegikeriei erantzuteko.
Sindikatuak ohartarazi duenez, Alquiler Seguroren negozio eredua ez da gai izango halako greba bati eusteko. Haien esanetan, enpresak eskaintzen duen ordainketa bermea kolokan gera daiteke, eta litekeena da etxejabeekiko betebeharrak ere ez betetzea, maizterrekiko erantzukizunak urratzen dituen modu berean.
Kanpaina «estatu mailan» egingo dute. Izan ere, Maizterren Sindikatuen Konfederazioaren bidez, hainbat lurraldetako sindikatuek bat egin dute ekinaldiarekin, besteak beste Madril, Valentzia, Malaga eta Sevillakoek. LABek adierazi du helburuetan bat datorrela gainerako eragileekin, eta beharrezko baliabideak jarriko dituela Hego Euskal Herriko maizterrak modu kolektiboan antola daitezen eta «beren eskubideak defenda ditzaten».