LABek berretsi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako irakasleek grebara joko dutela bi aste barru

Salatu dute azkenaldian ez dutela modurik eduki Hezkuntza Sailarekin batzeko eta negoziatzeko.

Irakasleen grebaren harira antolatutako manifestazio bat, Gasteizen, apirilaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irakasleen grebaren harira antolatutako manifestazio bat, Gasteizen, apirilaren 2an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko apirilaren 30a
13:18
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi aste eskas barrurako, maiatzaren 12tik 16rako, grebara deituta daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako irakasleak; Steilas, LAB, ELA, CCOO eta Interinoak sindikatuek bat egin dute deialdiarekin. Gaur, LABek ziurtatu du ez dutela modurik izan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko, eta, hortaz, berretsi du grebara joko dutela.

«Maiatzeko grebak iragarri genituenetik ez dugu Hezkuntza Sailaren berririk izan», nabarmendu du sindikatuak. Azaldu dutenez, duela ia hilabete izan zuten azken mahai negoziatzailea Hezkuntza Sailarekin, apirilaren 4an; salatu dute hartan sailak proposatutako egutegia ez duela bete sailak berak: «Apirilaren 16ra bitarteko negoziazio egutegi bat proposatu zuen Hezkuntza Sailak, eta akordiorik lortuko ez balitz apirilean negoziatzen jarraitzeko egutegi bat ere aurkeztu zuen; ez da halakorik bete, ordea».

Gauzak hala, lanuzteekin jarraituko dute: «Maiatzaren 12tik 16ra kaleak hartzeko deiari eutsiko dio LABek, datorren asterako Hezkuntza Sailak deitu ezean eta akordioetarako edukiak mahai gainean jarri ezean». Are, ziurtatu dute «azken greba eta mobilizazioetan erakutsitako indar eta konpromiso berbera» izango dutela aurrerantzean ere.

Baliabide eske

Izan ere, uste dute badagoela horretarako arrazoirik. Sindikatuak baditu eskaerak: nahi dute aniztasunari erantzuteko, hezkidetzarako eta euskara indartzeko neurrietan eta baliabideetan inbertitzea eta horiek hitzarmen berrian jasotzea. «LABentzat estrategikoak dira, eta, gainera, behar-beharrezkoak dira eskola publikoa ardatz izateko ditugun erronkei eta herri gisa ditugunei erantzuteko. Hezkuntza kalitatean eragiteaz gain, hezkuntza publikoa indartuko lukete, eta egun irakasleek dituzten lan zametan eragin zuzena izango lukete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.