LABek elkarrizketa eskatu dio Seaskari, lan hitzarmen berri bat negoziatzeko

Protesta egin dute Bernat Etxepare lizeoko langileek, eta administrazio kontseiluari egotzi diote negoziaziorik gabe bertan behera utzi dutela lan hitzarmena.

Baionako Bernat Etxepare lizeoa, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Baionako Bernat Etxepare lizeoa, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko irailaren 1a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako Bernat Etxepare lizeoko langileek protesta batekin ekin diote ikasturte berriari. Lanuztea egin dute gaur, LAB sindikatuak deituta eta hainbat irakaslek sostengatuta, eta esku orriak banatu dituzte lizeoko sarreran. Orain arteko hitzarmen kolektiboa negoziaziorik gabe bertan behera utzi izana leporatzen diote administrazio kontseiluari. LABek elkarrizketarako deia egin dio Seaskari, egitura osorako balioko lukeen hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko. Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak ez dio aterik itxi elkarrizketari, baina abisua eman du: «Egitura txikia gara, eta ez dugu indarrik ikusten gure hitzarmen propioa ukaiteko».

Maider Hitta Etxepare lizeoko LABeko ordezkariak esplikatu du orain dela 30 urte baino gehiago adostu zela Seaskaren barneko hitzarmen kolektiboa. Baina, pixkanaka-pixkanaka, ikastetxe gehienetan bertan behera utzi dute, eta administrazio kontseiluaren esku gelditu da langileen kudeaketa. «Horrek desberdintasunak sortzen ditu ikastola batetik bestera». Etxepare lizeoa zen Seaskako hitzarmenarekin segitzen zuen azkena. «Zaharkitua zen, eta berrikusi behar zen», onartu du Hittak, baina salatu du hitzarmena lan ikuskaritzan salatzea erabaki duela administrazio kontseiluak, «alde bakarrez». Ondorioz, Frantziako Estatuan irakaskuntza pribatuan indarrean den hitzarmena aplikatuko zaie orain langile berriei. Horrek piztu du haserrea. 

Lan ordutegien inguruan da desadostasun nagusia, baina beste arlo batzuetan ere badituzte kexak. «Elkarrizketa soziala sustatu nahi genuke, baina ez dabil horrela administrazio kontseiluarekin. Ez gara momentuan bide berdinetik ari, eta guk hori konpondu nahi dugu», esplikatu du Hittak. Udan egin dituzten negoziazio bilkurek ez dute ezer eman, eta egin dituzten eskaerei buruz erantzunik eskuratu gabe hasi dute ikasturte berria. «Gure azken-azken puntako erabakia izan da greba mugimendu hori». Ekainean bildu ziren Seaska eta LAB. Etxart: «Ez da bilkura bakar batez argitzen den gaia».

Seaskaren barnean hitzarmen kolektibo bat adostearen alde egin du Hittak. «Pentsatzen dugu badela garaia ikastetxe guztiak hitzarmen berean sartzeko, baldintza berdinetan lan egiteko. Berriz landu behar litzateke Seaska barneko hitzarmen bat, Paristik heldu zaizkigun pribatuko hitzarmenak aplikatu ordez». Haren hitzetan, ikastetxe guztientzat askoz ere errazagoa izanen litzateke. «Badakigu denak gurasoak direla eta borondatez ari direla. Eta guk hori baloratzen dugu, anitz. Gu ere gurasoak gara; beraz, badakigu zertaz hitz egiten dugun».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA