LABek esan du susmoa daukala osasun zerbitzu batzuk kobratu nahi ote dituzten

Madrilgo txosten batek ordaintzearen alde egin duela dio sindikatuak; jarrera argitzeko eskatu die erakundeei

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren aitzakian osasun zerbitzuengatik kobratzen hasteko bidea egiten ari ote diren, susmoa azaldu du LAB sindikatuak. «Alarma soziala pizten ari dira, esanez osasun sistema publikoa ez dela bideragarria. Sistema pribatizatzea eta zerbitzuengatik kobratzea dituzte xede bakar», salatu du Arantza Sarasola LABeko ordezkariak. Horren erakusgarri, Madrilgo Erkidegoko barne txosten bat aurkeztu dute; oinarrizko zerbitzu batzuk kendu egiten ditu agiri horrek, eta kobratzeko bidea zabaldu. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote argitzeko Madrilgo txosten horretan iragarritako murrizketak egiteko asmorik baduten. «Argi hitz egin behar dute hauteskundeen aurretik, herritarrek jakin dezaten».

Osasun gaiak lurralde arteko batzorde batean aztertzen dituztela gogorarazi du Sarasolak, eta, horregatik, litekeena dela Madril ez izatea bakarra neurri horiek hartzen. Areago, haren arabera, Hego Euskal Herrian hasiak dira txostenean iragarritako murrizketa batzuk egiten; guardiak murrizten eta larunbatetan osasun etxe batzuk ixten, esate baterako.

Lehen pausoa da hori, LABen irudiko. «Osasun sistema publikoa gainbehera jartzeko estrategia dute, alor pribatua indartzeko. Apustu politikoa da». Herritarren osasuna «merkantzia» bihurtu nahi izatea salatu du Sarasolak, oraingo norabidearen helmuga beltza iragarrita: «Laster osasun zerbitzu pribatuetarako aseguruak kontratatzen ari gaitezke. Ez denok, baizik ahal dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.