ESKk eta LABek helegite bana aurkeztu dute Osakidetzako anbulantzia zerbitzurako baldintzen aurka

Sindikatuen arabera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, 1.400 milioi euroko lizitazioa eginda, baztertu egin du zerbitzua publifikatzeko aukera, eta interes pribatuen aldeko eredua sendotu du.

Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2026ko uztailaren 30a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

ESK eta LAB sindikatuek helegite bana aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak oinarrizko bizi euskarriaren eta garraio programatuen anbulantzia zerbitzuak adjudikatzeko onartutako baldintzen aurka. Bi sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak nahiago izan duela enpresa pribatuen bidezko kudeaketari eutsi, eta uste dute aukera galdu dela zerbitzua Osakidetzaren egituran integratu eta zuzenean kudeatzeko. Sindikatuen esanetan, baldintza agirian ez dute behar bezala justifikatzen kanpo kudeaketaren aldeko erabakia, eta publifikazioaren aldeko aukera baztertu dute.

Osasun Sailak uztail hasieran egin zuen deialdia anbulantzietako zerbitzu horiek kontratatzeko baldintzak lizitatzeko. Kontratuak lau urte iraungo du, eta beste hiru urtez luzatu ahal izango da. ESKren eta LABen ustez, kontratuaren tamainak erakusten du Jaurlaritzak lehentasuna ematen diola kanpo kudeaketari. ESKk jakinarazi duenez, 800 milioi ingurukoa da premiazko osasun garraioaren lizitazioa, eta 600 milioi eurokoa premiazkoa ez den zerbitzuarena. Denera, 1.400 milioi euro inguruko kontratuak dira.

Bi sindikatuek, bakoitzak bere helegitearen bidez, Osasun Sailari eskatu diote baldintza agiria berrikusi eta osasun garraioaren kudeaketa eredua berriz aztertzeko, kudeaketa publiko zuzena benetako alternatiba gisa ebaluatuta eta erabakia «datu objektiboetan», «eraginkortasun» irizpideetan eta interes publikoan oinarrituta hartuta.

ESKren arabera, Osasun Sailak ez du frogatu Osakidetzak baliabide nahikorik ez duenik zerbitzua zuzenean emateko. Gainera, salatu du ez dela egin kudeaketa publikoaren eta pribatuaren arteko alderaketa ekonomikorik, ezta eraginkortasunari eta jasangarritasunari buruzko azterketarik ere. Sindikatuak berak egindako peritu txosten batean ondorioztatu dutenez, kudeaketa zuzena ekonomikoki «bideragarria» da, eta gaur egungo eredua baino «eraginkorragoa».

Sindikatuaren iritziz, Osakidetzaren esku dago gaur egun osasun garraioaren antolakuntza nagusia. Gogorarazi du Emergentziak-Osakidetzaren esku daudela larrialdien koordinazioa, baliabideen mobilizazioa, deien kudeaketa, baseen antolaketa eta pazienteen banaketa, besteak beste. Enpresek, berriz, administrazioak ezarritako protokoloen eta koordinazio sistemaren barruan jarduten dute. Horregatik, ESKren ustez, kanpoko kontratazioak bitartekari pribatu bat baino ez du gehitzen, eta horrek zerbitzuaren antolaketaren kostuak handitu baino ez ditu egiten.

«Kudeaketa zuzena ekonomikoki bideragarria da, eta gaur egungo eredua baino eraginkorragoa»

ESK

Horren ildotik, kontratuaren egitura ekonomikoa ere kritikatu du ESKk. Azaldu du aurrekontuaren %15 inguru enpresen gastu orokorrak eta irabazi marjina estaltzera bideratzen dela, nahiz eta eginkizun horietako asko gaur egun Osakidetzak berak bete. Sindikatuaren arabera, kudeaketa zuzenak modua emango luke gainkostu hori ezabatzeko, herritarrei ematen zaien arretari kalterik egin gabe.

Kontratuen iraupenari ere egin dio kritika sindikatuak. Baldintza agirian lau urteko iraupena aurreikusi dute, eta beste hiru urtez luzatzeko aukera. ESKren esanetan, baina, zazpi urteko iraupen hori ez dago behar bezala arrazoituta espedientean, nahiz eta legediak hori egitera behartzen duen administrazioa. 

Helegitean, azken hamarkadako kudeaketa eredua ere kritikatu du ESKk, eta azken urteotako arazo andana gogora ekarri: bertan behera utzitako lizitazioak, larrialdiko kontratazioak, enpresa adjudikaziodunen uko egiteak, Lan Ikuskaritzaren espedienteak, soldatak ordaintzeko atzerapenak eta flotaren inguruko arazoak, besteak beste. Sindikatuaren ustez, aurrekari horiek erakusten dute kanpo kontratazioak ez duela eman espero bezalako egonkortasuna, eta administrazioak ez duela esperientzia horren ebaluazio kritikorik egin baldintzak zehaztu aurretik.

Pribatizazioaren aldeko apustua

LABek ere baldintzen aurkako helegite berezia aurkeztu du, eta salatu du Osasun Sailak pribatizazio eredua sendotzea erabaki duela. LABen ustez, lizitazioak sendotu egiten du osasun garraioaren pribatizazioaren aldeko apustua, eta Osakidetzaren kudeaketa publikoa indartzeko aukera baztertu. Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, baldintzak inpugnatzeko aurkeztutako errekurtsoak Osasun Sailaren eredua bera jartzen du auzitan. Sindikatuaren iritziz, Alberto Martinez sailburuaren departamentua ez du bete Osasun Itunak zerbitzu hori publifikatzeko jasotzen zuen jarraibidea, eta «entzungor» egin die gizarteak osasun sistema publikoaren alde egindako eskaerei.

«Osasun Sailak entzungor egin die gizarteak osasun sistema publikoaren alde egindako eskaerei»

LAB

Sindikatuak gogorarazi du, halaber, azken urteotan anbulantzia zerbitzua kudeatu duten enpresek lan arloko hainbat irregulartasun izan dituztela, tartean soldaten ordainketetan atzerapenak eta baldintzetan jasotako betebeharren urraketak. LABen arabera, administrazioak ez ditu behar bezalako neurriak hartu egoera horietan.

Gainera, sindikatuak nabarmendu du osasun garraioaren publifikazioak emaitza onak izan dituela beste autonomia erkidego batzuetan, bai kostuen eraginkortasunean, bai lan baldintzetan, bai herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatean. Horregatik, iragarri du bide judizialari eutsiko diola eta mobilizazioak prestatzen ari dela datorren urte politikorako.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA