LAB sindikatuak eskaera bat egin zion atzo Osakidetzari, idatziz, eta alternatibak exijitu. Israelgo Teva Pharm enpresarekin du zerikusia eskaerak; izan ere, Osakidetzak enpresa horri erosten dizkio erabiltzen dituen botiketako batzuk, eta sindikatuak esplikatu du badaudela produktu antzekoa eskaintzen duten «alternatiba zabalak» merkatuan. Hortaz, «botika horiek banatzeari, erosteari edo preskribatzeari uzteko» eskatu dio, eta aztertu ditzala ordezkatzeko alternatiba batzuk. Salaketa hori oinarri hartuta abiatu da LAB Osakidetzarengana, eta gaur dira auzia ateratzekoak Osakidetzako mahai sektorialean. Egoera «oso larria» dela iritzi dio sindikatuak, eta azaldu du «onartezina» dela Palestinako genozidioak «kolaboratzaileak» izatea Osakidetzan.
«Euskal osasun zerbitzu publikoak ezin du kolaboratu Palestinako lurraldeen okupazio israeldarra ahalbidetzen duen genozidioaren ekonomiarekin», erran du sindikatuak, eta horretarako modu bakarra dagoela azaldu du: harremanak haustea; merkataritza harremanak, batez ere. Gainera, ohartarazi du Osakidetzaren harreman horiek direla-eta langileak eta erabiltzaileak «genozidioa finantzatzen» ari direla Teva farmazia etxeko botikaren bat kontsumitzen edo banatzen dutenean.
Dena den, LAB ez da kontu hori dena salatzen duen lehendabiziko mugimendua. Aitzitik, iragan maiatzean Gurutzetako larrialdietako berrehun langilek sinadurak bildu zituzten, eta Osakidetzari exijitu zioten eten zitzala Teva etxearen bidez Israelekin zeuzkan harremanak.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak jaurti du azken tanta edalontzira. Hark hala eskatuta, Teva Pharm enpresari egiten dizkion erosketen zerrenda luze bat bidali dio Osakidetzak, eta argitaratu egin du Uberak. Honela diote datuek: 2023tik 2025era bitarte 7 milioi euro pasatxoren botikak erosi dizkio Osakidetzak enpresari. Mugimendu hori gelditu behar dela aldarrikatu du LABek, eta salatu du diru publikoarekin ezin dela «estatu genozida bat lagundu».
 
     
    