Lainoek estali dute «egia» Gipuzkoan

Gipuzkoako hondakinen kudeaketari buruz aritu da Juan Carlos Alduntzin Eibarren, UEUk antolatutako ikastaro batean. Haren ustez, «argi gutxi eta gezur asko» daude Gipuzkoan.

Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatua, atzo, Eibarren eman zuen hitzaldian. GARI  GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Eibar
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lainoek estali dute «egia» Gipuzkoan; hondakinak modu egoki batean kudeatzea ekarriko duen bidearen bila dabil, bidegurutzean. Batzuek bide baten alde egiten dute; besteek diote hortik ez joateko. Adostasunik ez, inon. Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aburuz, «argi gutxi eta gezur asko» daude gai horren inguruan.

Zentsura mozioaren ekaitza igaro ostean, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eta tratamenduari buruz hitz egin du Alduntzinek, Eibarren (Gipuzkoa), Hondakinak kudeatzeko tratamenduak ikastaroan. Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroetako bat da hondakinena. Horren aurretik, ikastaroa aurkeztu du Fernando Mijangos Kimika doktore eta EHUko irakasleak.

Hasi eta berehala, hondakinen auzian «adituen falta» sumatu duela adierazi du Alduntzinek: «Iritzi mediatiko gehiegi dago gai honen inguruan, eta, aldiz, aditu gutxi». Haren ustez, hori kaltegarria da Gipuzkoarentzat; «zaildu» egiten du hondakinak kudeatzeko plan egoki bat ezartzea, politikariek beren interesen arabera antolatzen dutelako diskurtsoa, eta ez dutelako kontuan hartzen benetan zer den ona herritarrentzat.

Gaikako bilketa edo hondakinak erraustea. Atez ateko bilketa sistema edo errauste planta. Horiek dira, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko, mahai gainean dauden bi alternatibak. Bilduk gaikako bilketaren aldeko apustua egin du; errauste planta da aukerarik onena, berriz, EAJ, PSE-EE eta PPrentzat.

Errauste plantaren sistema «oso garestia» dela esan du Alduntzinek—ia 400 milioi euro inbertsioa eskatzen du planak——, eta adierazi du ez dela «batere malgua eta moldagarria», zabor kopuru «finko» bat erre behar duelako beti, eta ez delako moldatzen zabor bilketaren tasen emaitzen arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatzen duen gaikako bilketa, merkeagoa izateaz gain —180 milioi euroko inbertsioa eskatzen du—, «malgua» eta «moldagarria» da, Alduntzinen arabera. Izan ere, hondakinen biltze tasen arabera molda daiteke. Horrez gain, zehaztu du gaikako bilketak «deszentralizazioaren eta gertutasunaren aldeko apustua» egiten duela. Izan ere, gertutasunak «erraztu» egiten du herritarrak kontzientziatzea, lotura estuagoa ezartzen baitu herritarren eta hondakinen artean.

Diputazioak etorkizunera begira finkatu dituen helburuak ere aipatu ditu Alduntzinek: 2016rako, hondakinen %60 gaika biltzea aurreikusten du; 2020rako, berriz, %75. Gaur egun, batez beste, hondakinen %32 jasotzen dira gaika Gipuzkoan.

Errauste plantaren alde daudenek «zifrak puztu» egiten dituztela salatu du Alduntzinek. Datuak puzteko, kudeaketa publikotik at geratzen diren industriako hondakinak erabiltzen dituztela zehaztu du: «Kudeaketa pribatuko industriako hondakinak ere sartzen dituzte; hondakin asimilagarriak, baina kudeaketa publikotik kanpo geratzen direnak. Erabakiak hartzerako orduan, niri horrek ez dit balio; kudeatu behar dudanaren inguruko erabakiak hartu behar ditut». Hala, Alduntzinek nabarmendu du kudeaketa pribatuko hondakinak kenduz gero, kopuru osotik soilik %30 erreko litzatekeela errauste plantan: «Argi dago errauste planta ez dela bideragarria».

Diputaziora iritsi zenean aurkitu zuen egoeraz ere hitz egin du Alduntzinek. Azterketa egiten hasi zirenean, datuak kontrastatzea «ezinezkoa» egin zitzaien. «Ez zegoen datu egonkorrik, ez horiek neurtzeko modu bateraturik», adierazi du. Gainera, esan du erakunde bakoitzak datuak «nahi bezala» irakurtzen zituela aurreko legealdian.

«Oso gaizki egin dira gauzak»

Alduntzinek amaitu eta gero, hondakinak tratatzeko sistemez hitz egin du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko kide Imanol Azpirozek. Bi sistema nagusi bereiztu ditu: batetik, gaur egun erabiltzen den bilketa masiboa; bestetik, gaikako bilketa, atez ateko sisteman oinarritzen dena.

Azpirozen esanetan, «oso gaizki» egin dira gauzak orain arte. Izan ere, bilketa masiboaren ereduak «hondakinen nahasketa» bultzatzen du eta ez du zabor kopurua murriztearen alde «ezer» egiten. Bilketa masiboaren atzean interesak daudela salatu du: «Sistema hondakinak era masiboan biltzeko egina dago, interes handiak daudelako atzean. Egungo sistema kudeatzen duten enpresek horrela jarraitu nahi dute, ez dute hondakinak murrizteko asmorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.