Pastor
Darwin eta gu

Lamine eta Nico

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Galesko landa-eremuan kokatu zuen Enid Blyton idazle ingelesak Bostak ume-literaturaren serieko 17. nobela, Five Get into a Fix. Liburuan modu ilun samarrean ageri zaigu hango hizkuntza. Gaizkilea izan litekeen gizon indartsu baten ahotik irteten da galesa. Morgan-ek boz sendoa du, ia beldurgarria. Oihuka deitzen die bere zazpi txakurrei. Galesez. Esan liteke gizon hark ere zaunka egiten duela.

Txikitako testu haren bidez izan nuen, estreinakoz, galesaren berri. Xalo bezain maltzurra izan zen nire ustea, kolonizatzaile ingelesen ikuspegiak moldatuta: galestarrak hizkuntza arraro batez mintzatzen ziren, ia zaunkaka. Zakarrak ziren, basapiztiak. Haur hark gales hiztunei buruz zuen irudi negatiboak, aurreiritziz beteak, luze iraun zuen, inkontzienteki izan bazen ere. Handik ia hogei urtera bertara joan zenean ezabatu zitzaion.

Hizkuntza baten irudiak eta hari atxikitzen zaion balioak berebiziko garrantzia dute hiztun berriak erakarri eta erabilera sustatzeko. Erreferenteak nahitaezkoak ditugu, batez ere hizkuntza minorizatuen arloan. Ingelesa, espainola eta frantsesa guztiz normalizatuak daude. Ez dira soilik txakurrei oihu egiteko erabiltzen. Haien lurraldeetan bizi diren pertsona guztiek ikasi behar dituzte aurrera egiteko. Ezinbestekoa da. Erdarak ez du babes kanpainarik behar Espainian edo Frantzian. Euskarak, berriz, bai. Hiztun berriak eta aktiboak lortu behar ditugu.

Nola hauspotu hizkuntza bere erabilera atzeraka doanean, ezagutza handitu den arren? Ez soilik Euskal Herrian. Generalitateak egindako ikerketaren emaitzen arabera, katalana ohiko hizkuntza bakartzat dutenen portzentajea %36,1etik %32,6ra jaitsi da bost urtean (2018-2023). Katalan hiztunen kopuruak gora egin du (117.000 gehiago dira), baina horrek ez du beherakada geldiarazi. Katalunian izan den «immigrazio handia» aipatu dute teknikariek hori azaltzeko. Hamaika urtean (2013-2024) ia bikoiztu egin da han bizi baina kanpoan jaio direnen portzentajea: %15etik %29ra igaro da.

Kalean Athleticen elastikoa saltzen ari den beltza kolonoa da; kamiseta ofiziala janzten duena, ostera, gure heroia

Zer egin herritar horiek, batez ere gazteek, hizkuntza ezagut eta erabil dezaten? Izan ere, funtsezkoa da ume eta nerabeak katalanera —hemen euskarara— hurbiltzea. Nola, baina? Ez da lan makala. Sare sozialek, aisialdiak eta zaletasunek bidea eman dezakete horretarako. Kanpaina instituzional bat baino askoz eraginkorragoa izan daiteke gazteentzat pertsonaia publikoak, haientzat erreferenteak direnak, euskaraz edo katalanez egiten ikustea.

Adibidez: ospe handiko kirolaria prentsaurreko batean normaltasun osoz katalanez edo euskaraz entzutea eta hedabideek haien mezua zabaltzea. Lehengoan kritikak izan ziren sare sozialetan horren harira. Lamine Yamal-i prentsaurreko batean katalanez galdetu zioten. Futbolariak mintzaira horretaz erantzun arren, TV3ek espainolez egindako adierazpenak besterik ez zuen zabaldu. Bartzelona futbol taldeko jokalaria erreferentzia izan liteke katalanera gerturatu ez diren gazteak, batez ere gurasoak kanpotarrak dituztenak, erakartzeko. Eta hara non TV3ek bakarrik gazteleraz azaldu, ikusle guztiek bikain ulertzeko edo.

Gurean, zoritxarrez, oraindik ez dugu ezaugarri horiek dituen jokalaririk. Etorkizunean, Maroan izan liteke, baina bien bitartean... Aste honetan galdera bat irakurri dut foro batean. «Iñaki eta Nico Williams kolonoak dira?». Erantzunik ez, nahiz ekuazioa argia den, gure orain arteko logikari eusten badiogu bederen.

Irudikatu Bilboko San Frantzisko kaleko gazte bat, gurasoak afrikarrak dituena. Euskaraz dakien galdetu eta ezetz erantzun. Eta, gainera, barre egin du, horrek axola ez balio bezala. Kolonotzat joko genuke? Gure bihotzeko futbol taldeko jokalaria bada, ordea, bestela ikusten dugu kontua. Itsutu egiten gara. Kalean Athleticen elastikoa saltzen ari den beltza kolonoa da; kamiseta ofiziala janzten duena, ostera, gure heroia. Williams anaiak kolonoak? Bai zera! Odhiambo ahizpak kolonoak? Horixe! Gu arrazistak? Batez ere, klasistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.