Lan politika aktiboez gain, lan bitartekaritza, lan ikuskaritza, lanbide heziketa, lanerako prestakuntza eta Itsasoko Gizarte Institutua kudeatuko ditu Jaurlaritzak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera. Era berean, eta jeltzaleek nahi bezala, enpresarien kotizazioen hobariak ere Jaurlaritzaren esku geratuko dira. Eskumen horiek finantzatzeko bidea Kontzertu Ekonomikoa izango da, eta 472 milioi euroko balioa izango du. Alonsoren arabera, «erabat konstituzionala» da akordioa eta Gizarte Segurantzaren kutxa errespetatzen du.
Iñigo Urkullurentzat, berriz,«historikoa» da akordioa, EAJk1988. urtetik gaurdaino egin duen aldarrikapena «bete-betean asetzen» duelako. «Euskadiren egoera ekonomikoa hobetzen eta langabezia pairatzen lagunduko duten tresna publikoez hornituko da Euskadi», adierazi du.
Alonsok ere txalotu du akordioa. Haren ustez, akordioa aurrekontuen negoziazioen testuinguruan egin izanak asko lagunduko du aurrekontuen onarpena.
Lehen urratsa, jeltzaleentzat
Hitzarmena egin aurretik, Jose Antonio Pastor PSE-EEren eleduna prest azaldu zen, iaz bezala, EAJrekin eta Hamaikabatekin akordioa egiteko EAEko instituzioetako aurrekontuak babesteko. Era berean, EAJ «Espainiaren gobernagarritasunaren eta Gernikako Estatutua garatzearen alde» agertu izana nabarmendu du. «Oposizioko lehen taldeak Espainiako Gobernuarekin akordioa egin izanak agerian uzten du herri honentzat ona dela EAJk urte askoz oposizioan jarraitzea», esan zuen.
Jeltzaleek, baina, ez dute horren argi ikusten Espainiako aurrekontuen babesa. Belen Greavesek EAJren EBBko idazkariak sozialistei ohartarazi die Espainiako Gobernuaren aurrekontuak negoziatzen hasteko «lehen urratsa» baino ez dela lan politiken transferentzia.
PSOE eta EAJren arteko hitzarmena kritikatu du PPk. Javier de Andres Arabako PPren idazkari nagusiak ziurtzat eman du Espainiako aurrekontuetan eta foru aldundietan bat egingo dutela bi alderdi horiek. De Andresen arabera, sozialisten babesa izango du EAJk diputazioetan «nahi duena egiteko».
Transferentziak
Lan politika aktiboak. Enpresarien kotizazioen hobariak barne.Lan bitartekaritza. Lehengo INEM Enplegurako Institutu Nazionalaren kudeaketa.
Lanbide heziketa. Okupazionala zein etengabea.
Itsasoko Gizarte Institutua.
Lan ikuskaritza.
Soldatak bermatzeko fondoko funtzio exekutiboa.
Lan politika aktiboak ez ezik, politika pasiboak ere egon dira mahai gainean; Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza jeltzaleen eskaeraren aurka azaldu dira.
Eskumen bat baino gehiago
Edurne Begiristain.Lan politika aktiboak eskualdatzeko negoziazioetan, Hego Euskal Herriko langileek prestakuntzarako ordaintzen dituzten kuotak nork kudeatuko dituen dago jokoan. Eta horixe izan da, hain justu, EAJk Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin izan duen desadostasun nagusiena. Lan aktiboen eskualdatzea finantzatzeko bidea Kontzertu Ekonomikoa izango dela hitzartu zuten iaz Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Irizpide hori hartuta, Espainiako Lan Zerbitzuek ia 7.500 milioiko aurrekontua dute zeregin horiek finantzatzeko. EAEri dagokion partea %6,24 izango litzateke, hau da, 472 milioi euro inguru. Kopuru hori eskatu du EAJk negoziazioetan.
Haatik, Espainiako Gobernuak adierazi du kontratazioa eta prestakuntzarako kuotak Gizarte Segurantzaren parte direla, eta ez du kutxa hori zatitu nahi. Eta Lopezen gobernuak tesi horrekin bat egin du. Hala, politika aktiboak finantzatzeko Espainian ematen den diruaren %6,24 kupoaren bidez kobratuko luke, kotizazio horiei dagokiena alde batera utzita. Beraz, 7.500 milioi euroko kopuruari 2.800 milioi kentzearen alde dago Jaurlaritza. Eta hor egon da polemikaren funtsa, EAJk eskatu duelako prestakuntzaren hobariak eskumenaren parte izatea. Horiek sartu gabe 175 milioi euro gutxiago jasoko lituzke Jaurlaritzak, EAJren arabera. Desadostasuna, beraz, eskumenaren kopurua zehaztean egon da. Azkenean, jeltzaleekin bat egin du PSOEk, eta onartu du hobariak eskuduntzan sartzeak ez duela Gizarte Segurantzaren kutxa apurtzen. Estatutuak ezartzen duena betetzeko aldarrikatzen aritu da EAJ, itun horrek Euskal Autonomia Erkidegoari ematen diolako Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko ardura, eta, beraz, kuota horiek jaso gabe eskumena osorik bete gabe legokeelako.
Lan eskumenen borroka aspaldikoa da. Estatutuaren arabera, politika aktiboen eskumen osoa dagokio EAEri, baina baita pasiboen kudeaketa ere. Lan politika aktiboak laguntzen dio lan bila dabilenari lanpostu bat eskuratzen, hau da, hezkuntzarekin zerikusia dutenak: bitartekaritza, orientabidea, prestakuntza eta lan sorreraren programak eta neurriak. Politika pasiboak, berriz, langabezia prestazioak dira. Espainiako gobernu guztiek, haatik, ez dute bigarren parte hori inoiz onartu. Arazoa gehiago korapilatu da politika aktiboen eskumena erkidego guztiei eskualdatu zitzaienetik. Soilik EAE falta da, eta egoera konpontzeko negoziazioei heldu zieten duela zenbait urte.
Salbuespena
Urteetan, Estatutuak jasotakoa goitik behera eskualdatzeko aldarrikatzen zuen Jaurlaritzak, eta prest zegoen politika aktiboak onartzeko, betiere hurrengo egunean gobernua pasiboei buruz negoziatzen hasten bazen. Ordea, azken urteetan langabezia prestazioen transferentziari -politika aktiboei- uko egin eta soilik politika aktiboak egon dira negoziazio mahaian. Patxi Lopezen lehentasuna ez da politika aktiboak eskuratzea, eta EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketetan ere politika pasiboak alde batera utzi dituzte.