Mondragon Unibertsitateak errektore berria izango du 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera: Lander Beloki Mendizabal (Zaldibia, Gipuzkoa, 1971). Belokik ondo ezagutzen du unibertsitatea, 1999tik ari baita bertan lanean: aurrena ekonomia irakasle eta ikertzaile izan zen; 2005az geroztik, fakultateko dekanoa. Mondragon Unibertsitateko zuzendaritza taldeko kidea ere bada.
Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak gaur hartu du erabakia. Vicente Atxak, gaur egungo errektoreak, erretiroa hartuko du. Hamabi urte egin ditu karguan, hiru agintaldi. Xabier Egibar Mondragon Unibertsitateko presidenteak, kontseiluaren izenean, nabarmendu du Atxak lagundu egin duela Mondragon Unibertsitateak gizartean duen eragina sendotzen eta unibertsitatearen hazkundean eta nazioartekotzean.
Beloki Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Mikroekonomia eta industria antolaketaren inguruko doktore tesia egin zuen. Euskarez, gaztelaniaz eta ingelesez daki. Unibertsitatearen, enpresen eta kooperatibismoaren inguruko «ezagutza zabala» du, unibertsitatearen kudeaketan aritu baita, eta zenbat kooperatibatako zuzendaritzetako kide ere izan baita. «Esperientzia horiek aukera eman diote unibertsitatearen, enpresaren eta kooperatiba ereduaren harremanaren ikuspegi integrala garatzeko», uste du Mondragon Unibertsitateak, «baita horiek garapen ekonomiko eta sozialean duten ekarpena ulertzeko ere».