Klima aldaketa. Euskal Herriko egoera. Alexander Boto. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendaria

«Lanean ari gara Euskadi erreferente bat izan dadin munduan»

inaki petxarroman
2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Parisen dago Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat ere. Horren barruan dago Alexander Boto (Durango, 1966) Ingurumen Plangintzako zuzendaria. Idatziz erantzun ditu BERRIAren galderak.

Nola parte hartuko du Jaurlaritzak Parisko goi bileran, eta zer espero du hitzordu horretatik?

Parisko bilera erabakigarria da, klima aldaketaren ondorioetarako prest egongo den eta CO2 gutxiago isuriko duen planeta bat lortzeko bidean. Kyotoko Protokoloaren lehenengo aroa bukatuta, eta Kopenhageko goi bileraren ondoren, 2015a akordio orokor bat lortzeko urtea da, planetako tenperatura industriaurreko arotik bi gradu baino gehiago ez igotzeko helburuarekin, zientzialariek horixe gomendatzen baitute.

Parisen, Ana Oregi sailburuak parte hartuko du helburu horrekin konprometituta dauden herrialde eta eskualdeen foroetan, besteak beste, Quebec, Hego Australia, Baden Wurttemberg, Rhone Alpeak, Gales, Karintia eta Kaliforniarekin batera; hau da, klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko eta haren ondorioak arintzeko nazioarteko ekinbideen eta jardueren buru diren hainbat elkartetan antolatuta dauden herrialdeekin.

Zer neurri ezarriko ditu Jaurlaritzak berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko?

Jaurlaritza Klima Aldaketarako Estrategia (Klima 2050) garatzen ari da. Estrategia horretan, hainbat jarduera ildo eta tresna jasotzen dira, ingurumen egoera berriaren ondorioak arintzeko, haietara egokitzeko, eta, berotegi efektuko gasen isurketa txikian oinarritutako ekonomia berri bat garatuz, lehiakortasuna handitzeko. Planaren xedea da 2030erako isurketak % 40 gutxitzea eta 2050erako %80, 2005arekin alderatuz.

Nola?

Jarduerak Europako Batasunaren helburuekin bat datoz, baina Euskadik tresna propio bat behar du bere gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetako errealitate zehatzak kontuan hartuko dituena. Funtsezko bi ardatz izango ditu; arintzea eta egokitzea, lurraldeak etorkizuneko erronkei aurre egin ahalko diela ziurtatzeko. Klima aldaketaren ingurumen erronka ikuspegi oso batetik planteatzen da, klima aldaketaren aldagaia politika sektorial guztiek osatzen dutela abiapuntutzat hartuta.

Karbono ekonomia batetik energia berriztagarri eta garbien ekonomia batera igarotzeko zer egiteko asmoa duzue?

Klima aldaketa erronka globala da, eta Euskadik bere gain hartuko du dagokion erantzukizun kuota, konpromiso sendo eta eraginkor baten bitartez. Klima Aldaketaren Aurkako 2050erako Euskal Estrategiak gizartearen eskaera bati erantzuten dio. Biztanleen %72k ezinbestekotzat jotzen dute ingurumena babestea eta kutsadurari aurre egitea. Estrategiak adierazten du Euskadik karbono gutxiko eta klimaren eraginetara egokitutako ekonomia izango duela, ezagutzan oinarritutako klima aldaketaren arloko politika bat finkatzetik eratorria; horrek ahalbidetuko du berrikuntzak eta garapen teknologikoak eskaintzen dituzten aukerak baliatzea.

Etengabeko hazkunde batekin energia trantsizioa egitea posible da, zure ustez?

Gure apustua karbono gutxiko energia eredu baten aldekoa da, eta, hori lortzeko, eraginkortasun energetikoa hobetu eta eskaera ondo kudeatu behar da. Energia berriztagarriak bultzatzen ditugu hiri ingurunean, zero isurketako eraikuntza lortzeko helburuarekin. Horrez gain, isurketarik gabeko garraioa sustatzen dugu, intermodalitatea eta isurketa txikiko garraiobideak bultzatuz. Hazkunde ekonomiko iraunkorra ere posible da lurraldearen, ingurune naturalaren eta lehen sektorearen eraginkortasuna eta erresilientzia handitzen badira, eta, horrez gain, hiri hondakin gutxiago sortzen badira eta tratamendurik gabe zero isurketa lortzen bada.

Euskal administrazio publiko arduratsua, eredugarria eta klima aldaketaren arloan erreferentziazkoa garatu, Euskadi nazioartean klima aldaketaren arloan nabarmen dadin.

Fracking-a ikertuz eta kostaldean hidrokarburoak bilatuz posible da isurketak erregai fosilen menpekotasunetik alde egitea?

Energia arloko barne kontsumo gordinaren % 38 gas naturala inportatuz eta prozesatuz lortzen da. Proiekturik aurkezten bada, teknika horren ingurumen ondorioak sakon aztertu beharko dira, indarrean dagoen legedia eta zuhurtzia printzipioa aplikatuz.

Zabalgarbiko erraustegiak CO2 kopuru handiak isurtzen ditu, eta Gipuzkoak bide horretatik jarraitu nahi du. Jaurlaritzaren ustez, hori zuzena da?

Hondakinek eragin txikia daukate, % 5 bakarrik, eta, haiek murrizteko neurriak ezartzen ditugun heinean, baita berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurriak ere, are txikiagoak izango dira. Isurketak biogenikoak direnez eta karbono zikloaren parte direnez, IPCCren arabera, berotegi efektua ez dutela areagotzen irizten da, hau da, «zero» isurtzen dela.

Hondakinak erretzeko gas naturalak sortzen dituen isurketak kontuan hartu behar dira, baina isurketa horiek elektrizitatea sortzeko dira. Beraz, energia berriztagarrietarako erabateko trantsizioa bideragarria izan arte, elektrizitatea ekoizteko, iturri kutsagarriago batzuen ordez —adibidez, ikatza—, gas naturala noiz arte erabili behar dugun eztabaidatu beharko genuke. Hondakinen kudeaketa, beraz, eremu konplexua da, eta hainbat ikuspegitatik aztertu behar da, klima aldaketatik haratago.

Aztik ohartarazi du itsasoaren maila igotzeak euskal kostaldeko eremu bizigarrien ehuneko 30i eragingo diola. Zer plan du Jaurlaritzak horri aurre egiteko?

Mendea bukatzerako, itsasoaren maila 30 zentimetro eta metro bat artean igoko da. Garbi dago denboraleetarako hartzen ari garen neurriez gain —adibidez, portuak indartzea—, epe luzeagorako neurriak diseinatu behar direla, gure kostaldeen erresilientzia hobetzeko. Eusko Jaurlaritza, eta bereziki sail hau, itsas azpiegitura guztietan aurreikuspen hori aintzat hartuta lan egiten ari da; harri lubetak egiteko material birziklatuak erabilita, harri naturalen ordez labeko zepak, ingeniaritzako diseinu modernoak eta teknologia berriak.

Nolanahi ere, gure eskumenen esparruan, kostaldean, paduretan eta estuarioetan ingurune naturala leheneratzeko ekintzak egiten ari gara, eta, horiei esker, kostalde sistemak itsasoaren maila igotzeari erantzutea erraztuko da. Bestalde, arriskuan dauden kostaldeko eremuak identifikatuko ditugu, eremu horiek ondo kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.