Lankidetzarako aurrekontua murriztuta legea urratzea egotzi diote GKEek Jaurlaritzari

EAEko erakunde nagusiek aurrekontuen %0,35 erabili dute aurten lankidetzarako, eta Jaurlaritzak, %0,31: iaz baino 2,5 milioi euro gutxiago. Munduaren egoerari erreparatuta, GKEek adierazi dute euren lana «inoiz baino beharrezkoagoa» dela.

Gonzalez, Piera eta Odriozola, gaur, Bilbon egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gonzalez, Piera eta Odriozola, gaur, Bilbon egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko martxoaren 24a
15:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egoera politiko eta sozial konplexuan da mundua: oinarrizko askatasunak murrizten ari dira, gerraren aldeko diskurtsoak indartzen ari dira eta nazioarteko lankidetzaren sektorea desegiten ari dira hainbat herritan. Abagune horretan, beren egitekoa aldarrikatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakundeek: «Gure lana inoiz baino beharrezkoagoa da, eta hori egiten jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da konpromiso politikoa eta aurrekontu nahikoa edukitzea». Eusko Jaurlaritzak, ordea, murriztu egin dizkie baliabide ekonomikoak: «Iaz baino 2,5 milioi euro gutxiago emango dizkio aurten lankidetzari, eta horrek dakar lankidetzarako legea urratzea».

Kezkatuta mintzatu dira gaur Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko ordezkariak, Bilbon egindako agerraldian. Hain zuzen, bi urte bete berri dira Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSE-EEk Lankidetzarako Euskal Legea berritu zutenetik, eta horren bilakaera aztertu dute Susana Piera, Iñigo Odriozola eta Sonia Gonzalez bozeramaileek. Aitortu dute arauak «itxaropena» eragin ziela hasieran, baina balorazioa ezkorra dela orain. Funtsean, «utzikeriaz» jardutea egotzi diote Jaurlaritzari, eta legea ez garatzea. «Diskurtso gerrazaleen eta lankidetzaren desegitearen aurrean, Jaurlaritzak erabaki du ez lerratzea», adierazi du Gonzalezek.

«Jaurlaritzak 2,5 milioi euroko murrizketa ezarri du, nahiz eta legeak lankidetzarako aurrekontua handitzera behartzen duen, gutxienez aurrekontu orokorraren proportzio berean»

SUSANA PIERA Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko bozeramailea

Are, Imanol Pradalesen gobernuari leporatu diote duela bi urte eskas onartutako legearen aurkako norabidean aritzea. «Eusko Jaurlaritza da lankidetzara ehuneko txikiena bideratzen duen erakundea: %0,31. 2,5 milioi euroko murrizketa ezarri du, nahiz eta legeak lankidetzarako aurrekontua handitzera behartzen duen, gutxienez aurrekontu orokorraren proportzio berean —%4 aurten—. Beraz, diferentzia erreala 7,5 milioi eurotik gorakoa da», azaldu du Pierak. Hala, legea ez ezik, gobernu akordioa eta lankidetzarako bi urteko plana ere haustea egotzi dio.

Berez, legeak dio aurrekontuaren %0,7 bideratu behar dela lankidetzara, baina euskal erakundeak urrun daude helburu horretatik, koordinakundearen datuen arabera. Jaurlaritzaren, hiru aldundien eta hiru hiriburuetako udalen ekarpenak aztertuta, ondorioztatu dute %0,35 baino ez dutela jartzen lankidetzarako batez beste. «Azken hamarkadako ehunekorik txikiena da: duela sei urte %40 bideratzen zuten».

%0,66

Gasteizko Udalaren aurrekontua. EAEko erakunde nagusien artean, Gasteizko Udalak jartzen du aurrekontuaren ehunekorik handiena lankidetzarako: %0,66. Are, %0,7ko langa gainditu izan duen bakarra da: %0,93ko ekarpena egin zuen 2016an, eta %0,70ekoa 2022an. Donostiako Udalak %0,57 eman dio lankidetzari, eta Bilbokoak, %0,50.

Bada aldea instituzioen artean, halere, Pierak zehaztu duenez: «Udalek egin dituzte ekarpenik handienak: hiriburuetakoek %0,50 gainditu dute. Gehiengo absolutua duten gobernuek, aldiz, ekarpena murriztu dute edo gutxi igo dute; halakorik ez denean, irekiago daude negoziatzera». Ildo horretan, Elkarrekin Arabaren eta Elkarrekin Gipuzkoaren ekimenez bi diputaziootan lortutako akordioak txalotu ditu: hurrenez hurren, %0,38ra eta %0,40ra emendatu dituzte aurrekontuak. Igoera horiei esker lortu dute hainbat GKEek kontuak «orekatzea».

Euskal Herriko mugetatik kanpo ere diru gutxiago jasotzen ari da lankidetza; eta leku batzuetan «desegiten» ari dira. AEB Ameriketako Estatu Batuetako USAID agentziaren itxiera gogora ekarri du Sonia Gonzalezek: «AEBetako nazioarteko laguntzaren %90 baino gehiago kentzea ekarri du. Ondorioak suntsitzaileak izan dira: GIB klinikak ixtea Hegoafrikan, medikuntza programak etetea Afganistanen... The Lancet aldizkariaren arabera, 2030. urtera bitarte eragotz daitezkeen 9,4 milioi heriotza eragin ditzakete murrizketa horiek».

Espazio zibikoaren itxieraz

Aurrekontuaren jaitsiera orokortu hori bereziki kezkagarritzat jo dute, gainera, nazioarteko egoera «konplexua» kontuan hartuta. «Espazio zibikoaren itxieraz» mintzatu da Gonzalez: «Oinarrizko askatasunak murrizten ari dira, eta eskubide zibilen urraketa gero eta normalizatuagoa dago. Euskadiko GKEek gehien lan egiten dugun hamahiru herrialdeetatik 11n itxita edo murriztuta dago espazio zibikoa: atxiloketa arbitrarioak, protesten aurkako errepresioa, ekintzaileen kriminalizazioa... eta nazioarteko lankidetza mugatzea».

Egoera horretan daude Guatemala, El Salvador, Peru, Mexiko, Kolonbia, Honduras, Kuba, Palestina, Senegal, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Mali. Eskubide urraketa horien ondorioz, GKEen lana zailtzen ari dela esan du Iñigo Odriozolak: «Nikaraguatik bota egin gaituzte, hankaz gora geratu dira han genituen bazkideak eta proiektuak. Dena den, baliabide gutxiagorekin bada ere, gure lehentasuna da herri guztietan gelditzea, eta hausnartzen ari gara zer estrategia baliatu horretarako».

Izan ere, lankidetzako egitasmoak «euste horma bat» dira giza eskubideak murriztu nahi dituzten mugimenduen aurka. «Euskal GKEak hortxe gaude larrialdi humanitarioetan eta gatazka armatuetan, lekualdatutako pertsonen eta biktimen alboan, haien bizi baldintzak hobetzen saiatzen», nabarmendu du Gonzalezek. Odriozolak erantsi du sektorea errotuta dagoela: «Profesionalizatuta egon arren, sustrai sozial sakonak ditu: 117.000 lagunetik gorako oinarri soziala dugu».

909

Lankidetza proiektuak. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea osatzen duten 83 elkarteek 909 lankidetza proiektu dauzkate 69 herrialdetan. Horien bidez, mundu osoko 5,7 milioi pertsonarengana iristen dira; kopuru hori handiagoa izan zitekeen Palestinara laguntza humanitarioa normaltasunez iritsiko balitz: ia sei milioi pertsonarengana hel zitezkeen.

Hori dela eta, GKEen eredua eta lana ezinbestekotzat jo dituzte: «Olatu autoritario eta gerrazale honen aurka, Euskadi solidario bat defendatzen dugu: nazioarteko elkartasunaren arloan erreferente izan da, bada, eta izan behar du». Eta, erreferentzialtasun hori mantentze aldera, eskaera egin diete alderdi politikoei eta erakunde publikoei: «Konpromiso argiak behar ditugu, eta nazioarteko lankidetzaren aldeko apustu sendoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!