Lantokietako homofobiaren aurka protokoloa osatu du LABek

LGTBI kolektiboko hamar kidetik zazpik jazarpena jasan dute lanean.Arartekoak gazte transexualen aurkako fobiaz ohartarazi du

Urtzi Ostolozaga eta Ibon Zubiela, protokoloaren aurkezpenean. M. R. / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Diskriminazio eta jazarpen homofoboaren aurkako protokoloa prestatu du LAB sindikatuak, lantokietarako. Jarraibide horien helburua langileen artean sentsibilizazio lana egitea eta jazarpen eta bazterketa egoerak saihestea dela azaldu du Urtzi Ostolozaga sindikatuko kideak. Protokoloa enpresetara eroango dute, enpresaburuekin akordioa lortu eta indarrean sartzeko.

Sindikatuko Lan Osasun zuzendari Ibon Zubielaren arabera, LGTBI kolektiboko hamar lagunetik zazpik bazterkeria edo jazarpena sufritu dute lanean. «Kasurik gehienetan egoera hau ez da salatzen. Lan munduan, kolektibo honetako pertsonek zailtasun handiak dituzte askatasunez beren aukera sexuala adierazteko. Alde batetik, lankideen aldetik jaso dezakeen bazterketagatik; bestetik, enplegua bera galtzeko beldurragatik».

Protokoloak homofobiari aurre egiteko neurri batzuk proposatzen ditu; besteak beste, langileen eta arduradunen prestakuntza. Balizko jazarpen edo bazterketa kasuetan nola jokatuko den ere zehazten du: batzorde batek ikertuko lituzke; ikerketa zelan egingo den finkatzen du, baita ezarriko diren zigorrak ere. Zigorrok, gainera, lan itunean jaso beharko ditu enpresak. Eraso homofoboak osasun galera ekarriko balu lan istripu gisa hartuko dela dio protokoloak.

Bihar izango den Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan egin du aurkezpena LAB sindikatuak. Hain zuzen ere, maiatzak 17 zituela kendu zuen OME Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea eritasunen zerrendatik. Ostolozagak salatu duenez, transexualitatea oraindik kentzeko dauka. Eta horri erreparatu nahi izan dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoak biharko egunari begira argitaratu duen manifestuan.

«Adingabe batzuek nozitzen duten transfobiaren kontra» kontzientzia sortzearen beharraz ohartarazi du. Gazte transexualen portaerak edo identitateak gizartean nagusitzen diren genero arauetatik bereizten eta aldentzen direla salatu du. «Sarriegi, arrazoi horregatik aurre egin behar izaten diete beren hezkuntza eta gizarte inguruetako ulermen faltari eta etsaitasunari. Haien familiek sentikortasuna eta laguntza eskatzen dituzte, neska-mutil horiek bizitza osoa eta zoriontsua izan dezaten bermatzeko».

Heziketa eta salaketa

Bizkaiko Foru Aldundiak ere homofobiaren aurkako kanpaina aurkeztu du. Aurreko urteetan kirol mundua, hezkuntza eta komunikabideak izan ditu jomuga. Aurten, landa inguruan ipini dute arreta. Lehen sektorera bideratutako kanpaina bat diseinatu dute. «Landa giroko herrietan bizi diren pertsonen, lehen sektorean dihardutenen eta LGTBI kolektiboko kideen gainean ezarritako estereotipoak hautsi nahi ditugu», iragarri du Gizarte Ekintza Sailak, ohar bidez. Hedabideetan ez ezik, Bizkaian maiatz osoan egiten ari diren nekazaritza eta arrantza azoketan ere zabalduko dute homofobiaren aurkako publizitate kanpaina.

E28 Koordinakundeak, berriz, salaketarako aprobetxatu du maiatzaren 17a. Azken hilotan erasoek gora egin dutela ohartarazi, eta biharko elkarretaratzeetan parte hartzeko eskatu du. Bilbon, Ernesto Erkoreka plazan egingo da; Donostian, Bulebarrean. Biak 13:00etan hasiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.