G7koek goi bilera Miarritzen (Lapurdi) antolatu zuten joan den agorrilean. Lapurdi kostaldeko lantoki eta denda askotan beldurra eragin zuen, udako sasoi bete-betean, turista gutxiago izango zela aurreikusten baitzuten. Frantziako Gobernuak, hainbat komunikazio operazioren bidez, dendetako nagusi eta langileak lasaitu nahi izan zituen, eta kalte-ordainak izango zirela hitzeman zuen.
Gaur, Frantziako Ekonomia Ministerioak jakinarazi du 412 enpresak kalte-ordainak jasoko zituztela «eragindako trabagatik»; orotara, 1.161.000 euro. Lapurdiko 584 enpresak egin zuten galdea; hortaz,%70ek lortuko dute diru zama bat, azaro hastapenetik goiti.
Frantziako Ministerioak adierazi du 412 enpresa horiek gehienak «tamaina txikia» dutela —urteko irabazia 500.000 europetik—. Kalte-ordainak galdegin zituzten enpresa gehienak Miarritzen kokatzen dira (%59), Baionan ia laurden bat (%22,5), eta gainerakoak Angelun, Hendaian, Bidarten eta Urruñan, denak ere Lapurdi kostaldean.
Enpresa horiek urrian egin behar izan zuten kalte-ordainak jasotzeko eskaria, eta honako hau frogatu behar zuten: 2017. eta 2018. urteetako agorrilean egindako irabaziekiko, hain zuzen, galera bat izan zutela aurten. Eremu definitu bateko enpresek soilik egin zezaketen galdea.