Asteartean Bordelen egindako bilkuraren ondorioz, Akitaniako prefetak jakinarazi zuen Lapurdiko AHT atala «izoztuta» gelditu dela irailera arte. AHTaren aurka azaldu diren Lapurdiko Herri Elkargoek ikerketa independente bat eskatu dute, eta orduan ukanen dituzte emaitzak. RFFren eta hautetsien inkestaren emaitzak erkatu ahal izateko, irailera arte zundaketak bertan behera uztea deliberatu dute. Hautetsiez eta Akitaniako prefetaz gain, RFFko teknikariak eta Marie-Line Meaux Frantziako gobernuak AHTaren Lapurdiko atalean «bitartekari» izendatu zuena izan ziren bilkuran, hiru oren eta erdi pasa.
«Garaipenik ez da lortu, baina urrats bat egin dugu», adierazi zuen Alain Iriart Hiriburuko auzapezak. Ibilbidea zehazteko lanak geldituko dira eta anartean hautetsiek eskatutako inkestaren emaitzak ukanen dituzte. Emaitza horien argira bide berrien beharrik ez dagoela frogatuko dela dio Iriartek.
AHT xedea ez dagoela izoztuta nabarmendu zuen atzo CADEk. Zundaketak eta ibilbide zehatzagoa egiteko ikerketak bertan behera gelditu arren «egiazki izozturik dagoena balizko ibilbidearen lurraren erabilpena» dela azaldu zuen Victor Pachonek. Izan ere, lur horietan ezin da eraiki. Herri elkargoek horren kontrako salaketa ezarri zuten, baina oraindik ez dago ebazpenik.
RFFk aurkeztu dituen garraio kopuruak artifizialki puzturik daudela berretsi zuen Pachonek, RFFren barne agiri batean agertzen diren datuak erakutsiz. 2013an Baiona eta Hendaia artean ibiliko diren salgai trenak 50 izanen direla dio RFFk, baina gaur ez dira 20ra heltzen. 2006ko eztabaida publikoan, RFFk erran zuen hurbileko trenak 50 izanen zirela 2020an, eta azalpenik gabe, 80ra emendatu du kopurua. Orotara ibiliko diren trenen kopurua, ordea, 196ra apaldu du; 2006ko emaitzei erkatuz 86 tren gutxiago, alegia. 2000. urtean Becker txostenak 2010erako iragartzen zuen saturazioa 2006ko eztabaida publikoan 2020rako iragarri zuen RFFk, eta atzoko bilkuran onartu zuen horrelako arriskurik ez dagoela 2035. urtea baino lehen.
Finantzaketari dagokionez, Vince etxeak 50 urtez ustiatuko luke AHT xedea, nahiz eta eraikuntzako aurrekontuan %10 baino ez ezarri. %19 mailegu bidez ezarriko luke, eta %79 estatuaren eta tokiko erakundeen bizkar geldituko litzateke.
'Mariton txostena'
Herve Mariton Frantziako diputatuak tren garraioari buruzko txosten bat aurkeztu zion maiatzaren 18an parlamentuko diru kontuen batzordeari. Azpimarratzen du tren alorrean egin nahi diren lanak burutzeko gastua izugarria izanen dela, garraiorako azpiegituren sailaren urteko aurrekontu osoa 130 urtez. AHTa egin ahal izateko oraingo bideen hobekuntza bazterrera utzi dela nabarmendu du Maritonek. Bide berriek defizita eraginen dutela dio, eta gaurko bideak erabiltzea hobesten du, eraikitzeak baztertuz.
«AHT xedeak ahulezia handia dauka, eta bi mailetako trenetan eragitea du arrisku, batetik gero eta hobeak diren tren lasterretan eta bertze alde batetik gero eta arazo gehiago pairatuko eguneroko trenetan». Herve Maritonek CADEren ikerketa eta lanen berri ukan du, eta asteartean Parisen bilkura egitea proposatu dio.
Lapurdiko AHTaren atala irailera arte «izoztu» dute, txostenak erkatzeko
Garaipena ez bada ere erabakia urrats bat dela adierazi du Alain Iriartek, Hiriburuko auzapezak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu