Lapurdiko zenbait hondartzatan bainatzea debekaturik, karabela portugesaren ondorioz

Karabela portugesak ezin du igeri egin: ur korronte beroen bidez mugitzen da. Gizakiak ukituz gero, erredurak, larruazaleko erreakzioak eta urtikaria eragin ditzake. Iragan astean, Lapurdiko hainbat hondartza hetsi behar izan zituzten.

Bainatzea debekatu zuten egun bat, Miarritzeko hondartzan. Baliteke karabela portugesarengatik berriz debekua ezarri behar izatea noizbait. GUILLAUME FAUVEAU
Bainatzea debekatu zuten egun bat, Miarritzeko hondartzan. Baliteke karabela portugesarengatik berriz debekua ezarri behar izatea noizbait. GUILLAUME FAUVEAU
2025eko abuztuaren 1a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten, udako oporretan Lapurdiko kostaldera etorritako jendeak ez du loriatzekorik. Eguraldi aldakorrak, naski, planak nahasi dizkio bati baino gehiagori. Baina aroak ez, baizik eta itsasbazterreko biodibertsitateak ditu berriki bainulariak trabatzen. Sasoi hastapenean, ostreopsis mikroalgak zituen bainulariak eritu. Azken asteetan, baina, beste bizidun bat agertu da Lapurdiko kostaldeko hondartzetan: karabela portugesa. Eta ikusirik zer arrisku diren, karabela portugesaren presentzia handia baldin bada baliteke zenbait hondartzatako uretan bainatzeko debekua ezartzea. Halaxe gertatu da aste honetan Angelun, Bidarten, Hendaian eta Miarritzen (Lapurdi): hondartzak behin baino gehiagotan hetsi dituzte.

Ur beroko korronteen arabera mugitzen den animalia bat da, medusaren antzeko itxura duena; ezin da igerika ari. Gizakiren bat ukituz gero, karabela portugesak kalte larriagoak sortzen ahal ditu ostreopsis algak baino: larruazaleko erreakzioez eta urtikariaz gain, erredurak eragin ditzake. Kasurik larrienetan, minez itotzeko lanjera ere izaten da. Uztailaren 28an, adibidez, suhiltzaileek 19 urteko gazte bat Miarritzeko hondartzatik atera behar izan zuten, karabela portuges batek arinki zauritu baitzuen.

Euskal Hirigune Elkargoak zenbait gomendio eman ditu Kalilo aplikazioaren bitartez, jendeak jakin dezan zer egin karabela portugesen batekin kontaktuan egonez gero. Ziztada bat izanez gero, zauria itsasoko urarekin garbitu behar da, eta garrantzitsua da zauria zuzenean ez hunkitzea. Ondotik, animaliaren garroak kendu behar dira, urarekin edo, ahalaz, bizarra egiteko hagunarekin. Hala ere, ziztada biziegia bada edo sintoma kezkagarriren bat agertzen bada, medikuarengana joan behar da, elkargoak azpimarratu duenez.

Ezagutza eskasa

Karabela portugesaren presentzia zenbatekoa den jakitea eta haren kontra babestea «oso zaila» da, ur azalean mugitzen baita. Marc Kanpandegi Bidarteko Herriko Etxeko axuanta da, eta itsasbazterraz eta segurtasunaz arduratzen da. Haren hitzetan, karabela portugesa konplexuagoa da ostreopsis alga baino, hainbat arrazoirengatik. «Ostreopsis alga ur analisien bitartez ikertzen hasi ginen, eta, ondorioz, badakigu zer neurri hartu behar diren. Karabela portugesekin, baina, ur analisien egitea alferrik da: ur azalean mugitzen dira, eta, gainera, batzuk txikiak dira. Horrek erabat zailtzen du halakoen behatzea». Analizatzea zaila delakoan, behatzea begi hutsez baizik ez dute egiten ahal. Goiz guziz, begiraleak zain geratzen dira zer erabakiko, hondartzak ireki ala ez.

Bestalde, Kanpandegik argi utzi du klima larrialdiaren ondorioz agertu dela karabela portugesa. Aurretik erran bezala, ur berotan murgiltzen denez, uraren berotzeak erakarri du animalia hori Lapurdiko kostaldera. Bada, axuantak azaldu du arazo horri buru egiteko «arriskuaren eta ezagutzaren kultura garatzekoa» dela. Hau da, prebentzioari eta segurtasunari eutsi behar zaiela. «Ezagutza anitzik ez dugun kasuetan, ez zaie beste molde batez erantzuten ahal. Umilak eta pazientziatsuak izan behar dugu», adierazi du. 

«Ostreopsis alga ur analisien bitartez ikertzen hasi ginen, eta, ondorioz, badakigu zer neurri hartu behar diren. Karabela portugesekin, ur analisien egitea alferrik da: ur azalean mugitzen dira, eta, gainera, batzuk txikiak dira. Horrek erabat zailtzen du halakoen behatzea»

MARC KANPANDEGIBidarteko axuanta

Euskal Hirigune Elkargoak eta ARS eskualdeko osasun agentziak zehaztu dute ostreopsis alga ikertzen ari direla 2022tik geroz. Karabela portugesa dela eta, berriz, ikerketa zehatzik ez da abiatu oraindik, berriki samar agertua baita Lapurdiko kostaldean. Baina pentsa daiteke klima larrialdiaren eraginez karabela portugesa berriz agertuko dela ondoko urteetan Lapurdiko itsasbazterretan. Anartean, bainulariek osasunaz arduratzen diren instituzioen erranen zain gelditu beharko dute.

Bidarteko Herriko Etxeak, bestalde, segurtatu du beharrezko neurriak hartuko dituztela karabela portugesari buru egiteko. Kanpandegi axuantak oroitarazi du «zuhurtziaz» eta «irmo» jokatuko dutela. Beraz, gisa horretako animalia anitz atzemanez gero, baliteke hondartzak berriz ere hestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.