Patxi Ruiz euskal presoa egiten ari den gose eta egarri grebaren harira, pintaketak egin dituzte zenbait lagunek alderdi batzuen egoitzetan, besteak beste. Azkena Bilboko alde zaharreko herriko tabernan egin dute. «Sortu errudun» margotu dute.
Alderdi sozialistaren eta jeltzalearen egoitzetan pintaketak egiteaz gain, atzo Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren etxeko atarian ere jaurti zuten pintura, eta «hiltzaile» zioten orriak ere utzi zituzten. Podemosen egoitzan ere egin dituzte pintaketak.
AEMk atzo ohar bidez adierazi zuen «herri presioa» garrantzitsua dela Patxi Ruizen egoera mahai gainean jartzeko.
Batzokietan ere pintaketak
Bart gauean bertan, pintaketak egin dituzte Abadiñoko eta Durangoko batzokietan, EAJko Bizkai Buru Batzarrak salatu duenez. Patxi Ruiz borrokan, Amnistia, Patxi duintasun eredu zara eta Amnistia osoa mezuak idatzi dituzte horietan, eta BBBk alderdi politikoei dei egin die «jarduera totalitarioak irmoki» gaitzestera.
Azken egunetan, guztira hamahiru batzokitan egin dituzte pintaketak. «Zenbakiek eta alderdi politikoen kontra eginiko erasoek agerian uzten dute halako jarduera mafioso eta totalitarioak ugaritu direla, eta, gainera, gauez egin dira gaur egungo alarma egoerarako ezarri diren konfinamendu arauak urratuz, gainerako hiritarrek arauok errespetatzen ari diren bitartean», azaldu du EAJk ohar batean.