Getxoko Udaltzainek goizeko 08:00etan ekin diote hamabost bat migratzaile bizi ziren kanpalekua desegiteari, Algortako Larrañazubi inguruan. Esku hartzea «pertsonen segurtasuna bermatzeko, osasun publikoa babesteko eta ingurune natural bereziki delikatua zaintzeko» egin dutela adierazi du Amaia Agirre (EAJ) alkateak. Getxoko EH Bildu, ordea, ez dator bat udal agintariaren adierazpenekin. Koalizio abertzaleko ordezkarien arabera, «orain arte egondako tokitik kanporatzeak ez die pertsona hauei segurtasuna bermatzen, beste toki prekario batera mugituko baitira, edo berriro bueltatu lehengora».
Zaurgarritasun sozialeko egoeretarako aurreikusitako protokoloari jarraitu diotela adierazi du udalak, plazaratutako prentsa oharrean. Gainera, Ingurumen Sailak «benetako arriskuak» detektatu dituela esan du: «Butano bonbonak eta beste material arriskutsu batzuk, horiek erabiltzeko egokia ez den ingurune batean».
Aitzitik, Getxoko EH Bilduk gogor gaitzetsi du gertatutakoa: «Pertsona hauek bizitokirik gabe daramate denbora luzea, eta ez da lehenengo aldia inguru horretatik kanporatzen dituztela». Koalizioko kideen ustez, «pertsonen segurtasuna bermatzeko oinarrizko beharrak ase behar dira, eta hori administrazio publikoen baliabideen bidez egin behar da ezinbestean».
Agirre alkateak, ordea, argudiatu du «udal baliabideak gainezka» daudela. Besteak beste, etxerik gabekoentzako programa eta baliabide espezifikoen sare bat dauka udalak. Ildo berean, Guruzne Carrasson (EH Bildu) Uribe Kostako Mankomunitateko presidentearekin harremanetan jarri da, «erakunde horren inplikazioa eskatzeko».
Elkarlana
Hitz horiek mankomunitateari «inplikazio falta» aurpegiratzeko saiakeratzat hartu ditu EH Bilduk. Izan ere, koalizioko ordezkarien hitzetan, «orain arte mankomunitatea eta Getxoko Gizarte Zerbitzuak isilpeko lan mardula egiten aritu dira gure herrian eta eskualdearen zati batean daukagun egoerari aterabide posibleak bilatzeko, eskualdeko hirugarren sektoreko elkarte eta borondatezko langileekin batera».
EH Bilduren esanetan, «huste honek ez dio erantzunik ematen herrian eta eskualdean daukagun errealitateari; are gehiago, inolako alternatiba zuzenik proposatu gabe eremu hori hustuz, pertsona horien egoera are eta gehiago okertzen du». Gauzak horrela, «txarto eta berandu heltzea» egotzi dio EAJri. Azkenik, erakundeen arteko lankidetzara deitu du, udaletatik hasi eta foru aldundira eta Eusko Jaurlaritzara.