«Larrialdi klimatiko, sozial eta ekologikoa» salatzeko kanpaina antolatuko dute

Eragile ugarik bat egin dute 'U30 Aldaketaldia' izeneko kanpainaren harira. Zaldibarko hondamendia ere gogoan izango dute urteurrenean

Kanpaina antolatzen duten eragileetako ordezkariak, nor bere ikurrarekin, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Urtarrilaren amaieran U30 Aldaketaldia izeneko kanpaina jarriko dute abian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala» salatu eta «trantsizio ekologiko eta sozialki justua» eskatzeko. Sindikatu, erakunde ekologista, auzo elkarte eta bestelako eragile ugari ari dira kanpaina sustatzen: joan den astean Gipuzkoako ekitaldiak aurkeztu zituzten, eta atzo Bizkaikoen berri eman zuten agerraldi jendetsu batean.

Bizkaian kanpaina antolatzen ari diren 50 elkarteen izenean, Hodei Rodriguezek azaldu zituen egitasmoaren nondik norakoak: «Agintari politikoek, orain krisi sanitarioaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta krisia areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak egingo dituen jendarte bat aktibatu eta saretzea».

Antolatzaileen arabera, krisia «globala» da, baina gertuko arazoei ematen zaizkien erantzunek ere eragina dute horretan: «Planetari gertatzen zaiona gurean hasten da, gure garraioan, hondakinen ekoizpen eta kudeaketan, bioaniztasunaren galeran, lurralde antolaketan, baita gure zaintzen sisteman eta fiskalitatean ere».

Ekitaldi ugari

Kanpaina dela eta, ekitaldi ugari antolatuko dituzte urtarrilaren 30aren inguruko egunetan, tokian tokiko elkarteen bidez: hitzaldiak, bizikleta martxak, hondartzak garbitzeko lan saioak, elkarretaratzeak eta abar.

Ekitaldi nagusiak Bilbon eta Donostian egingo dituzte: urtarrilaren 30ean bertan, bi hiriburuetan manifestazioak egiteko asmoa dute, COVID-19aren pandemiaren kontrako neurriek galarazten ez badute behintzat. Araban ere ekitaldiak antolatuko dituzte, eta laster emango dute horien berri.

Otsailaren 6an izango da Zaldibarko zabortegia amildu zeneko lehen urteurrena, eta hori ere gogoan hartu nahi izan dute U30 Aldaketaldia kanpainaren antolatzaileek, bai eta zabortegiko langile bat, Joaquin Beltran, oraindik desagerturik dagoela ere. Rodriguezen hitzetan, kanpainaren bidez Zaldibarren gertatutakoa «gizarteratzen» lagundu nahi dute, eta «gertatutakoaren argibideak eta egon daitezkeen erantzukizunak» eskatuko dituzte.

Zaldibar Argitu plataformako kide Gaizka Zabartek aurkeztu zituen urteurrenaren harira antolatuko dituzten ekitaldiak. Larunbat honetan Eibarren (Gipuzkoa) kultur emanaldia egingo dute, eta otsailaren 6an «Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztien parte hartzeari» irekita egongo den ekitaldia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.