Geroa Baik eta EH Bilduk kritikatu egin dute Espainiako eta Nafarroako gobernuen atzoko akordioa. Geroa Bairen ustez, larrialdi zerbitzuak kudeatzeko sistema aldatuko da, eta, de facto, eskumenetan «amore emango» du Nafarroako Gobernuak, Foruzaingoak «erreferentziazko Polizia izateari utziko diolako». EH Bilduren ustez, erabaki horrek «estatuaren interesei» erantzuten die.
Ikusi gehiago
Akordio horren bidez, Nafarroak beste laurehun foruzain izateko aukera izango du, baina bi koalizioek ez diote erreferentziarik egin erabaki horri; aldiz, irmo salatu dute larrialdi zerbitzuetan plataforma bakarra sortuko dela. Hala, Poliziarekin lotutako larrialdietako deiak modu automatikoan banatuko dituzte, patruilak dauden lekuaren eta horien prestasunaren arabera.
«Erabaki horrek Polizia ereduari eragiten dio zuzenean», salatu du Geroa Baik prentsa oharrean, baina kritika politikoa ez da hor geratu. Salatu dutenez, gobernu barruan bazkideei ez diete negoziazio horri buruzko ezer jakinarazi aldez aurretik: «Hain garrantzitsua den erabakiari buruzko informaziorik ez du aldez aurretik jaso Geroa Baik».
«Azaldu beharko dute zergatik hartu duten horrelako erabaki garrantzitsu bat Geroa Bairi informaziorik eman gabe eta eztabaidari aurre egin gabe»
GEROA BAI
Agerikoa da Geroa Bairen ezinegona, eta ikusi beharko da kritikaren tonu hori noraino goratzen duten. Hasteko, Nafarroako Parlamentura deituko ditu Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Inma Jurio Barne kontseilaria. «Azaldu beharko dute akordioaren edukia, zer txostenetan oinarritzen diren, eta zergatik hartu duten horrelako erabaki garrantzitsu bat koalizioari informaziorik eman gabe eta eztabaidari aurre egin gabe».
Geroa Bairen ustez, autogobernua ez da sendotzen soilik eskumen gehiago lortuta, «horiek modu eraginkorrean gauzatuta ere bai». Haren iritziz, segurtasun arloko eskumenen kudeaketan «aldaketa esanguratsua» egin du, eta eztabaida hori «saihestu» nahi izan du PSNk.
EH Bilduren kritika
EH Bilduk ere ez zuen akordioaren berri. Informazioa eskatuko du akordioaren edukia «noraino heltzen den jakiteko eta balorazio politiko zorrotzagoa egin ahal izateko». Koalizioaren esanetan, ez dira hainbat kontu argitu. Adibidez, testuak jasotzen du estatuko segurtasun indarren eta Foruzaingoaren arteko «koordinazioa» egongo dela, baina EH Bilduk jakin nahi du foruzainak zenbateraino egongo diren Guardia Zibilaren edo Espainiako Poliziaren erabakien menpe.
2011tik ez zen biltzen Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko Segurtasun Batzordea. Bi urte lehenago, 2009an, Madrilek gehienez 1.200 foruzain izateko langa ezarri zion Nafarroari, eta horrek Poliziaren funtzioak osorik hartzeko aukera galarazi dio Foruzaingoari. Oraingo akordioaren bidez, langa hori igo dute, eta etorkizunean gehienez 1.600 foruzain izateko aukera izango du Nafarroak.
«Plataforma bakarrak izango du estatuko segurtasun indarrak aktibatzeko modua, zerbitzu hori oso-osorik Foruzaingoak hartu ordez»
EH BILDU
EH Bilduk gogora ekarri du gaur egun Nafarroan funtzio bera egiten duten hainbat Polizia daudela, eta horren ondorioz mila biztanleko polizia ratio handieneko lurraldea dela, «erabat neurrigabea» gaur egungo gizartean. «Foruzain kopurua handitzeko erabakiak segurtasun indarrak murriztea ekarri behar luke era berean», gaineratu du.
Koalizioaren ustez, larrialdi zerbitzuetan hitzartu den plataforma bakarra kontrako norabidean doa. Izan ere, gaur egun 112 larrialdi zerbitzuetan Aginte eta Koordinazio Zentroa Foruzaingoaren eskuetan dago, eta hark agintzen du nork kudeatuko duen salaketa edo gertaera bakoitza. «Plataforma bakarrak izango du estatuko segurtasun indarrak aktibatzeko modua, zerbitzu hori oso-osorik Foruzaingoak hartu ordez».
Izan ere, EH Bilduk defendatzen du Foruzaingoak osorik hartu beharko lituzkeela Polizia funtzioak —trafikoa, hiri segurtasuna, ordena publikoa, ikuskizunen zaintza, ingurumen zaintza, ikerketa judiziala—. «Eskumen horiek garatu ahala, urratsak egin behar dira polizia unitateak birmoldatzeko eta segurtasun indarrak doitzeko». Zalantzan jarri du, baina, PSNk ikuspegi hori duela. «Eskumenak osorik hartzeari uko egiteak esan nahi du ez dutela uste Foruzaingoa gai dela Nafarroak behar duen erreferentziazko Polizia demokratikoa izateko».
Guztiz bestelako iritzia du PSNk. Sozialisten ustez, 1.600 foruzain izateko aukerak «polizien arteko koordinazioa hobetuko du». Nahiz eta trafiko eskumena bere gain hartuko duen, batzorde berezi bat sortuko da errepideko segurtasun arlorako. Gainera, hasiera emango zaio trafiko lanetan jarraitu nahi duten guardia zibilak bere borondatez foruzain egiteko tramitazioari. «Akordioek erakusten dute Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko leialtasun instituzionalak emaitza zehatzak ekartzen dituela».