Larunbateko eraso matxista salatuko dute arratsaldean Algortan

Gizon bat atxilo hartu zuten larunbatean Getxoko Algorta auzoan, bikotekide ohiari labana batekin eraso egitea leporatuta, eta atzo sartu zuten espetxean. Gasteizen beste gizon bat atxilotu dute bere emaztea erasotzea leporatuta.

Alkatea eta udaleko alderdi politikoen ordezkariak gaur, Getxoko udaletxe aurrean. GETXOKO UDALA
Alkatea eta udaleko alderdi politikoen ordezkariak gaur, Getxoko udaletxe aurrean. GETXOKO UDALA
14789412 kepa
Getxo
2026ko otsailaren 4a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du gaur, Getxoko (Bizkaia) auzo horretan larunbatean izandako eraso matxista salatzeko. Udaltzaingoak gizon bat atxilo hartu zuen egun hartan, bikotekide ohiari labana batekin eraso egitea leporatuta, eta atzo espetxean sartu zuten. Algortako Telletxe plazan jarri dute hitzordua, 19:30ean, Eraso matxistarik ez! lelopean. Bitartean, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaur eguerdian egin du elkarretaratze isila, udaletxeko eskaileretan. Bertan izan dira Amaia Aguirre alkatea eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideak. Javier de Andres EAEko PPren buruak ere parte hartu du.

Erasoa larunbatean gertatu zen, 13:35ean, eta lekuko batzuek eman zieten abisua udaltzainei. Gizona erasoa gertatu zen lekutik gertu zegoen, eta aitortu zuen emakumeari eraso egin ziola. Bertan atxilotu zuten, eta labana ere aurkitu zuten. Emakumea larri zaurituta zegoen, eta ospitalera eraman behar izan zuten.

Adierazpen instituzionala

Elkarretaratze isila deitzeaz gain, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du aho batez, «dibortzio izapideak egiten ari zen senarraren eskutik emakume batek jasandako eraso larri bat» salatzeko. Horrenbestez, udalean ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiek erabat baztertu eta gaitzetsi dituzte «berdintasunik eza oinarri duten jarrera sexisten ondorioz sortutako eraso guztiak». Halaber, elkartasuna adierazi diote erasoa jasan duen emakumeari. «Behar dituen udal zerbitzu guztiak bere eskura jarri ditugu», gehitu dute.

Bozeramaileen batzordeak adierazi duenez, lanean jarraituko dute, «benetako berdintasun balioetan oinarritutako eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea lortzeko». Horrenbestez, herritarrei dei egin diete emakumeen elkarteek eta mugimendu feministek deitutako gaitzespen ekitaldi guztietan parte hartzeko.

Gasteizen beste kasu bat

Atzo arratsaldean Gasteizo Udaltzaingoak 36 urteko gizon bat atxilotu zuten, bere emaztea erasotzea egotzita. 

Zabalgunea auzoan bizi den emakume batek hots egin zien, bere etxera bertaratzea eskatuz. Hara iristean, emakumeak azaldu zien bere senarrak erasotu egin ziola, eta horren ostean etxetik alde egin zuela. Adierazi zien beldur zela euren haurrei zerbait egingo ote zien. 16:30ak ziren, haurrak eskolatik ateratzeko unea. Udaltzainak haurren eskolara joan ziren, eta bertan ikusi zuten gizona. Haren lekukotzak jaso ondoren, eurekin eraman zuten polizia etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.