Larunbateko manifestaziora kometak eramateko eskatu du Yala Nafarroak

Iruñean izango da, eta 18:00etan abiatuko da Golem zinemetatik. Israelen inpunitatea salatuko dute. Kometak erresistentziaren ikur bihurtu dira Palestinan.

Yala Nafarroak antolatutako manifestazio bat, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Yala Nafarroak antolatutako manifestazio bat, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 28a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek abuztuaren bukaeran ohartarazi zuen armekin erantzungo diela Gazan aireratutako kometei. Arma gisa tratatzen ditu kometak, haietan lehergailuak edo su bonbak jar daitezkeelako, eta Israelek okupatutako lurretan lur hartu dezaketelako. Kometak erresistentziaren ikur bihurtu dira Palestinan.

Horregatik, kometak sinbolo bihurtu nahi dituzte larunbatean Iruñean, Yala Nafarroak antolatutako manifestazioan. Kometak eramateko eskatu diete herritarrei: orri batean Palestinaren aldeko irudi bat inprimatu —Yala Nafarroak zenbait eredu ditu webgunean—, orria kartoi batean itsatsi edo grapatu, eta kometari erratz makila bat edo beste zerbait jarri euskarri gisa, manifestazioan aireratu ez baina bai erakusteko. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Golem zinemetatik, eta Eustea garaitzea da izango da leloa. Gaur aurkeztu dute mobilizazioa, Iruñean.

250 talde eta 1.800 pertsona inguru biltzen ditu Yala Nafarroak; Israel Palestinan egiten ari den genozidioa eta okupazioa salatzen ditu plataformak, eta Palestinaren askatasunaren alde egiten. Hain zuzen, genozidioa eta Israelen inpunitatea salatuko dituzte larunbatean, beste behin, Iruñeko kaleetan. Israelgo Gobernuarekin eta genozidioan eta okupazioan parte hartzen ari diren enpresekin eta erakundeekin harreman guztiak eteteko ere eskatuko dute.

Udazken Palestinarra

Euskal Herrian zazpi pertsona daude auzipetuta eta 30 baino gehiago zigortu zituzten iaz Espainiako Itzulian Palestinaren aldeko eta Israelen kontrako protestak egiteagatik. Auzipetuek agerraldi bat egin zuten irailean, beren kontrako prozedura guztiak bertan behera gera daitezela eskatzeko. Zehaztu zuten haietako batzuek urtebete eta sei urte arteko kartzela zigorra jaso dezaketela. Eskaera horrekin bat egin du Yala Nafarroak.

Larunbateko manifestazioaz gain, ekintza gehiago antolatu ditu Yala Nafarroak datozen hilabeteetan, eta Udazken Palestinarra deitu dio ekintza multzo horri. Urriaren 7an, esaterako, Rabab Abdullahdi ekintzaile, irakasle eta ikertzaile palestinarrak hitzaldia emango du. Urriaren 17an, berriz, Palestinaren aldeko monumentu bat inauguratuko dute Antoniutti parkean. Udalak monumentua jartzeko lekua utzi die, eta herritarrek emandako diruarekin ordaindu dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA