Lasterbidean-en 10. urtemugako abestia aurkeztu dute

Presoen eskubideen aldeko elkartasun lasterketa Abadiñon izango da aurten, ekainaren 15ean

Iazko lasterketa, Villabona-Amasan. AITOR KARASATORRE
Iazko lasterketa, Villabona-Amasan. AITOR KARASATORRE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 29a
11:00
Entzun

Hamar urte beteko ditu aurten Lasterbidean egitasmoak, euskal presoen eskubideen aldeko herri lasterketak. Aurten Abadiñon (Bizkaia) hartu dute antolaketaren lekukoa. Ekainaren 14rako eta 15erako egitaraua ontzen dabiltza, baina, aurreratu dutenez, hamar kilometroko lasterketa bat antolatuko dute ekainaren 15erako. Korrika joan baino oinez joatea nahiago dutenentzat ere izango da aukera, eta haurrentzako lasterketa laburrago bat ere prestatuko dute. Ondoren, hainbat jarduera eta herri bazkaria izango dira.

Egitasmoaren hamargarren urtemuga dela eta, propio abesti bat sortu dute, eta gaurtik aurrera sareetan entzungai da. Anboto magaleko koplak izena du abestiak. Amets Arzallus bertsolariak idatzi du letra, Antton Uriartek konposatu du abestia, eta Haize Arrosak taldeak musikatu. Igor Galarzak, Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), Eneritz Gorrotxategik eta Edurtzeta Aniak (Haize Arrosa), eta Gaizka Jareñok (Iheskide) kantatu dute. Bideoklipean hainbat kirolarik parte hartu dute: Oihana Azkorbebeitia, Erlantz Zaldunbide, Oihane Unzalu eta Zigor Iturrieta mendi korrikalariek, June Arbeo eta Itsaso Gangoitia atletek, Abadiñoko Sokatira taldeak, Ganbarru txirrindulari elkarteak eta Axtxiki pilota taldeko kideek.

 

Duhalderi esker ona

Hamargarren urtemuga dela eta, asteburu osoko egitaraua prestatzen dabiltza. Ekainaren 14rako, Anje Duhalderi esker ona adierazteko ekitaldia prestatu dute Amnistia Plazan, ohar bidez adierazi dutenez, «Euskal Preso eta Iheslarien alde egin duen lan guztiagatik». Ekitaldi horretan Euskal Herriko hainbat artista elkartuko dira.

15ean izango dira lasterketak. Izena eman liteke jada kirolprobak.com helbidean. Lasterketaren ostean haur jolasak izango dira. Arratsaldean elektrotxaranga izango da, eta iluntzean, kontzertuak. Lasterbidean-eko asteburua iritsi baino lehen, ordea, Durangaldean hainbat egitasmo antolatu dituzte apirilerako eta maiatzerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.