Espainiako Espetxe Erakundeek lau euskal presoren lekualdaketen berri eman dute gaur: Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxean zeuden, eta Aranjuezera (Madril) mugituko dituzte. Ume bat daukate, eta Picassenteko amen moduluan zegoen, Mendizabalekin. Espetxe Erakundeen arabera, itxi egingo dute Picassenteko amen modulua —Alacanten zabalduko dute bertze bat—, eta bi presoak Aranjuezkora mugituko dituzte orain. Gonzalezi bigarren gradua eman diote; Mendizabalek, aldiz, lehen graduan segituko luke.
Bertze mugimendua Asier Bengoa Lopezi eta Faustino Marcos Alvarezi dagokie: Herrera de la Manchatik (Ciudad Real, Espainia), Darocara lekualdatuko dituzte (Zaragoza, Espainia). Euskal Herritik hurbilxeago egonen dira, beraz. Espetxeak proposatu du Bengoa bigarren gradura igarotzea; Alvarezek beteak ditu kondenaren hiru laurdenak.
Urko Labeaga Garcia euskal presoari, berriz, hirugarren gradua eman diotela jakinarazi dute Espetxe Erakundeek. 1998tik dago espetxean Labeaga, eta zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2017an. Asturiasen daukate preso, eta espetxeak proposatu du Donostiara eramateko.