Lau gazte zigortu dituzte Iruñeko hilerriaren inguruan izandako jazarpen homofoboko kasu batengatik

Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete 18 eta 25 urte bitarteko lau gazteri, «duintasun pertsonalaren» eta «integritate moralaren» aurkako delituak egiteagatik. «Marikoi» deitu zioten 'cruising'-a egiten ari zen gizon bati.

Ikusgunek homofobia salatzeko egindako protesta bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikusgunek homofobia salatzeko egindako protesta bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 17a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri die 18 eta 25 urte bitarteko lau gazteri jazarpen homofoboagatik; zehazki, Iruñeko hilerriaren inguruan gizon homosexual bati jazartzeagatik. Kartzela zigorraz gain, 900 euroko isuna ezarri diete, eta biktimari 1.250 euroko kalte ordaina pagatzeko agindu, eragindako kalte moralagatik.

Auzitegiak «duintasun pertsonalaren» eta «osotasun moralaren» aurkako delituengatik zigortu ditu lau gazteak. Hala ere, kaltea konpontzeko ahalegina egin zutela kontuan hartuta, aringarria ezarri die, epaiketa egin aurretik 3.000 euro eman baitzizkioten biktimari kalteengatik.

Gertakariak 2024ko azaroaren 9ko gauerdian izan ziren, Iruñeko Sanduzelai Jorge auzoko Aquavox kiroldegiaren atzealdean, argiztapenik gabeko zuhaizti eta lur eremu batean. Biktima han zegoen, beste gizon batzuekin harreman sexualak izateko erabiltzen den cruising gune batean. Epaian jasotzen denez, lau gazteak autoz iritsi ziren hara, eta biktimari «marikoia» deitu zioten oihuka. Horren ondorioz, gizona beldurtu egin zen, eta bere ibilgailuan ezkutatu, baina gazteek, aurkitu zutenean, autoz jarraitu zioten. 

Epaian nabarmendu dutenez, biktimaren testigantza «osoa, koherentea eta xehetasun nagusietan deskriptiboa» izan zen. Horrez gain, lekuko baten adierazpenek eta bertaratu ziren udaltzainek kontakizuna berretsi zuten. Gazteek errugabetzat jo zuten beren burua epaiketan. Azaldu zutenez, hitz egitera eta sakelako telefonoarekin jolastera joanak ziren inguru hartara, eta ez zekiten cruising praktikak egiteko erabiltzen zenik.

Auzitegiaren iritziz, ordea, akusatuen jokabidea «umiliagarria eta diskriminatzailea» izan zen. Epaiaren arabera, halako ekintzek, eremu publiko batean eta beste batzuek entzun edo hautemateko moduan eginda, «diskurtso umiliagarria, mespretxuzkoa eta diskriminatzailea» zabaltzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE