Lau gizonezko gorroto delituarengatik epaitzen ari dira Nafarroako Probintzia Auzitegian. Akusatuei egozten diete parke batean zegoen gizonezko bat iraintzea eta haren aurkako jarrera homofoboa erakustea. Akusatuentzat 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute, 200 metrotik gorako urruntze agindu bat hiru urtez, eta 3.000 euroko kalteordaina kalte moralengatik. Lauek ukatu dituzte karguak. Ehgam LGTBIen eskubideen aldeko elkarteak eraso homofoboak arbuiatzeko elkarretaratzea egin du auzitegiaren aurrean, epaiketa hasi aurretik.
2024ko azaroaren 9an jazo ziren epaitzen ari diren gertaerak. Gauerdia zen, eta biktima Iruñeko kanposantuaren atzean dagoen zuhaizti batean zegoen. Toki hori cruising eremu bat da, homosexualek sexu harremanak izateko topagune bat, alegia. Biktimak azaldu duenez, bakarrik zegoen parkean, eta irain homofoboak entzuten hasi zen. Behin baino gehiagotan, oihuka eta modu bortitzean esaten ari zitzaizkion irain horiek. Gizona beldurtu zen, eta bere ibilgailura jo zuen babes bila. Autoan zegoela parketik alde egitea erabaki zuen, eta orduan ohartu zen beste ibilgailu bat oso gertutik jarraitzen ari zitzaiola. Momentu batean aurrez aurre jarri ziren bi autoak, eta biktimak hiru gazte ikusi zituen. Gertaera horiek ikara handia sortu zioten, eta horren ostean piperbeltz sprai bat erosi zuen, berriro gertatzeko beldur zelako.
Kolektibo homosexualarentzat cruising eremu horrek garrantzi handia duela nabarmendu du biktimak. Hasieran leku horren pribatutasuna babestearren erasoa ez salatzea burutik pasatu zitzaiola aitortu duen arren, azkenean salaketa jartzea erabaki zuen, «horrelako gertaerak jasan behar izateaz nekatuta» dagoelako.
Akusatuak, izkutuan
Lekuko batek esan du akusatutako lau gazteak ikusi zituela lekuan bertan, «izkutuan» eta «jarrera arrotz» batekin. Aurretik bizi izan dituen antzeko intimidazio egoerak direla eta, zerbait gertatuko zelako susmoa izan zuen. Hori dela eta, urrun geratu zen, eta akusatuen autoaren matrikulari argazki bat atera zion.
Iruñeko Udaltzaingoak abisua jaso zuen gau hartan irain homofoboengatik, eta lekura bertaratu zen. Akusatuen ibilgailua miatu zuen, baina ez zuen ezer susmagarririk aurkitu. Hala ere, udaltzainek azaldu dutenez, akusatuek polizien ibilgailua ikusi zutenean maniobra arraro bat egin zuten, polizien ustez, haiei izkin egiten saiatzen ariko balira bezala.
Akusatuek, ostera, karguak ukatu dituzte, eta esan dute afaldu ostean leku lasai baten bila joan zirela parkera. Udaltzainen ibilgailua ikusi zutenean egindako maniobrari buruz zera argudiatu dute: ez zekitela poliziaren autoa zenik.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 2024an homofobiarekin lotutako gertaera batekin lotutako txosten bat egin zuten, eta «salatzen direnak baino kasu gehiago» egon daitezkeela aitortu zuen txostena egin zuen udaltzainak.
Nafarroako Ehgam kolektiboak salatu duenez, epaitzen ari den kasu hau funtsezkoa da cruising lekuei beste esanahi bat emateko, «gorrotoaren aurkako eremu sinboliko eta babestu gisa». Jakinarazi dutenez, akusatuei «prestakuntza eta laguntza-neurri zuzentzaileak hartzeko aukera» eskaini zieten, baina akusatuek aukera hori baztertu zuten, eta «nahiago izan dute auzitegiari aurre egin».