Lau gizon atxilotu dituzte Bizkaian, neska adingabe bati sexu erasoak egitea egotzita

Neskak ekainean salatu zuen sexu eraso bat egin ziotela Basauriko lokal batean. Beste hiru gizon ikertzen ari dira ustez neskari drogak emategatik.

Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea, Basaurin, apirilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea, Basaurin, apirilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko abuztuaren 15a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 16an, 14 urteko neska batek Ertzaintzaren Ibaizabalgo polizia etxean salatu zuen 39 urteko gizon batek sexu erasoa egin ziola Basauriko (Bizkaia) lokal batean, bi egun lehenago, goizaldean. Gizonak sakelako telefonoarekin grabatu zuen sexu erasoa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du beste lau gizon atxilotu dituela Bizkaian, neskari sexu erasoa egitea egotzita. Beste hiru gizon ere atxilotu ditu, ustez neskari drogak emateagatik.

Ertzaintzak ekainaren 16an bertan atxilotu zuen 39 urteko gizona, Basaurin. Atxilotuak aurrekari penalak zituen, eta Ertzaintzak bi aldiz atxilotua zuen lehen ere. Poliziaren arabera, atxilotua galdekatu eta gero, jakin zuten beste gizon batzuek ere egin zizkiotela sexu erasoak neskari. Ertzaintzako Adingabeen Aurkako Delituen Taldeak hiru gizon identifikatu zituen uztailean eta abuztuaren hasieran, 19, 21 eta 54 urtekoak. Gizon horiek elkarrizketa sexualak izan zituzten neskarekin sare sozialetan, eta, Ertzaintzaren esanetan, «ustez sexu harremanak ere izan zituzten adingabearekin», neska adingabea zela bazekiten ere.

19, 21 eta 54 urte

19 urteko gizona uztailaren 16an atxilotu zuten, Bilbon; 21 urtekoa, uztailaren 23an, Erandion; eta 54 urtekoa, abuztuaren 5ean, Barakaldon. Epailearen esku utzi zituzten. 19 eta 54 urtekoek ez zuten aurrekari penalik; 21 urtekoak bai, droga trafikoagatik.

Ertzaintza 17, 21 eta 28 urteko hiru gizon ere ikertzen ari da, 14 urteko neskari drogak ematea egotzita.

Basauriko Udalak gaitzetsi egin zuen neskaren kontrako erasoa. Batzordeen Bozeramaileak adierazpen bat onartu zuen ekainaren 17an. Haren arabera, lanean jarraituko dute pertsona guztiak indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izan daitezen, eta aurre egingo diete indarkeria matxista ukatzen edo babesten duten mezuei. Mugimendu feministak kontzentrazioa antolatu zuen ekainaren 18rako, erasoa gaitzesteko. Basauriko Udalean ordezkaritza duten alderdiek bat egin zuten elkarretaratze horrekin.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA