Lau ikasturte barru martxan izan nahi dute EHUren Medikuntza Fakultate berria

Lehen harria jartzeko ekitaldian, «abangoardiako azpiegitura» izango dela azpimarratu dute agintariek. Bilbon ipinita, «sinergia berriak» garatu nahi dituzte

Urkullu lehendakaria, Jaurlaritzako, Bizkaiko Aldundiko, Bilboko Udaleko eta EHUko goi karguek inguratuta, obren akta erakusten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Abian dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria Bilbon eraikitzeko lanak. Hainbat gorabeheraren ondoren, atzo jarri zuten lehen harria erakundeetako ordezkariek, eta datozen egunetan ingurua hesiz itxi ostean sartuko dira beharginak. Fakultate berria lau ikasturte barru martxan jartzea espero dute, 2026-2027an. Eraikina ez ezik, baita proiektua ere: Osasun Zientzien Arloko Unibertsitate Prestakuntzarako, Elkarlaneko Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua izango da bertan. «Abangoardiako azpiegitura izango da hau», adierazi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

«Poza, zoriona, emozioa eta esker ona» agertu zituen Eva Ferreira EHUko errektoreak. Gogora ekarri zuen aurreko errektoretza taldeak abiatu zuela fakultate berriaren egitasmoa —ekitaldian izan zen Nekane Balluerka errektore ohia—, eta eskerrak eman zizkion Jaurlaritzari finantzaketagatik: «Obra handiak talde lanaren fruitu izaten dira beti».

Basurtuko ospitalearen ondoan egongo da fakultate berria, eta, Ferreiraren aburuz, kokapen horrek «osasunaren eta teknologiaren arteko sinergiak indartuko» ditu, eta estutu egingo du EHUren eta Bilboren arteko harremana. Ildo horretan, Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordeak erantsi zuen Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak albo-alboan izango duela Ingeniaritza Fakultatea: «Sinergia berriak garatuko dira; adibidez, aurten martxan jarriko da Ingeniaritza Biomedikoko gradua».

Agirreren «ametsa»

Baina fakultate berria Bilbon kokatzeak badu hiriaren erdigunean egoteaz haragoko garrantzia. Sinbolikoa, batik bat. «Fakultatea Bilbora itzuliko da, unibertsitate publikoaren lehen medikuntza fakultatea sortu zen lekura», oroitu zuen Morenok. Izan ere, justu Basurtun jarri nahi izan zuen fakultatea Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an, Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatea eratu berritan. Gerrak, ordea, proiektua zapuztu zuen, eta, gerora, 1972an Leioako campusean ezarri ziren osasun arloko ikasketak.

Azken hamarkadetan, hirira itzultzeko bidea ez da batere erraza izan: 1991n hasi ziren fakultate berria diseinatzen, baina proiektua ez zen 2018ra arte onartu. Iazko abuztuan, ordea, obren ardura hartu zuen enpresak bertan behera utzi zuen kontratua, Ukrainako gerraren ondorioz materialak eta kostuak garestitu zirela argudiatuta. Ia hamar milioi euro gehitu dizkiote orain aurrekontuari: 62 milioi pasatxokoa da.

Gorabehera horiek gaindituta, Agirre lehendakariaren «ametsa» eta osasun arloko profesionalen hamarkada askotako eskaera betetzen hasteko lehen pausoa izan zen atzokoa. «Orain hutsik ikusten dugun lursail hau maila goreneko prestakuntza eta ikerketa jarduerarako eremua izango da. Bilbo unibertsitate hiria izateko proiektua sendotzeko beste urrats bat da», adierazi zuen Juan Maria Aburto Bilboko alkateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.