Sute bat piztu da Gardelegiko zabortegian (Araba), eta lau lagun ospitalera eraman behar izan dituzte kea arnasteagatik. Gasteizko Udalak eman du horren berri, gaur arratsaldean, eta jakinarazi ez dagoela sutea inguruko baso eremuetara zabaltzeko arriskurik.
Halere, udalak ohartarazi du suhiltzaileek «denbora luze» beharko dutela, «agian», sutea itzaltzeko, eta zerbitzu gehiagoren laguntza eskatu behar izan dutela. Hala, zabortegiaren inguruko mendi eta basoetara ez gerturatzeko eskatu dute, baita A-2124 errepidetik ez igarotzeko ere. Sutea 17:00ak aldera piztu da, baina argitzeko dago zerk eragin duen.