Lau pertsona hil ziren atzo goizaldean Lapurdiko A-63 autobidean, Baionako Mousserolles eta Maignon irteeren artean dagoen atalean. 03:30 aldera gertatu zen istripua. Auto batek autobidearen saihetsean gelditurik zegoen kamioi baten kontra egin zuen talka. Talka indartsua izan zen, autoa kamioiaren azpialdean tinkaturik gelditu zelako. Autoak sua hartu zuen berehala, eta barnean zihoazen lau pertsonak hil ziren. Haien gorpuak osoki kiskalirik atera zituzten.
Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak inkesta bat hasi du, istripuaren arrazoiak argitzeko. Prokuradoreak azaldu duenez, oraindik ez dakite nor diren lau hildakoak. Sutearen ondorioz, autoaren matrikulak erabat kiskali dira, eta autoaren jabea nor den argitzeko, motorrean zizelkaturik dagoen zenbakian oinarritu beharko dira. Hildakoen gorpuak osoki erre zirenez, soinean zeuzkaketen nortasun agiriak ere erre dira. DNA frogak hartu dizkiete gorpuei, haien nortasuna jakite aldera. Hildakoei buruz galdetzeko deirik ez da egon.
Inkesta zabalik
Autobideko saihetsean zegoen kamioi gidaria lotan zegoen istripua gertatu zelarik. Kayanakisek azaldu du gidariak Jendarmeriari erran ziola atsedenguneetako aparkaleku guztiak beterik zeudela. Gidatzeko denbora legez mugatua dagoenez, errepide bazterrean gelditzea deliberatu zuen, legeak agindu atsedenaldia hartzeko. Kamioi gidaria hungariarra da, eta Tarragonako (Herrialde Katalanak) enpresa batean ari da lanean. Arratsaldeko zazpietan gelditu zuen kamioia.
Kayanakisek azaldu du gidariak errandakoa egiaztatuko duela. Poliziaren inkestak erakutsiko balu kamioiak eragina ukan zuela istripuan, kamioi gidariari leporatu diezaiokete nahi gabe heriotza eragitea.
Autobidea itxi behar izan zuten. Goizeko lehen orenetan, auto lerro luzeak sortu ziren Baionako sarrera guztietan, eta, gerora, Lapurdi kostaldeko errepide nagusietara hedatu zen. Goizeko zortziak arte autobidea itxirik egon zen bi noranzkoetan. Gero Bordelerako norabidea ireki zuten, eta goiza aitzinatua zelarik, bide bat ireki zuten Gipuzkoako norabidean. Usaian hirietan ibiltzea debekaturik duten kamioi handiak errepide bazterretan gelditurik egon ziren, baina gero hiri barneko bideak hartu behar izan zituzten, euren eginkizuna betetzeko.
Autobidearen erabiltzaile ugariren iritziz, istripua gertatuko zela iragarria zegoen. Baiona aldean metatzen dira A-63 eta A-64 autobideak lotzeko lanak, Ikea zentroa sortzeko lanak etaA-63a zabaltzeko lanak. Istripua gune horretan gertatzea adierazgarria da, erabiltzaileen aburuz, eta egunero auto gidariek izaten duten arriskua erakusten du.
Istripu ugari
Baionakoa larriena izan bazen ere, ez zen izan atzo Euskal Herrian gertatutako errepide ezbehar bakarra. Idiazabalen (Gipuzkoa), N-1ean gizon bat eta emakume bat zauritu ziren, zihoazen autoa iraulita. Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, istripua goizeko zortziak aldera gertatu zen,N-1ean, Gasteizerako bidean. Zaurituak Zumarragako ospitalera eraman zituzten diagnostiko erreserbatuko egoeran.
Arrigorriagan (Bizkaia), Ap-68 autobidean,gizon bat larri zauritu zen ibilgailuaren kontrola galdu eta irauli ostean. Anbulantzia batek eraman zuen gizona ospitalera, eta auto ilarak gertatu ziren Bilborako noranzkoan.
Zeanurin, berriz, N-240 errepidean furgoneta batek talka egin zuen kamioi baten aurka, eta, ondorioz, furgonetako gidaria larri zauritu zen. Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, istripuaren ondorioz errepidea itxi behar izan zuten, eta auto ilara luzeak gertatu ziren Gasteizerako noranzkoan. Zauritutako gizona Galdakaoko ospitalera eraman zuten, helikopteroz.
Lau pertsona hil dira Baionan, A-63 autobidean izandako istripuan
Bazterrean geldirik zegoen kamioi baten kontra jo zuen auto batek; prokuradoreak inkesta abiatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu