Ibon Aiz laudioarra zigortu egin du Amurrioko (Araba) epaitegiak EH Bilduko ordezkari publikoei sare sozialen bidez bidalitako mehatxuengatik.
«Ez duzue legealdia bizirik amaituko. Zuen bila goaz, sasikume horiek», idatzi zuen Aizek, epaileak frogatutzat eman duenez. Beste mezu batean, «soka eta ganbara. Kanpora orain» idatzi zuen. Iazko otsailaren 19an eta 20an bidali zituen mezuak Aizek.
Epaiketan Aizek onartu egin zuen ideologiarengatik aukeratu zituela mehatxuen biktimak, eta epaileak «arrazoi ideologikoak» leporatu dizkio ebazpenean.
EH Bilduk gaitzetsi egin du EAJk aferan eduki duen jarrera, batez ere «alkatearen eta bere alderdiaren babesik eza». Koalizioaren arabera, «egoera larri honek agerian utzi du jeltzaleen neurtzeko makila bikoitza. Ander Añibarrok eta bere alderdiak, EAJk, isiltasuna baliatu izan dute udalbatzako kide izan zirenek egindako salaketei erantzuteko, eta hori guztia, mehatxuen egileari eta honen inguruari kalterik ez eragiteko, noski».