Atzera bota dute Laure Zacchelloren senarra aske uzteko seigarren eskaera

Bi urte bete ziren ekainaren 21ean Zacchello desagertu zenetik, Urruñan. Haren senarra da susmagarri nagusia, baina berak dio egun horretatik ez dela deusetaz oroitzen.

Baionako auzitegiko gela bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako auzitegiko gela bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 13a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur, seigarrenez, Alexis Juret Laure Zacchelloren senarra behin-behinean libre ateratzeko galdea atzera bota du Paueko Dei Auzitegiak.

Bi urte bete ziren ekainaren 21ean Zacchello desagertu zenetik, Urruñan. Afera horretan, haren senarra zen Alexis Juret da susmagarri nagusia. Sinplea da haren bertsioa: egun horretatik deus ez du oroitzen. Ikerketek, ordea, beste bertsio baterako bidea argitzen dute, nahiz gorpurik gabe zaila izaten den afera baten borobiltzea. 

Jerome Bourrier garai hartako Baionako prokuradoreak aferaren aipatzeko egin zuen lehen prentsaurrekoan, jadanik, hilketa matxistaren susmoa aurreratu zuen. Bi urte iragan dira geroztik, eta ez dute gorpua aurkitu. «Instrukzioa bidean deno», informaziorik ez du zabaldu nahi Mariel Garrigosek, oraingo Baionako prokuradoreak. Duela aste batzuk, halere, adierazi zuen ikerketako elementu berriak «ondoko hilabeteetan» jakinaraziko dituztela.

Elementu berririk bada, agian, argituko dute zerk eman dien modua Alexis Juret bi urte osoz behin-behineko atxiloaldian atxikitzeko. Mont-de-Marsanetik Cadillacera (Okzitania) lekualdatu zuten aurtengo ekain hatsarrean. Hark hatsarreko bertsioari jarraiki dio gaur arte: deusetaz ez da oroit. Pasatu diren bi urteetan, sei aldiz egin du baldintzapean askatua izateko galdea, eta horrenbeste aldiz ukatu zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA