Laure Zacchello zuen izena, eta 43 urte zituen. «Biziki beldur ukan dut ene biziarentzat, baita ene hiru haurrenarentzat ere», idatzi zuen bere Instagramean, 2024ko urtarrilean. Sei hilabete geroago, ekainaren 21ean, desagertu egin zen. Bi urte bete dira gaur haren azken berriak jaso zirenetik; bi urte haren hiru haurrak amarik gabe bidea aitzina egitera behartuak direla; bi urte haren senar ohia Mont-de-Marsaneko (Okzitania) presondegian atxilo dela, «bikotekidearen hilketa» egotzita. Laure Zacchelloren gorpurik ez da aurkitu, baina nahikoa froga lortu dituzte, segur aski, gizonaren baldintzapeko askatasun galdeak aldi oro errefusatzeko.
Esperantzarik —kasik— ez da baratzen Laure Zacchelloren bizirik berriz aurkitzeko; denetan, iraganean egiten da haren aipamena. Instrukzioa besterik ez zaio geratu orainari: zigor auzitegira heldu aitzineko fasea, delitu baten frogak eta egilea aurkitzeko. Laure Zacchelloren desagertzearen aferan, haren senarra zen Alexis Juret da susmagarri nagusia. Sinplea da haren bertsioa: egun horretatik deus ez du oroitzen. Ikerketek, ordea, beste bertsio baterako bidea argitzen dute, nahiz gorpurik gabe zaila izaten den afera baten borobiltzea.
Jerome Bourrier garai hartako Baionako prokuradoreak aferaren aipatzeko egin zuen lehen prentsaurrekoan, jadanik, hilketa matxistaren susmoa aurreratu zuen. Ekainaren 27a zen, desagertze egunetik sei egun besterik ez zen pasatu, eta orduan, jadanik, «aurkitu elementuek [Zacchello] bizirik aurkitzeko mentura guti» uzten zuen; aukerarik ezin zuten baztertu, halere. Bi urte iragan dira geroztik, eta ez dute gorpua aurkitu. «Instrukzioa bidean deno», informaziorik ez du zabaldu nahi izan Mariel Garrigosek, oraingo Baionako prokuradoreak. Zera eskapatu zaio, bakarrik: «Ondoko hilabeteetan ezagutzera eman behar genituzke ikerketako elementuak berriak».
Elementu berririk bada, agian, argituko dute zerk eman dien modua Alexis Juret bi urte osoz behin-behineko atxiloaldian atxikitzeko. Mont-de-Marsanetik Cadillacera (Okzitania) lekualdatu dute aurtengo ekain hatsarrean. Eta hatsarreko bertsioari jarraiki dio gaur arte: deustaz ez da oroit. Pasatu diren bi urteetan, lau aldiz egin du baldintzapean askatua izateko galdea, eta horrenbeste aldiz ukatu zaio.
Senar jazartzailea
2024ko ekainaren 21ean, 08:30ean, Laure Zacchello azken aldiz ikusi zen Urruñan gaindi (Lapurdi), orain arte adierazi denez. Arratsalde hartan, gizonaren arreba entseatu zen haren deitzen, baina ez zuen mintzatzerik lortu, eta Urruñako etxeraino joan zen. Arreba horrek zuen alerta eman, eta Donibane Lohizuneko Poliziari erran zion anaia lurrean hedailo aurkitu zuela etxe aitzinean, «buru gibelean sake bat zuela eta ondoan harri bat». Etxe barnean, ordea, ez zuten «ez apurketa, ez borrokaldi hatzik» atzeman, Bourrierek orduan zehaztu zuenez. Haatik, Zacchelloren eskuko zakua eta haren bi sakelako telefonoak kausitu zituzten, baita haren autoa ere, gakoturik, baina gakorik ez. «Horregatik, desagertzea esplikatzeko, baztertu daiteke ebasketaren hipotesia, beste pertsona baten parte hartzea edo [Zacchello] bere baitarik desagertu izana», erran zuen Bourrierek.
Munta bereziko beste gauza bati ohartu zitzaizkion miaketa denboran: «Burasoen logelako bi armairu gotor zabalik ziren». Ez ziren bortxaz irekiak izan, gakoa etxe barnean zelako. «Barnean ziren gerra armak, A kategoriakoak, desagertu ziren: pistola metrailadoreak, pistola automatikoak». Legez debekatua da halako armen ukaitea, salbu lanbide jakin baterako badira edota kirolerako baimendurik. Hain zuzen ere, tiroan aritzen da gizona —kirol horretan armak erabiltzen dira—, bizirauletzaren zalea eta ehiztaria da; erreserbako jendarme aitzindari ere izana da. Defentsak erran izan duenez, «norbait hil eta gorpua nola desagerrarazten den jakiteko» baliabideak ematen dituen zaletasunak eta esperientzia ditu gizonak.
Senarrak bere kontrako erasoa antzeztu lukeelako susmoa aipatu zuen fite prokuradoreak. Buru gibelean zauri bat bazuen, baina «ez zen larria»; gorputzean beste herexa batzuk, «zernahi zarrasta, laparretan ibili ondoan izan daitezkeenak bezalakoak».
Lekukotasunek eta atzeman idazki batzuek ere pentsarazten dute Zaccheloren desagertzearen hobenduna senarra izan daitekeela. Elementu franko lerrokatu izan dituzte prokuradoreek: «Emaztearen banku kontutik egin ordainketak, senarrak ebatsi [Zacchelloren] lantokiko giltza, haren posta elektronikoko kutxaren pirateatzea». Jazarpen horiek hainbesterainokoak izan dira, non Zacchellok kamera bat erosi zuen; haurrekin kanapean lo egiten zuen «bere zakua ondoan atxikiz», eta azantz egiteko puskak ezartzen lurrean «senarra entzuteko gisan gelan sartzen bazen». Bourrierek ondorioztatu zuen Zacchello otsailetik edo martxotik «izutua zela» senarraren jokamoldeen eraginez.
Aitzinetik izanen zen, segur aski. 2024ko urtarrilean, zera idatzi zuen bere Instagram kontuan: «Biziki beldur ukan dut ene biziarentzat, baita ene hiru haurrenarentzat ere». Azkenerako, Laure Zacchello desagertu egin zen, 43 urte zituela. Alexis Jureten adin bera zuen, eta elkarrekin, hiru haur ukan dituzte; 7, 9 eta 11 urte dituzte orain. Zacchelloren gurasoek dituzte zaintzapean, eta buraso eskudantzia ere lortu zuten justiziaren erabakiz. Desagertzearen egunean, ofizialki, beti ezkonduak ziren Juret eta Zacchello, baina horien arteko harremana hilabete batzuk lehenago bukatu zen. Haurren zaintzari begira, batez ere, elkarrekin bizitzen segitu zuten.
«Esperantzarik ez»
BERRIA behin eta berriz entseatu da Frederic Dutin Zachelloren familiaren abokatuarekin harremanetan sartzen, baina ez du lortu. Halere, Ici Euskal Herri irratiari adierazi dionez, familiak «ongi ulertua du Alexis Juret ez dela mintzatuko»; orduan, haren hitzetan, «espero dute dosierra fite hetsia izatea, [Alexis Juret] ahal bezain laster epaitu dezaten krimen auzitegian egindakoaz erantzule izan dadin».
Zaccheloren gurasoek «esperantzarik ez dute» alaba bizirik behin berriz ikusteko, baina gorpuaren aurkitzeak doluan lagunduko lituzkete. Ordea, «beldur dira ez ote duten sekula aurkituko».
hilabeteko kartzela zigorra LANKIDE BATI ERASO IZANAGATIK
Baionako Auzitegiak lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Alexis Jureti iazko azaroan, gibelapenarekin, lankide bati eraso izanagatik. 2024ko apirilean iragan ziren gertakariak, biak Baionako Louis de Foix lizeoan lanean ibiltzen zirela: Fisika eta Kimika irakaslea zen Juret, eta teknikaria, berriz, salaketa jarri zuen emaztea. Teknikariak materiala behar bezala prestatu ez ziolakoan, gizona haserretu eta lankidea lepotik hartu zuen eskuekin, ito nahian.
Laure Zacchello desagertu baino bi hilabete lehenago izan zen hori.

