Laure Zacchello desagertu zenetik preso dago Alexis Jureti, Zacchelloren senarra. Bildutako elementuen araberako hipotesia egin zuen Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak, emaztea desagertu eta aste batera, iazko ekainaren 27an: senarrak hil eta desagerrarazi zuela. Oraingoan, berriz, lankide bati eraso egin izana egotzita auzipetu dute Jureti.
Azaroan epaituko dute Louis de Foix lizeoko lankide bati eraso izanagatik, zintzurretik itoz entseatuta. Salaketaren arabera, gertakariak iazko apirilean iragan ziren, Laure Zacchello desagertu baino bi hilabete lehenago.
Zacchello urruñarra iazko ekainaren 20tik dago desagertua. Prokuradoreak ez zuen pistarik baztertu nahi, baina ezkor zegoen Zacchelloren zoriari buruz. Gizonezkoa galdekatu eta preso sartu zuten handik egun batzuetara; preso dago geroztik. Joan den abenduaren 31n Paueko Epaitegian deklaratu zuen Juretik, bere abokatuarekin batera. Orduan bigarrenez galdegin zuten atxilotua aske uzteko, eta ezezkoa jaso zuen, bigarrenez: iazko ekainean ere gauza bera eskatu zuen, baina epaitegiak eskaera ukatu zion aldi hartan ere. Behin-behineko atxiloaldian dago Mont-de-Marsango espetxean, Frantziako Landetan.
Senarrak bezala, 43 urte ditu Zacchellok, eta «ezkondua eta dibortzio bidean da», Bourrier prokuradoreak zehaztu zuenez. Senarrak eta biek hiru haur dituzte, 5, 7 eta 9 urtekoak.