Emmanuel Macron Frantziako presidenteak helburu argi bat zeukan gaurko Europako hauteskundeetarako: Marine Le Peni aurrea hartzea. Ez du lortu, ordea, eta alderdi euroeszeptiko batek irabazi ditu Europako parlamenturako bozak. Botoen %23,5 eskuratu ditu ultraeskuinak, eta Macronen alderdiak puntu bat gutxiago lortu du: %22,4. 2014ko hauteskundeetan lortutako garaipena berretsi du horrela Le Penek —orduko hartan bozen %25 lortu zituen—.
Frantziako emaitzek utzi dute beste aldagai bat: eskuineko eta ezkerreko alderdi tradizionalak behera egin dutela nabarmen. Macronen alderdia bigarrena geratu da, eta berdeek lortu dute hirugarren postua, bozen %13rekin. Hau da, alderdi errepublikazale eta sozialistak laugarren eta bosgarren geratu dira, bozen %8 eta %6 lortuta, hurrenez hurren. Frantziako intsumisoen alderdiak ere golpe handia lortu du, %6ko babesa bakarrik jasota.