Lea-Artibain bat egin dute eredu komunitario bat sustatzeko

Udaltzain lanpostuak betetzeko LEP bateratu bat egingo dute Ondarroak, Lekeitiok eta Markina-Xemeinek

Markina-Xemeingo, Ondarroako eta Lekeitioko alkateak, atzo eginiko prentsaurrekoan. ONDARROAKO UDALA.
Iosu Alberdi.
Ondarroa
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun

Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek (Bizkaia) LEP lan eskaintza publiko bateratu bat aurkeztu dute, hiru udalerrietako udaltzain lanpostuak egonkortzeko eta «eredu komunitario bateranzko» bidea jorratzeko. Jakinarazi dutenez, LEP propio bat osatzearen helburua da tokian tokiko ezaugarrietara egokitutako udaltzaingo eredu bat garatzea, eta, bide horretan, ezinbestekotzat jo dute euskara erabiliko dela bermatzea.

Ikusi gehiago: «Udaltzaingo bakoitzak bere ezaugarriak bultzatu behar ditu»

Ondarroako alkate Urtza Alkortak azaldu du prozesua udaltzainentzako ohiko lan eskaintza publikotik at garatzeak «herri txikien beharrizanei» erantzungo dien proiektu bat sustatzea duela xede, «polizia eredu zurrunetik» aldenduta. Izan ere, adierazi du eurek badituztela «beharrizan berezi batzuk». Zehazki, Alkortak nabarmendu du «soslai herrikoiago bat» duten udaltzainak nahi dituztela: «Euskaraz, gertutasunez, garden arituko direnak, arazoak daudenean bitartekaritza eskainiz, herriaren berezitasunak ezagututa».

Azken hilabeteetan mahai gainean egon den eztabaidari so, Alkortak xehatu du haiek sustatu nahi duten ereduak ez duela barne hartzen «delinkuentzia hain gutxi» duten udalerrietan suzko armak erabiltzeko aukera. Egun, hiru udalerri horietan ez dute pistolarik erabiltzen, baina Eusko Jaurlaritza lantzen ari den lege dekretu batek haientzat ere betebehar bilakatu lezake pistolak eramatea.

Lea-Artibai eskualdean udaltzaingo propioa duten udalerri bakarrak dira Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemein. Lehen biek bederatzina udaltzain dituzte, eta Markina-Xemeinek bost. Halere, asko behin-behinean daude euren postuetan. Egoera horri ere erantzun nahi dio lan eskaintza publikoak, Alkortaren esanetan: zehazki, Ondarroan hiru postu betetzea da asmoa —gutxienez bat emakume batentzat—, eta bana Markina-Xemeinen eta Lekeition —«gehiagora zabaltzeko aukerarekin»—. Gaineratu dute Lemoan (Bizkaia) ere udaltzain postu bat beteko dela LEP beraren bidez.

Gertukoaz, euskaraz

Hautaketa prozesuak zenbait berezitasun izango ditu. Urriaren 16an argitaratuko dute LEPa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, baina jada jakinarazi dute hautagaiek gustuko duten udalerria hautatu beharko dutela, eta ondoren puntuazio sistema baten arabera emango direla postuak. Gainera, prozesuan, hautagai bakoitzak aukeratutako udalerriaren inguruko azterketa bat egin beharko du, «euskara hutsean», herria ezagutzen duela eta beharrezko euskara maila duela egiaztatzeko.

Azterketa euskaraz soilik egin behar izatearen garrantzia nabarmendu dute hiru udalerrietako alkateek, argudiatuta udaltzainentzat ezinbesteko baliabidea izango dela eguneroko lanean. «Kezka» ere adierazi dute, ordea, halakoen harira auzitegiek izan duten jarrerarengatik. Halere, azaldu dute euskararen aldeko jarrerari eutsiko diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.