51 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten atzo Legazpiko (Gipuzkoa) eraikin batean, Bikuña Enea kalean. Hildakoari autopsia egin eta gero, ez dute indarkeria zantzurik aurkitu, eta baztertu egin dute, beraz, «heriotza bortitza» izan zuela. Gizona desagertuta zegoen asteazkenetik, eta haren senideek salaketa jarria zuten Polizian.
Atzo aurkitu zuten gorpua, 07:00 aldera. Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutura eraman zuten, autopsia egiteko, eta institutuak gaur Ertzaintzari jakinarazi dio haren heriotza ez zela bortitza izan.
Gaur goizean bertan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek EFE agentziari esan diote zabalik zituztela hipotesi guztiak, baita indarkeria baliatuz hil dutela dioena ere.