Drogak. Kalamu elkarteak arautzea

Legearen mugak landatzear

Kalamua kontsumitzeko elkarteak arautzeko asmoa azaldu dute Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak. Legezko klubak izanik, beren jarduna ere legezkoa izatea nahi dute elkarteek.

jon olano
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Kristo aurreko 6000. urte inguruan, ehun gaiak egiteko erabiltzen zuten Txinan. Hinduismoaren testu sakratuetan ageri dela uste da, eta budismoan ere erabili izan da, hausnarketarako laguntzen duelakoan. Gaur egun, hiesak eta minbiziaren aurkako kimioterapiak eragindako goragaleak saihesteko erabiltzen da, eta mendeetan erabili da sendabelar modura.

Inor gutxik pentsatuko luke ezaugarri horiek dituena kalamua dela eta landare hori kontsumitzen dutenek horretarako trabak izan behar dituztela definizio horrekin. Oztopoak izan badituzte, ordea. Kalamua kontsumitzeko 40 elkarte inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horien jarduna arautu nahi du Eusko Jaurlaritzak Droga Mendekotasunen Legean —orain prestatzen ari da lege hori—. Arauaren mamia «pertsonen osasunaren babesa» da, Celina Pereda Eusko Jaurlaritzako Droga Mendekotasun zuzendariaren arabera.

Kalamua kontsumitzea ez dago zigortua Hego Euskal Herrian, baina bai, ordea, landatzea edo trafikatzea. Hain zuzen, Espainiako Zigor Kodeko 368. artikuluak ezartzen du delitua dela «norbaitzuek droga toxiko, sorgarri edo gai psikotropikoak landu, egin edo trafikagai hartzen badituzte, edo beste modu batera horien legez aurkako kontsumoa sustatu, faboratu edo erraztea, edo aurreko helburuak lortzeko horiek edukitzea». Halaber, Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legearen 23. eta 25. artikuluek zehazten dute zein muga dituen baimendutako kontsumo pertsonalak; kalean edo gune publikoetan ezin da kalamua erre, ezta eduki ere.

Hortaz, kontsumoa ez da legez kanpokoa, nahiz eta aurrez legez kanpoko jardun bat egotea beharrezkoa den kontsumorako. Kontraesan horrek bereziki eragiten die kalamua kontsumitzeko elkarteei. Jakina da haien jarduna, eta hori ez da legez kanpokoa. Baina, elkartearen barne kontsumorako, beharrezkoa da kalamua landatzea eta kideen artean banatzea. Areago, Poliziak, elkarte horietako kide bat kalamua daramanean atzematen badu, droga trafikoa leporatuta preso eramango du ziurrenik.

Droga Mendekotasunen Legea egitekoa zela jakinarazi zuen Jaurlaritzak abenduaren 12an. Zalaparta sortu zen hasiera batean, legea prestatzen ari den sailak —Osasun Sailak— ez zituelako aipatu kontsumo elkarteak. Hala, arauak herritar ororen kontsumoari eragingo ziola zabaldu zuten hedabideek. Hurrengo egunean Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunak argitu zuen bidean den legeak elkarteei eragingo diela soilik. Bederatzi egun geroago, hilaren 21ean, kalamua kontsumitzeko elkarteen egoera arautzea onartu zuen, aho batez, Eusko Legebiltzarrak.

Peredaren ustez, kalamua erretzearen arriskua ez da nabaritzen, eta horrek gehiago kontsumitzera eramaten ditu herritar asko: «Tabakoa erretzearen edo alkohol gehiegi edatearen arriskuak ezagutzen ditugu; kalamuaren kontsumoa, berriz, hutsala dela uste da, normaltzat jotzen da». Hori zuzendu nahi du Peredak. Euskadi eta drogak 2010 txostenak azaleratutako datuen ondorio da hausnarketa hori: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritarren %10,4k probatu zuten kalamua 2010ean. Hiru herrialde horietako kontsumoa handienetarikoa da, Europako estatuetako datuekin alderatuz gero. «Eztabaida gizartera eraman nahi dugu, eta elkarteak gure mezu berak ari dira zabaltzen».

Gazteak jomugan

Gazteen kontsumoak bereziki kezkatzen du Pereda; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 34urte bitarteko 5.000 gaztek kalamua erretzeko ohitura dute, eta adin tarte horretakoen %51k probatu dute noizbait. Eustaten datuen arabera, 508.005 dira adin tarte horretako biztanleak, eta, beraz, kalamua erretzeko ohitura dutenak %0,98 dira adin tarte horretan. Kontsumo maila hori Europako bigarrena da, Txekiar Errepublikakoaren atzetik. «Gazteen kontsumoa murrizteko lanean ari gara, eta heroinaren eta kokainaren kontsumoa jaitsi egin da, baina tabakoaren, alkoholaren eta kalamuaren kontsumoaren jaitsiera oso motela da. Arriskuez ez jabetzeak kezkatzen gaitu».

Arauak irizpide orokor batzuk jasoko ditu, elkarteak erregistratu eta jardun ahal izateko. Ondoren, irizpide horiek dekretu bidez garatuko dituzte, Peredaren arabera. Eusko Legebiltzarrean osatutako batzordeak eztabaidatuko ditu lege proposamenaren xehetasunak. Baina, Peredak iragarri duenez, erregistroaz eta landaketaz gain, beste betekizun batzuk eskatuko dizkie legeak elkarteei: «Bazkideen artean informazioa emateko ekimenak antolatu, kalteak murrizteko programak abiatu eta kontsumo gatazkatsuak atzemateko sistemak ezarri beharko dituzte». Gainera, legeari segida emango dion dekretuak zehaztuko du elkarteen jardunaren jarraipena egiteko era.

Lege proposamena eztabaidatzeko fasea hastekotan da batzordea. Arauaren xedeak argi ditu Peredak: «Substantzia horien legez kanpoko trafikoari eta gazteen kontsumoari aurre egitea eta kontsumo horren arriskuen berri ematea». Horretarako, azaldu du kalamua erretzeko elkarte bateko kide diren helduen kontsumoa arautuko dutela: «Argi utzi behar dugu pertsona bat noiz ari den droga trafikoko delitu bat egiten». Mina arintzeko kalamua kontsumitzen duten gaixoek elkarte bateko kide izan beharko dute, Peredak zehaztu baitu elkarteko kide izateko arrazoiak ez dituztela arautuko.

Batzordeak lege egitasmoa eztabaidatu artean, elkarteen erregistroan lanean ari da Droga Mendekotasun Zuzendaritza, elkarte kopurua zehaztu eta horien helburuak argitzeko. «Batzuetan, elkarteak erregistratzen dira, baina haien izenak ez du argi uzten zertarako erregistratzen diren edo haien helburua zein den», dio Peredak. Anbiguotasun horiek argitu eta elkarteen bazkide kopurua mugatu nahi du Jaurlaritzak, «elkarte batek bazkide gehiegi baditu ezin dituelako helburuak kontrolatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.