Eusko Legebiltzarrean Trebiñuko aferaren inguruan bihar eztabaidatuko den ekimena dela-eta, «itxaropentsu» agertu da Trebiñu Batu taldea. Enklabearen inguruan Espainiako erakundeekin akordioetara iristeko «esparru bakarra» Gasteizko ganbera dela nabarmendu dute.
Legebiltzarrean auzia aztertuko duen lan taldea eratzeko xedez hirukoak aurkeztutako legez besteko proposamenarekin bat datorrela adierazi zuen Trebiñu Batuko kide Javier Ruizek atzo, eta batzordea abian jartzen denerako proposamen sorta aurkeztu zien alderdiei. Haren alde egitearen arrazoi nagusia Trebiñu «historikoki, politikoki eta kulturalki» Araba izatearena dela nabarmendu zuen Ruizek. «Batez ere, inoiz ez duelako Arabarekin harremana galdu eta banatzea ezinezkoa delako». Ildo horretan, iragan uztailean aurkeztutako ekimenari jarraiki, bost lan ildo proposatzen ditu.Enklabea eta Euskal Herriaren arteko harremanen inguruko txosten politiko, sozial eta kulturala egitea proposatzen du, batetik. Halaber, Gaztela eta Leongo eta Gernikako estatutuak aztertuta, txosten juridikoa egitea proposatzen du taldeak. Hirugarrenik, erakundeen arteko harreman formulak ikertu eta proposatzea. «Une honetan hitzarmenak daude, adibidez, haur eskolen inguruan, bi eskoletan 0-6 urte bitartean 60 haur daude. Gaztela eta Leongo Gobernuak, baina, helegitea jarri du», azpimarratu zuen Ruizek.
Trebiñu Gaztela eta Leongo Administraziopean egoteak herritarren zerbitzuei eta eskubideei begira dituen ondorioen inguruan txostena egitea ere proposatzen du taldeak. Eta aferaren inguruko irtenbideak aztertu eta proposatzea ere galdegiten du.
Eusko Legebiltzarreko ekimena aurrera aterako den ziurtasuna duten arren, orain arte hainbat alderdik erakutsi duten «konpromisorik eza» salatu zuen taldeko kide Alfredo Ruiz de Samaniegok: «Gogoratu Biltzar Nagusietan ekimena bertan behera geratu zela PSE-EE eta PPren ezezkoarekin eta EAJren abstentzioarekin, eta Espainiako Gobernuko alderdiarekin ere elkarrizketa ezinezkoa izan dela oraingoz».
Legebiltzarra «afera gainditzeko lekua» dela dio Trebiñu Batuk
Enklabearen inguruko legez besteko ekimena eztabaidatuko dute bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu