Legebiltzarrak heriotza duinaz eta haren segurtasun juridikoaz eztabaidatuko du

Talde guztiek babestu dute Aralarrek aurkeztutako lege proiektua; Nafarroako legean dago oinarrituta

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak bizitzaren amaieran pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruz eztabaidatuko du datozen hilabeteetan. Gai horri heltzeko Aralarrek aurkeztutako lege proposamen bat bozkatu zuten atzo osoko bilkuran, eta talde guztiek onartu zuten. Hortaz, aurtengo legegintzaldia bukatu arteko epea izango du legebiltzarrak onartutako testuari zuzenketak egin eta legea onartzeko.

«Lege proposamen hau ez da eutanasia arautzekoa eta ez da suizidio lagundua arautzeko proposamena. Zoritxarrez, ez da horietarako bidearen hasiera ere». Eztabaida gai horiek hasieratik bertatik saihestu zituen Mikel Basabe Aralarretik egotzitako legebiltzarkideak. Atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen lege proposamenaren helburua osasun arloko profesionalei segurtasun juridikoa ematea eta gaixoen eskubideak zeintzuk diren jakinaraztea da. Horretarako, Andaluzian (Espainia) eta Nafarroan egindako legeetan oinarritu da Aralar. Legea onartu bezain azkar osasun profesionalei zein gizarteari gaixoen eskubideak jakinaraztearen garrantzia nabarmendu zuen Basabek.

«Gaixoen borondatearekin bat etorriz, saihesgarria den mina ahal den neurrian saihestea nahi dugu». Helburu hori lortzeko, prozesu horretan zerikusia duten alde guztien eskubide eta beharrak zehazten ditu, baita hitz gakoen definizioa bera ere: baimen informatua, zainketa aringarriak, hidratatze eta elikatze artifiziala...

Gaixoen eskubideak zehazteaz gain, bizitzaren amaierako prozesuan laguntza ematen dieten osasun profesionalen betebeharrak ere zehazten ditu testuak, baita zentroek eta erakundeek eman behar dituzten bermeak ere. Gizarteak izan duen aldaketaren ondorioz hori arautzearen beharra gogorarazi zuen Basabek. Aldaketa horiekin, bizi-itxaropena handitu da eta duela zenbait urte «pentsaezinak» ziren aurrerapausoak gertatu dira medikuntzan, eta ondorioz «bizitzaren amaierako prozesuetan erronka berriak» sortu direla azaldu zuen Basabek.

«Beste pauso bat»

Legebiltzar talde guztiek heriotzarekin lotutako gaiak arautzearen aldeko jarrera agertu zuten osoko bilkuran. Eutanasiari buruz hitz egiteko beharra ere mahai gainean jarri zuen Ezker Anitzak. EAJk eta PPk, berriz, gogorarazi zuten heriotza duinaren alde emandako pausoen artean «beste bat» dela. 2002. urtean onartutako aurretiazko borondateen dokumentua gogora ekarri zuten, adibidez. Dena den, legegintzaldia bukatu aurretik pauso hori emateko denbora egongo ote den ikusteke dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.