Legebiltzarkideen aulki hutsen irudikeria

Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko araudiek ezartzen dute legebiltzarkideen betebeharra dela bilkuretara joatea. Ez dago partaidetza kontrolatzeko sistemarik. Nafarroan Vox-eko bi kideen absentismoa zigortzeko neurriak aztertzen ari dira.

Batzordea
Batzorde bat, Nafarroako Parlamentuan. NAFARROAKO PARLAMENTUA
Aitor Biain - Joxerra Senar
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Gizartearen eta politikaren arteko harremana ez da beti erraza. Politikariek ez dute irudi onik, eta sinesgarritasun falta eta konfiantza galera hori maiz azaleratzen da iritzi publikoan. Adibidez, duela bi aste, Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohiak eman zuen zeresana, Espainiako Kongresuan, AEA alboko esklerosi amiotrofikoaren legea eskatzeko egindako agerraldira bost diputatu baizik ez zirelako bertaratu: «Pentsatu nahi dut gainerakoek zeregin garrantzitsuagoak izango dituztela». Agerraldiko irudi esanguratsu hark eta Unzueren adierazpenak abarrots handia eragin zuen sare sozialetan, eta politikarien lanarekiko sumina piztu zuen.

Izan ere, gizartean aski zabalduta dagoen ustea da ordezkari politikoek sarri ez dutela dagokien eginkizuna betetzen; are gehiago, lan absentismoa ere aurpegiratu izan zaie. Aulki hutsen irudi batek haserrerako motiboak eman baditzake ere, tentuz ibili behar da, irudikeria huts bat izan daiteke eta.

Legebiltzarkideen balizko absentismoa benetan arazo bat al da? Zein da egoera Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan? Zer diote bertako araudiek eta zer betebehar dituzte legebiltzarkideek? Zer neurri hartzen dira euren zereginak bete ezean, eta kontrolatzen al da haien lan jarduna? Eta lanera joaten ez badira, isunik edo zigorrik ezartzen al zaie?

Eusko Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarrari dagokionez, erakundea erregulatzen duen araudiak ez du aipatzen zehazki legebiltzarkideek bilkuretara nahitaez joan behar ote duten; are, malgutasunez arautzen du haien lan jarduna. Zehazki, 17. artikuluko lehenengo puntuak dio osoko bilkuretara eta kide diren batzordeetara joatea ordezkarien «betebeharra» dela. Legebiltzarkideek araudia betetzeko «derrigortasuna» dute, bai, baina ez espresuki bileretara joatekoa. Besteak beste, bileretan ez parte hartzea ere joko politikoaren barruan sartzen delako, gehiengoen eta gutxiengoen deman.

Gainera, legebiltzarkideen eginkizun nagusia legeak onartzea bada ere, ulertarazi nahi da hautetsi baten jarduna ez dela parlamentuaren lau hormetara mugatzen; legeak taxutzeko ezinbestekoa baita aurrez gizarte eragileekin nahiz herritarrekin biltzea, haiei entzutea eta dituzten kezkak edo aldarriak jasotzea. Alegia, kalean ere egiten da politika, baita parlamentuko korridoreetan ere. Itzaleko lan hori zaila denboran konputatzen. Ondorioz, haien lan jardunaren araudia ezin da zurruna izan.

Horrez gain, legebiltzarra osatzen duten talde politiko guztiak ez dira berdinak, kide kopuruari dagokionez. Amaitu berri den legealdian, esaterako, 31 ordezkari zituen talderik handienak, EAJren Euzko Abertzaleak taldeak, eta ordezkari bana txikienek, talde mistoko Ciudadanosek eta Voxek. Bada, lanak eta gaiaren araberako batzordeak banatzean, litekeena da ordezkari gutxi dituzten taldeek denera iritsi ezin izatea. Hala ere, hori aintzat hartzen da bilkuren egutegia antolatzeko orduan, parte hartzea erraztuz.

Edonola ere, Eusko Legebiltzarrean gehiengoak ez dira hain nabarmenak izaten, beraz boto bakoitzak balio handia du. Garesti ordaindu daiteke hutsegite bat. Oro har, parte hartze handia izaten da, eta, hautetsiek ez ezik, Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere parte hartzen dute ostegunero osoko bilkuretan.

Araudiak jasotzen du, dena den, legebiltzarkide bat zigortzeko aukera, baldin eta frogatutzat ematen baldin bada justifikatu gabeko arrazoiengatik ez duela bilkuretan parte hartu. Eusko Legebiltzarreko lehendakariari dagokio erabaki hori hartzea, hura baita erakundearen aginte gorena. 17. artikuluko bigarren puntuaren arabera, haren esku dago «legebiltzarkidea ordainsaririk gabe uzteko erabakia».

Gertatu izan da noiz edo noiz, Eusko Legebiltzarren historiako XII legealditan. 1991n, adibidez, hiru eta sei hilabete artean soldatarik gabe utzi zituzten Herri Batasunako hamahiru legebiltzarkideak, haien betebeharrak betetzen ez zituztela argudiatuta. Taldeak iragarria zuen partaidetza «irregularra» izango zuela bilkuretan, salatzeko asmoz legebiltzarrak ez duela «subiranotasuna ordezkatzen» ez eta «lurraldetasuna oso-osorik islatzen».

Nafarroako Parlamentua

Eusko Legebiltzarrean gertatzen den bezala, Nafarroako Parlamentuko araudia oso irekia da. 23. artikuluak dioenez, «osoko bilkuretara eta kide diren batzordeen bilkuretara joateko beharra dute» parlamentariek. Halaber, araudiaren 130. artikuluak aipatzen du hutsegite larria dela hori ez egitea; alegia, «era nabarmenean edo behin eta berriro joateari uztea». Dena den, araudiak ez du zehazten zenbat bilkuretara joateari utzi behar zaion isunak ezarri ahal izateko.

Orain arte ez da parlamentarien jarduna zehatz-mehatz kontrolatu, absentismoa ez delako arazotzat jo. Hilabetero, parlamentuko gardentasunaren atalean parlamentari bakoitzaren jarduna kontsultatu daiteke: zenbat osoko bilkutaran eta batzordetan izan den, eta zenbat bisita instituzional egin dituen. Gaur egun, UPNko bi parlamentarik ezik, gainerakoek %100ean dihardute euren jardunean.

Batzordeetan, talde bakoitzak izendatutako kideak joan ezin direnean, ordezko batek bete dezake hutsunea. Ordezkari gutxiko taldeen egoera ere ulertu izan da. Kasu paradigmatikoa aurreko legealdian gertatu zen. Marisa de Simon Ezkerrako parlamentari bakarra zen, eta ezin zen aldi berean bi batzordetara joan. 

Legealdi honetan, PPk eta Zurekin Nafarroak hiruna parlamentari dituzte. Ordezkari kopuru horrek batzorde guztietara joateko modua ematen badie ere, argudiatzen dute «lan zama handiagoa» dutela eta zailago dutela jarduera guztiak bateragarri egitea. 

Gaur egun, salbuespen bakarra eta nagusia Vox da. XI. legealdiak urte erdi bete duen honetan, Maite Nosti eta Emilio Jimenez parlamentariek ez dute parte hartu antolatutako lau jardueratik batean: 119 batzordeetatik 21era ez dira bertaratu, eta parlamentutik kanpo egindako 22 bisita instituzionaletatik hamazazpitan kale egin dute.

Nahiz eta parlamentari gutxien duen taldea izan, eskuin muturreko bi ordezkarien absentismo handiak hautu politiko bati erantzuten dio. Batzordeetara zergatik ez diren joan galdetuta, Maite Nosti parlamentariak oso argi utzi zuen: «Zer nahi duzue esatea? Batzorde askok ez dute ezertarako balio, soilik balio dute laguntxoak euren arazoak azaltzera etor daitezen». Hala, haren esanetan, intereseko duten eta ahal duten jardueretan baino ez dute parte hartzen.

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak kezkaz ikusten du egoera. Duela bi aste, parlamentarien jarduera kontrolatzeko sistema bat aztertzeko proposatu zion Parlamentuko Mahaiari, eta hark enkargu hori eman dio zerbitzu juridikoari. Legelariek zer neurri har daitezkeen proposa dezakete, baina azken hitza eta erabakia Parlamentuko Mahaiak izango du. 

DATUAK

59

Jarduera, Eusko Legebiltzarrean Eusko Legebiltzarrean XII. legealdian 59 lege onartu dira, guztira. Alta, askoz ere egitasmo gehiago aurkeztu dira. Eusko Jaurlaritzak 35 lege proiektu aurkeztu ditu, eta aurrekontuen inguruko beste bost. Taldeek eurek 33 lege proposamen eta legez besteko 282 proposamen aurkeztu dituzte. Gainera, herritarrek lege proposamen bat aurkeztu dute. Horrez gain, Legebiltzarreko araudia aldatzeko bi proposamen egin dira, eta Jaurlaritzak aurkeztutako zazpi legegintza dekretu eztabaidatu dituzte. Funtzio legegileaz harago, lau urteotan 262 interpelazio eta 166 mozio eztabaidatu dira osoko bilkuran, eta ahoz erantzuteko 805 galdera egin zaizkio gobernuari.

107

Jarduera, Nafarroako Parlamentuan. Aurreko legealdian 125 lege proiektu eta proposamen eztabaidatu ziren, eta horietatik 107 foru lege onartu ziren guztira. Gainera, hamalau dekretu legegile eta 21 foru dekretu onartu ziren. Horrez gain, 2011ko azken aldaketaren ondoren, Parlamentuko Araudia eguneratu egin zen. Nahiz eta pandemiak jarduera baldintzatu, lau urteetan 9.354 ekinaldi tramitatu ziren, aurreko legealdian baino 1.000 gehiago eta 2011-2015eko legealdian baino 3.000 gehiago. Orotara, 635 agerraldi egin ziren, 439 lan saio eta 114 bisita. Parlamentariek 3.184 galdera egin zizkioten gobernuari —erdia ahoz, beste erdia idatzita—eta 428 mozio eztabaidatu ziren. Gainera, 239 adierazpen politiko aurkeztu eta eztabaidatu ziren.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.