Atzo iragarri bezala, ezker abertzalea udaletxeetan itxialdiak eta protesta ekimenak egiten hasi da gaur,
Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV, EHAK alderdi politikoak eta Auzitegi Nazionalak Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpo utzi eta haiek desegiteko agindu duela-eta. Etzira arte egongo dira itxialdietan, eta elkarretaratzeak eta enkarteladak ere egingo dituzte. Herrietako eragileekin egoteko probestuko dute denbora.
Aitor Etxeberria Oiartzungo eta Niko Moreno Elorrioko alkateek atzo ziotenez, Nafarroan Arbizu, Leitza, Lesaka eta Baztango udaletxeetan egingo dituzte itxialdiak, Bizkaian Elorriokoan, eta Gipuzkoan Usurbil, Lezo, Tolosa, Segura, Mutriku, Aduna, Bergara, Pasaia, Hernani eta Legorretakoan. Hala ere, denera 40 batera iritsi nahi dute.
Egoerarekin kezkatuta dagoela utzi du ezker abertzaleak, baina are kezkatuago dago Euskal Herriko alderdiek hori ikusita daukaten "isiltasun eta konplizitatearekin". "Legez kanporatzeak salatzera mugatu dira, baina horretaz gain, ezer ez. Mutu eta gor jarraitzen dute". Udaletxeetan legez kanporatzeak gaitzesteko aurkeztu dituzten mozioen aurrean izan duten jarrera salagarria iruditzen zaio Etxeberriari. "Hainbat kasutan, EAJ, EA eta NaBairen aurkako botoarekin edo abstenzioarekin topo egin dugu". Baina, Oiartzungo alkatearen arabera, herriz herriko erantzunaz haratago are salagarriago da alderdi horien buruen jarrera. "Egoera antidemokratikoa gainditzeko inolako irtenbiderik ez dute proposatzen". Ez ikusiarena egitea leporatu die. "Lotsagarria iruditzen zait hauteskunde eta hautagaien inguruan normal-normal hitz egiten jarraitzea sektore politiko bat legez kanpo ezarri duten arren".
Larunbatean Bilbon nazio manifestazioa egingo da (17:30, Aita Donostia), Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren alde, eta ezker abertzaleko kideek hara joateko dei egin dute. Amnistiaren aldeko militanteek, preso ohiek, gatazkan hildakoen senideek eta torturak jasandako lagunek deitu zuten manifestazioa duela bi aste.
Politika
Legez kanporatzeen kontrako protestak ari da egiten ezker abertzalea udaletxeetan
Larunbatera arte egingo dituzte ekimenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu