LEGEZ KANPORATZEEN KORAPILOA. Legez kanporatzeen korapiloa Estrasburgoko Auzitegira begira

Giza Eskubideen Auzitegiak erabaki beharko du Herri Batasuna eta Batasunaren legez kanporatzea bidezkoa izan den ala ez

2009ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Alderdien Legea onartu denetik Euskal Herriak gero eta lan gehiago ematen dio Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiari. 2002ko ekainaren 27an indarrean jarri zenetik, Eusko Jaurlaritzak, alderdi politiko batzuek, hauteskunde plataformek edo herritar arruntek jarritako hainbat salaketa jaso ditu. Horietatik hiru onartu ditu tramiterako, Herri Batasunarena eta Batasunarena, AuBrena eta Herritarren Zerrendena.

Herri Batasuna eta Batasunaren auzia izan beharko luke horien artean lehena. Estrasburgoko Auzitegiko iturriek jakinarazi dute aurten egin nahiko luketela, baina dirudienez ez da uda baino lehen izanen, haien egutegian ez baita agertzen. Garrantzi handiko auzitzat jo du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, horren ebazteko ganbara handia deitu baitu. Han 17 epaile aritzen dira. Erabakia, ordea, ez da Espainiako Estatuaren gustuko izan hasieratik aurka agertu baita. Jean Paul Costa auzitegiko presidenteak berak adierazi du, aste honetan bertan, kasu «korapilatsua» dela.

Auziaren eguna ez ezik, argitzeko dago, nola eginen den. Ganbara handiak auzi saioa egiteko eskaintza egin du, Estrasburgoko auzitegiak auzia idatzien bitartez egiteko aukera ematen baitu. Akusatzaileek bat egin dute horrekin, baina Espainiako Estatuak ados ez dagoela jakinarazi du. Azken erabakia, beraz, ganbara handiari dagokio, baina oraingoz ez du horren berri eman.

Herri Batasuna eta Batasunaren auziari eman dio garrantzi gehiena auzitegiak, baina gaineratiko biei ere arreta berezia eman die, kasu arruntak bezala ez baititu onartu tramiterako. Haien auzi eskaera aztertzeko ganbara txikia deitu zuen. Han zazpi epaile esertzen dira. Kasu arruntetan hiru epaileren artean baizik ez dute erabakitzen kasua tramiterako onartuko duten.

Herri Batasuna, Batasuna, AUB eta Herritzarren Zerrendaren salaketek adierazpen askatasuna dute heldu leku nagusi. Hau da Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 10. artikuluan babesten den eskubidea. Hauteskundeetan haien parte-hartzea eragotzizhaien adierazpen askatasuna urratu zela uste dute Herri Batasunak, Batasunak, AUBk eta Herritarren Zerrendak. Auzitegi Gorenak, AuBren zerrendak baliogabetu zituen 2003ko udal eta foru hauteskundeetan, eta ondoko urtean Herritarren Zerrendak hauteskunde plataformaren txanda izan zen. Ordukoz, Herri Batasuna eta Batasuna legez kanpo ziren, 2003ko martxoan Gorenak horrela erabaki baitzuen. Erabaki horretan oinarrituz bi alderdiek hitzarmenak biltzen duen bertze urraketa bat salatu dute, biltzeko eskubidea, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 11. artikuluan jasotzen dena, hain zuzen ere.

Heldu den hilabete eta urteetan bertze kasu batzuei buruz lan egin beharko du auzitegiak. EAE-ANVk, EHAK-k, Aukera Guztiak-ek, Arnaldo Otegik eta tortura salatu duten hainbat lagunek auzi eskaera egin dute edo egiteko asmoa erakutsi. EAE-ANV eta Aukera Guztiak haien auzi eskaera onartu izanen den ala ez zain daude. Adierazpen askatasuna urratu izana leporatzen diote Espainiako Estatuari, lehenari 2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta bertzeari 2007ko udal eta foru hauteskundeetan. Auzitegi Gorenak Aukera Guztiak-eko zerrenda guztiak baliogabetu zituen, eta ANVren izenean aurkeztu ziren 133.

Laster bertze batzuk gehituko dira, EHAK-k eta ANVk Estrasburgon salaketa bat jarriko zutela jakinarazi baitzuten legez kanporatuak izan zirenean. Akusatzaileek haien estatuko prozesu judizial guztia bukatu eta sei hilabeteko epea daukate salaketa Estrasburgora eramateko.

Otegiren kasuari dagokionez, auzitegiak ez du oraindik tramiterako onartu, baina gaia aztertzen ari da dagoeneko. Auzitegi Gorenak zigortu zuen Espainiako Erregea iraintzegatik, baina auzi horretan adierazpen askatasuna ez zuela errespetatu uste du ezker abertzaleko kideak. 2007ko urtarrilean Estrasburgora jo zuen salaketa jartzeko. Joan den abenduaren hasieran, berriz, Giza Eskubideen Europako Auzitegia Espainiako Gobernura jo zuen galdera batzuk egiteko. Kasu gehienetan baino azkarrago hasi da, salaketa jarri eta lehen galderak egin arte bi urte baino gutxiago iragan baita.

Torturarekin zer ikusia daukaten bertze sei kasu daude tramiterako onartuak izateko edo ez zain daudenak. Ibai Bergararena, Aritz Beristainena, Migel Senosiainena, Alberto Gonzalezena, Martxelo Otamendirena eta Unai Romanorena.

Salaketa batzuk tramiterako onartuak izan diren bezala, bertze batzuk atzera bota ditu, adibidez, Eusko Legebiltzarrak Alderdien Legearen aurka jarritako salaketa. Ez du onartu, estatu bateko erakunde batek ezin duelako bere estatuaren aurka salaketarik jarri.



Zain dauden kasuak

ONARTUAK ALA EZ

Herri Batasuna eta Batasuna. 2004ko uztailaren 19an jarri zuten salaketa, eta 2007ko abenduaren 11n ganbara txikiak tramiterako onartu zuen, ustez Espainiako Gobernuak haien adierazpen eta biltzeko askatasuna urratu zituelako haiek legez kanporatuta.

AuB. Pernando Barrenak, Joxerra Etxeberriak, Nafarroako AuBk eta foru eta udal bozetarakoziren 218 taldek salaketa bana jarri zuten 2003ko azaroaren 6an, eta 2007ko abenduaren 11n ganbara txikiak tramiterako onartu zuen, ustez Espainiako Estatuak haien adierazpen askatasuna urratu zuelako 2003ko bozetan haien zerrendak baliogabetuta.

HZ. Salaketa 2004ko azaroaren 26an, Espainiako Estatuari egotzizhaien adierazpen askatasuna urratu zuela 2004ko Europako hauteskundeetako zerrendak baliogabetuta. Ganbara txikiak tramiterako onartu zuen 2007ko abenduaren 11n.

Aukera Guztiak. 2005eko irailaren 5ean jarri zuen salaketa, 2005eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan haren zerrendak baliogabetuta Espainiako Estatuak adierazpen askatasuna urratu zuelakoan.

EAE-ANV.Salaketa jarri zuen 2008ko urtarrilaren 2an, haren ustez, Gorenak adierazpen askatasuna eta helegite eraginkorrerako eskubideak urratu zituelako azken udal bozetan 133 zerrenda baliogabetuta.

Arnaldo Otegi. 2007ko urtarrilaren 5ean salaketa jarri zuen. Adierazpen askatasuna ez zuela kontuan hartu leporatu zion Gorenari, Espainiako erregea iraintzeagatik zigortuta. Abertzale Sozialisteko legebiltzarkide izateagatik diskriminatua izatea ere egotzi zion.

Unai Romano. 2008ko urtarrilaren 27an Estrasburgoko auzitegira jo zuen bere tortura salaketa ez ikertzeaagatik.

Matxelo Otamendi. Salaketa 2008ko irailean jarri zuen tortusalaketa ez ikertzeagatik .





1950

Giza Eskubideen eta Oinarrizko Eskubideen Askatasunak Salbatzeko hitzarmena sortu zen urtea. 1953a arte ez zen sartu indarrean garai hartako Europako Kontseiluko herrietan. Frantziako Estatuak hasieratik onartu zuen hitzarmena, eta Espainiakoak 1977an.



Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren bermeak

Sinatzaileek eskubide hauek bermatu nahi dituzte: bizitza duina, auzi justu bat eta bizi pribatua izateko eskubidea , adierazpen, erlijio eta pentsamendu askatasuna izatekoa, helegitearen eskubidea, norbere ondasunak errespetatzeko eskubidea, eta hauteskundeetan bozkatzeko eta aurkezteko eskubidea.





Giza eskubideen Europako Hitzarmenaren debekuak

Hitzarmenak hainbat debeku ere biltzen ditu: torturatzeko debekua, duintasunik gabeko zigorrak jartzeko debekua, morrontzaren debekua, atxilotze legez kanpoko eta bidegabeen debekua, eskubide diskriminazioaren debekua, herritarrak kanporatzeko debekua, heriotza zigorraren eta talde kanporatzeen debekua.





42.376

Estrasburgoko auzitegiak 2008an jaso dituen salaketen kopurua. 1.205i buruz baizik ez du erabaki. Urtetik urtera auzitegiaren lan zama gero eta handiagoa da, eta atzeratze adierazgarria eragiten du. Hori ikusirik, egitura berrantolatzeko aztertzen ari dira.





%83

Akusatzaileek irabazi duten ehunekoa. Azken hamar urte hauetan, tramitera onartutako kasuen %83tan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eskubide urraketa bat ikusi du, eta akusatzailearen alde erabaki. %21,2an auzi justu bat ez izateagatik izan da.







Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez dauka estatu bateko justiziaren erabakiak deuseztatzeko gaitasunik, baina isun ikusgarriak jartzen ditu.

Ezin behartu, baina hertsatu bai

X. Harriague

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezin ditu berekin lotuta dagoen herri baten erabakiak deuseztatu edo legeak desegin, baina hertsatu ahal du jarrera aldatzeko, politikoak batetik, eta finantzazkoak bestetik. Kasu askotan haien ebazpenek balio izan dute kasuen interpretazioa berrikusteko. Baina berak ez du auzia berriro epaitzen, Giza Eskubideen eta Oinarrizko Eskubideen Askatasunak Bermatzeko Hitzarmeneko berme edo debeku bat urratu den ala ez aztertzen du. Horrela gertatuz gero kalte ordainak jartzen ditu. Estatu baten barnekoak baino anitzez handiagoak dira normalean, preseski estatua presionatzeko kasua berriz agertu ez dadin. Duela gutxi Espainiako Estatuari170.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko agindu dio 1991n Mikel Iribarreni Espainiako Poliziak eragindako zauriagatik.

Giza eskubideen Europako auzitegia nazioarteko justizia tresna bat da. Europako Kontseiluko 47 herrik osatzen dute, denek Giza Eskubideen eta Oinarrizko Eskubideen Askatasunak Bermatzeko Hitzarmena onartu dutelarik. Tartean daude Europako herri nagusiak Erresuma Batua, Frantzia, Errusia, Alemania eta Espainia, baina han daude ere Liechtenstein, Monako eta Andorra herriak, edo Sobietar Batasunetik ateratako Azerbaijan, Lituania eta Georgia. Epaitegia Estrasburgon dago, Frantziaren ipar ekialdean.

Auzitegi horrek 47 herri horiek sinatu duten hitzarmena errespetatzen duten begiratzen du, baina urraketa bat izan den ala ez beharrezkoa da herritar baten edo estatu baten salaketa. Herritar baten kasuan, haren estatuak eskaintzen dituen bide judizial guztiak jorratu beharko ditu Estrasburgora jo aurretik. Hori egin eta gero, sei hilabeteko epea izanen du Europara jotzeko, epe hori pasatuz gero, salaketa onartezina bihurtuko da.

Joan den urteko bukaeran 100.000 bat kasu zituzten erabakitzeko, nahiz eta batez besteko %20 bat baizik ez onartu. Lan karga hain astuna izaki oso prozesu juridiko luzeak izaten dira. Lau urte aurreikusten dira, estatu mailako bide juridiko guztiak jorratzeko, bertze sei bat tramiterako onartua izateko, eta azken pare bat kasuaren mamia aztertu eta erabakitzeko. Oro har, prozesu osoak 12 urte irauten du batez besteko.

Auzitegiak bere erabakia plazaratu eta gero, Europako Kontseiluko ministroen batzordeari dagokio horren errespetaraztea.Kasu ia-ia guztietan estatuek onartzen dituzte auzitegiaren erabakiak eta isunak ordaintzen. Neurria onartzen ez badute ondorioak izan daitezke. Duela urte batzuk Grezia Europako Kontseilutik kanporatzekotan egon ziren jarritako isun bat ez zuelako ordaintzen. Bielorrusia, berriz, kanporatu zuten 1997an giza eskubideak eta demokraziaren oinarriak ez zituelako errespetatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.