31 pertsona legionellaz kutsatu dira Iruñerrian

Burlatan eta Atarrabian agertu dira legionella kasu gehienak, eta gutxi batzuk Iruñeko auzo batzuetan: Txantrean, Erripagainan eta Sarrigurenen.

Nafarroako Ospitale Unibersitarioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
14789412 kepa
2026ko irailaren 8a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Legionelosi agerraldi bat izan da Iruñerrian: oraingoz 31 pertsona daude kutsatuta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jakinarazi duenez. Burlatan eta Atarrabian agertu dira legionella kasu gehienak, eta gutxi batzuk Iruñeko auzo batzuetan: Erripagainan, Sarrigurenen eta Txantrean. Kutsatu gehienak ospitaleratu dituzte, eta kasu guztiek lotura dutela uste dute. Horiek horrela, neurriak hartzeko agindu du institutuak.

Joan den ostiralean, irailaren 4an, hiru legionella kasu baieztatu zituen Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuak: bi Burlatan eta beste bat Atarrabian. Bi egun lehenago, kasu bana antzeman zuten udalerri horietan. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, noizean behin baten bat agertzea «ohikoa» da: «Esposizio puntualen ondorio izan ohi da». Hala ere, susmatzen hasi ziren foku bat egon zitekeela, guztiak denbora gutxian antzeman baitzituzten. Are, kutsatuak hurbilekoak dira.

Ostiralean bertan, kutsatze fokua detektatzeko eta kontrolatzeko ekintzak hasi ziren: Iruñerriko Ur Mankomunitatearen laguntzarekin, ur hornidurako sarea aztertu zuten, eta baztertu egin zuten legionellaren agerraldiaren iturria bertan zegoela. Gertuko hozte dorreetara mugatu zuten bilaketa. Instalazio horiek ez ziren martxan egon asteburuan. Beraz, astelehen goizean jaso zituzten laginak, eta horiek ixteko eta prebentzio neurriak hartzeko agindua eman zuten.

Berehala, gaitzak erasandakoen inkesta epidemiologikoa egin zuten, foku posibleak identifikatzeko. Halaber, abisua eman zieten ospitaleei, ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuei eta inguruko lehen mailako arretako zentroei, beste kutsatu batzuk antzemateko lanak areagotu ditzaten.

Kutsatuen adina 35 eta 90 urte bitartekoa da, eta gehienek 65 urte edo gehiago dituzte, zehaztu dutenez. «Gizonei gehiago erasan die, eta ospitaleratzea behar izan dute gehienetan», nabarmendu dute.

Herritarrentzako gomendioa

Sintomak agertu arteko inkubazio aldia bospasei egunekoa da kasu gehienetan, baina hamar egunera arte luza daiteke. Beraz, ohartarazi dute balitekeela datozen egunetan oraindik gaixo gehiago agertzea: «Baina horrek ez du esan nahi kutsatze gehiago izango direla», aipatu dute. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak herritarrei gomendatu die eguneroko jarduerarekin normaltasunez segitzeko, «arrazoi horrengatik prebentzio neurri espezifikoak hartu beharrik gabe»; eta eskatu dute osasun zerbitzuetara jotzeko soilik baldin eta horretarako moduko sintomak badaude.

Zehaztu dutenez, gaixotasun horren sintomak agertzeko bi eta hamar egun artean behar dira esposizioaren ondoren, gehienetan bospasei egun; eta pneumonia atipikoa izaten da gehienetan. Ondoeza eta gainbehera orokorra, sukarra, eztula, artikulazioetako mina eta buruko mina eragiten ditu legionellak: «Baliteke arnas sintomak oso agerikoak ez izatea, baina, tratamendu antibiotiko egokirik gabe, larritasun handiagoz egin dezake aurrera, edo sendatzeko denbora gehiago behar da halakoetan».

Gaixotasuna ez da pertsonen artean transmititzen, ezta ura kontsumituz ere; aitzitik, bakterioa daramaten aerosolak arnastuz transmititzen da.

Legionelosia legionella izeneko bakterio batek sortutako gaixotasun bat da, eta normalean ingurune naturaleko uretan egoten da bakterio hori. Hura daramaten ur aerosolak arnastuz hartzen da infekzioa. Kasuekin gehien lotzen diren instalazioak dutxak, ur mugimendua duten bainuak, ureztatze sistemak, hozte dorreak, hezegailuak eta iturri apaingarriak dira. Bakterioarekiko sentiberatasuna handitu egiten da adinarekin, immunodepresioarekin, arnas gaixotasun kronikoekin eta tabakismoarekin.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA