Legorretan, AHTko lanak aurrera

Eusko Jaurlaritzak espero du martxorako bukatuta egotea abiadura handiko trenaren Legorretako zatiko eraikuntza lanakBi zubibide eta tunel bat ditu, eta egun 40 langile inguru ari dira bertan lanean

Zubinako zubibidea, ezkerrean, metalezko egitura duen bakarra da. Eskuinean, beharginak ageri dira Lasarteko zubibidean lanean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Legorreta
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenaren (AHT) lanetarako makinen jarduna eta soinua etengabea da Ikaztegieta eta Legorreta arteko mendi inguruetan (Gipuzkoa). Hilabeteak dira lanak hasi zituztela, eta pixkanaka aurrera doaz. Datorren urte hasierarako Legorretako zatiaren obrak amaituta egotea espero du Euskal Trenbide Sareak. Lanik zailenak: bi zubibide eta tunel bat. Inguruetan AHTaren aurkako pintaketa batzuk ikus daitezke, hainbat herritarren artean azpiegiturak eragiten duen arbuioaren seinale.

Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Trenbide Sareko ordezkariek lanak bisitatu zituzten atzo kazetari talde batekin. Obrako arduradunek emandako datuen arabera, Gipuzkoako zatiaren %66 tunel barrutik doa; %24 , aire zabaletik eta %10, zubibideetatik. Zubibide horien artean, bi Legorretako zatian daude: Zubinakoa eta Lasartekoa. Bi horiek izan ziren atzo erakutsi zituztenak.

Zubinakoak Ordizia-Itsasondo eta Legorreta zatiak lotuko ditu. 144 metro luze da, eta porlanez eta metalez eginda dago. AHTko ibilbidean metalez egindako zubibide bakarra da, obrako arduradunek jakinarazi dutenez. Zutabeak bertan eraiki dituzte, eta metalezko egitura, tailer batean. Ondoren, zatika ekarri eta muntatu egin dute. Porlanez eta altzairuz egindako xaflekin estaltzea baino ez da falta. Ondoren Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak egingo ditu plataformatik harago doazen lanak.

382 metro luze ditu Lasarteko zubibideak. Legorretako eta Tolosako zatiak batzen ditu. Porlanez eginda dago. Zubinakoa ez bezala, tokian bertan ari dira eraikitzen. Lekuan eginda, eraikuntza konplexuagoa eta zailagoa izaten da. Besteak beste, topografia uneoro zaindu behar dute, zinbra behar den lekuan egon dadin. Arreta handia eskatzen du horrek.

Bi zubibideekin batera, hiru kilometroko tunel bat dago. Tunela bi zatitan banatuta dago. Batetik, bi kilometroko tunel bat dago, eta, bestetik, kilometro bakarreko bat. Tartean 100 metro daude aire zabalean. Baina hori ere estali egingo dute.

40 langile

Obra horietan 40 bat langile ari dira beharrean. Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura zuzendari Josu Benaitok nabarmendu du «ukaezina» dela AHTaren obrek ekonomian duten eragina. «Amaitu bitarte 7.000 lanpostu sortuko dira obrei esker. Etxebizitzen sektorea hain egoera larrian egonda, AHTaren obrak salbazioa dira eraikuntza enpresentzat. Horiei esker lortzen ari dira, neurri handi batean, sektoreari eustea».

Tren lasterrak ekonomian duen eragina izango dute aztergai, gaur eta bihar, Donostiako Kursaal jauregian egingo dituzten jardunaldi batzuetan ere. Gaur, 09:15ean, protesta egingo dute AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek, Kursaal atarian. Jardunaldiak «propaganda hutsa» direla salatuko dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.