Txostenak aztertu ondoren, Espainiako Osasun Ministerioak ontzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hurrengo fasera pasatze aldera egindako eskaerak. Beraz, Hego Euskal Herriko herrialde guztiak pasatuko dira astelehenetik aurrera konfinamendua arintzeko prozesuaren lehen fasera.
Fasez aldatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako azterketa dela-eta, txostenen ordua iritsi da. Eskertzen da, fase aldaketaren eskaera justifikatzeko erkidegoek txosten mardulak egin behar izan dituztelako, datu ugarirekin. Horri esker, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako txostenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren egoera eta bilakaera zehatzago ezagutu ahal dugu. Hauteskundeak uztailean egiteko proposamena justifikatzeko alderdiei aurkeztutako txostenean baino askoz zehatzago.
Ikuspuntu epidemiologikotik, Jaurlaritzak bi parametro nabarmendu ditu. Batetik, kutsatzeen ugaltze indizea 1etik behera dagoela azken hilabetean, "beherako joera moderatuarekin baina egonkorturik". Bestetik, PRC test bidezko positiboen 14 eguneko intzidentzia tasa metatuaren beheranzko joera. Egunez egun, tasa hori jaisten ari da, pixkanaka, baina etengabe. Txostenaren azken datua maiatzaren 4koa da: 50,87 pertsona x 100.000 biztanleko. Gaurko datua: 40,63. Nafarroako Gobernuak aurkeztutako txostena ez dute argitara atera. Baina Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, altuagoa da. Gaurko datua: 64,96. Tasa horiek altuak dira, bereziki Nafarroakoa, eta Espainiako Estatuaren batezbestekoa (gaurko datua: 38,39) baino handiagoak. Halaber, gogoratzekoa da positibo guztien kopuru metatua ere handia dela Euskal Herrian. 100.000 biztanleko tasa munduko altuenetakoa da.
Gaurko datuei dagokienez, positiboen kopuru osoa (543) atzo baino txikiagoa da (-38), baina handia da oraindik ere, eta, gainera, PRC test bidezko positiboak 50tik 83ra igo dira (60 EAEn, eta 23 Nafarroan). Gaur zenbatutako hildako kopurua (11) atzokoa (23) baino apalagoa izan da. Guztira, 1.884 pertsona hil dira koronabirusarekin lotuta. Ospitaleratuta daudenen kopurua ere jaitsi da: 622 gaixo daude ospitaleratuta (54 gutxiago). ZIUetan, 107 (hiru gutxiago). Ospitalean 21 pertsona sartu dituzte azken orduetan, guztiak EAEn.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
EKONOMIA: Shock ekonomikoaren zenbakiak
Agian honek ere merezi du
Testak enpresetan. Enpresa batzuk hasiak dira langileei test serologikoak egiten. Eztabaida mahai gainean dago: nork egin behar ditu testak, enpresek ala osasun publikoak? Zertarako dira testak, azterketa epidemiologikoak egiteko edo enpresen beharrei erantzuteko? Zer gertatzen da langileen osasun datuekin? Enpresetan testak egitearen auzia jorratu du Irune Lasa kazetariak, Testak bai, inmunitatea ez izenbuko erreportajean.
Tratamendu eraginkorrik ez. Gorka Oribe Farmazia doktorea da, eta koronabirusarekin lotutako egitasmo bateko buruetako bat. Ur zikinetan birusa neurtzeko egitasmo batean ari da, zeinak, beste transmisio komunitario bat balego, hura azkar atzemateko balio lukeen. "Oraindik ez dago tratamendu eraginkorrik", dio Gorka Oribek, Edurne Begiristain kazetariak egin dion elkarrizketan.