Lehen egunak positibotzat jo ditu Asironek, udala «buru-belarri dabilelako»

Zentsura mozioaren osteko lehen osoko bilkuran, Iruñeko bizikidetza plana abiarazteko eskaera aurrera atera da. Ordu eta erdiko eztabaidan, UPNk eta PPk Iruñeari eta ETAren biktimei «traizio egitea» aurpegiratu diote PSNri.

Matellanes - Asiron
PSNko Miguel Matellanes kargua hartzen, eta, atzean, Joseba Asiron Iruñeko alkatea. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 11
19:00
Entzun

Iruñeko zentsura mozioaren su txingarrak ez dira guztiz itzali. UPNk eta eskuinaren ingurune mediatikoak abenduaren 28an jazotakoa barneratu ezinik jarraitzen dute. Bi aste iragan dira, eta, komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Joseba Asiron alkateak onartu du trantsizioa «konplikatua» izan dela, bulegoak hutsik eta ordenagailuak formateatuta topatu dituztelako. «Zailtasun guztien gainetik aurrera egitea lortu dugu». Hala, hamalau egunotan egindakoa positibotzat jo du, udala «buru-belarri» dabilelako.

Astelehenean, lehen osoko bilkura egin zuten, baina oso motza izan zen, Asironek bi zinegotziren kargua hartzeko ekitaldiei bide emateko egin baitzuten. Berez, gaur arratsaldean izan dute ohiko lehen osoko bilkura, eta orduan hartu dute azkenik kargua PSNko Miguel Matellanesek eta UPNko Juan Jose Etxeberriak. Lehenak Elma Saiz ordezkatuko du, eta bigarrenak, Clara Garcia-Vadiño, zeinak astelehenean utzi baitzion zinegotzi izateari.

Lehen unetik nabari da zentsura mozioaren ondorioak ez direla batere amatatu. Aztertutako lehen puntuetako bat izan da Iruñea autogintza sektoreko hirien elkarteko kide izatea, baina hori ere eztabaidarako gai bihurtu da. UPNko Maria Etxebarriren arabera, ekinaldi hori aurreko udal gobernuarena zen, eta horrek erakusten du ez zegoela geldirik. «Kontakizun bat eraiki nahi izan dute gero Iruñeari eta iruindarrei traizio egiteko». PSNko Eloy del Pozok gogoratu dio eskaera hori abenduaren 13ko bilkuran aztertzekoa zela, baina ez zela aurrera atera Cristina Ibarrola orduko alkateak bertan behera utzi zuelako.

«Bizikidetzari begira zerbait historikoa egiteko aukeraren aurrean gaude. Azken hamarkadetako erronkarik ilusionagarriena eta garrantzitsuena dugu aurrean».

JOSEBA ASIRONIruñeko alkatea

Jarraian, eztabaida zakarra izan dute eskuineko bi alderdiek gainerakoekin, indarkeriaren inguruan. UPNk «ETAren terrorismoa gaitzesteko» adierazpena proposatu du, eta, haren bidetik, PPk EH Bilduren ibilbide etikoa zalantzan jarri du. Hala, UPNko Maria Caballerok salatu du PSNk EH Bildurekin hitzartutako akordioak hizkuntza onbera badu ere koalizioa «Batasunaren oinordeko» dela. «Jakin nahi genuke zer aldatu den Elma Saizek esan zuenetik Asiron ez zuela alkate egingo, edo Txibitek esan zuenetik ez zela gobernuan sartuko oraindik ere ibilbide etikoa falta zitzaiolako». Caballeroren hitzetan, PSN EH Bildu «zuritzen» ari da: «Horregatik diogu traizio egin duzuela».

PSNko Maria Curielek zalantzan jarri du eztabaida «1994koa edo 2014koa» ote den. «Zoritxarrez, urtea amaitu bezala hasi da urtea, eskuina ETAren biktimak politikoki erabiliz. Aski da! PSNk beti gaitzetsi du ETAren indarkeria».

Caballerok gogor erantzun dio, eta aurpegiratu dio Ramon Alzorrizek, PSNko parlamentariak, idatzi diola esandakoa. «Zuek ez duzue ezer esateko, zuzenean Txibiteri eta Alzorrizi zuzenduko natzaie, zuek haien bozeramaileak baino ez zaretelako. Saldu egin gaituzue, iruindarrak saldu dituzuen modu berean». Tonu berean egin du hizketaldi guztia, eta PSNko hautetsiei gogoratu die «beti» oroituko dutela «traizio hori». Esan dio oso denbora gutxi daramala politikan, lau egun, eta egotzi dio konpromisorik ez izatea. «Espero dut egindakoa ordainduko duzuela».

«Esatea 1978an dena konpondu zela inoiz entzun dudan desmemoria ariketarik handiena izan da. Gaur-gaurkoz gerra haren biktima ugari oraindik lurpean daude».

KOLDO MARTINEZ Geroa Baiko hautetsia

Eztabaidaren hari batean, Geroa Baiko Koldo Martinezek frankismoaren hilketak ere ekarri ditu gogora, eta PPko Carmen Albak honako hau adierazi du: «Gehiegikeriak alde guztietan egon ziren, baina, zorionez, 1978an konpondu zen, eta lortu genuen urte luzez iraun duen elkarbizitza, eta, orain, zuek hori suntsitzen ari zarete».

«Esatea 1978an dena konpondu zela inoiz entzun dudan desmemoria ariketarik handiena izan da. 1978an ez zen dena konpondu, gaur-gaurkoz gerra haren biktima ugari oraindik lurpean daude, eta Espainian agintean izan zareten urteetan ez duzue ezer egin». Gaitzetsi egin du eskuineko alderdiek «onen eta gaiztoen» arteko kontu bat bihurtu nahi izatea udala, elkarbizitzari ekarpenik egin gabe.

Asironek, azken hitza

Bi adierazpenak aurrera atera dira EH Bilduren eta Geroa Bai abstenituta. Jarraian, PSNk Iruñeko elkarbizitza plana abian jartzeko adierazpena aurkeztu du —EH Bilduren eta PSNren arteko akordioan dago jasorik—. Alta, aurrekoaren antzera jarraitu du eztabaidak, eta UPNk eta PPk «irrigarritzat» jo dute asmo hori.

Azken hitza Asironek izan du, baina berez bere lehen mintzaldia izan da EH Bilduko eledun eta Iruñeko alkate gisa. «Bizikidetzari begira zerbait historikoa egiteko aukeraren aurrean gaude. Azken hamarkadetako erronkarik ilusionagarriena eta garrantzitsuena dugu aurrean; era berean, ziurrenik zailenetarikoa eta delikatuenetarikoa ere bada: Iruñea eta bere herritarrak etorkizunerako proiektatuko dituen errespetuzko, tolerantziazko eta elkar ulertzeko giroa diseinatu, zimendatu, eraiki eta sustatzea. Zoritxarrez, oso ongi ezagutzen dugu liskarraren, indarkeriaren eta gatazkaren botere suntsitzailea».

Asironen ustez, udal gobernu sendo bat behar da, «atzera egitea saihestuko duena, iragana gaindituko duena eta inklusio giroa indartuko duena». Azkenik, salatu du iraganean babesten direla «etorkizuneko proiekturik ez dutenak». Konfrontazioa alde batera uzteko eskaera egin du. «Ez dakar ezer onik».

Iruñeko Bizikidetza Planaren aldeko eskaera aurrera atera da, UPNren eta PPren kontrako botoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.