Joseba Asiron: «Ez da gobernu aldaketa bat bakarrik: paradigma osoa aldatu da hemen»

Lehen egunean, ordenagailua hutsik eta bulegoa paperik gabe topatu du. UPNk ez du erraztu aldaketa, baina Asironi berdin zaio: «Espero dut lau urte barru sendotuta egongo dela politikoki sortzen ari garen engranajea».

Joseba Asiron
Joseba Asiron Iruñeko alkatea, bere bulegoan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Joseba Asironek (Iruñea, 1962) lehen eguna izan zuen ostirala alkatearen bulegoan. Bere ordenagailua eta alkatetzan lan egiten duten hainbat ordezkariren ordenagailuak formateatuta topatu zituen, eta paperik ez. UPNren jarrera hori ez da oztopo izango. Eguerdian egindako lehen bileratik atera berri, aitortu du bezperatik ez dela gelditu. Badaki horrela izango dela aurrerantzean. Abiada betean doan ibilgailu baten pare ikusten du udal gobernua, eta, erronkari begira, ilusioa transmititzen du. «Orain hasi behar dugu eraikitzen. Espero dut lau urte barru sendotuta egongo dela politikoki sortzen ari garen engranajea». 

Nola bizi izan zenuen zentsura mozioa?

Emozio handikoa izan zen. Ez dakit nondik hasi ere. Osoko bilkura tentsio handikoa izan zen: begiradak, komentarioak, diskurtsoak… dena. Hori dena askatu egin zen balkoira atera ginenean. Mugarri bat izan zen hura.

UPNk elkarretaratzera deitua zuen Udaletxe plazan, eta ematen zuen konfrontazio irudia bilatu nahi zuela. Gaizki atera zitzaien?

Lezioa izan zen. Orain dela astebete «haien aurka» ari ziren oihukatzen hemen, Udaletxe plazan; eta diskurtsoak ez ziren batere eraikitzaileak. Benetan, kalea berotu nahi izan dute, eta hori oso arriskutsua da. Hala ere, kalean lasaitasun handia egon zen. Desberdin pentsatzen dutenak bazeuden argi eta garbi, banderak eta guzti; eta, hala eta guztiz ere, lasai. Erakutsi zen Iruñeko gizartearen heldutasuna. Iruñea ez da Madril. 

Biharamunean zerekin egin duzue topo?

Ez dago trantsizio ordenaturik. Hasteko, ez da posible izan alkate ohiarekin elkartzea. Deitu nion, eta ez zuen telefonoa hartu. Bitan idatzi diot, eta ez du elkartu nahi izan. Publikoki adierazi zuen ez zuela interesik. Zinegotziek ere agurra ukatzen dizutenean, ez da posible. 

«Diskurtsoak ez ziren batere eraikitzaileak. Benetan, kalea berotu nahi izan dute, eta hori oso arriskutsua da».

Ordenagailuak hutsik topatu dituzue. Horrek baldintzatuko al zaituzte?

Noski. Dena askoz hobeto eta automatikoago aterako litzateke modu koordinatuan egingo balitz. Arlo batzuetan horrela izaten ari da. Ordenagailua formateatuta eta bulegoa hutsik topatuz gero, ez dago trantsiziorako borondaterik. Dena den, sartzen ari diren langile berriek esperientzia dute, eta egingo dugu.

Kezkatzen zaitu jarrera horrek? 

Oso ulergarria da. Egoera horretatik pasatu naiz. Politikak batzuetan goian jartzen zaitu, eta beste batzuetan, behean. Prest egon behar duzu bi gauzetarako, duintasunez eta dotoreziaz. UPN inportantea da: gure hiriaren sektore handi bat ordezkatzen du, eta aintzat hartu behar dugu, nahitaez. Ezin dugu esan hiria maite dugula eta hiria eraiki nahi dugula, eta era berean bizkarra eman ehuneko bati.

Eskuinak salatu du, hain zuzen, Iruñeari traizio egin zaiola «Bilduren eskuetan» geratu delako.

Eskuinaren arazo handi bat da. Ezin dute ideia hori gainetik kendu: haiek hiria gobernatzera deituak izan dira, eta besteak arrotzak gara. Hori aldatuko zaie hemendik aurrera. Horretan diferentzia handia dago 2015arekin alderatuta. Ez da gobernu aldaketa bat bakarrik: paradigma osoa aldatu da hemen. Askoz ere sakonagoa da, eta bulego honetatik haratago doa.

Zergatik? Zer aldatu da 2015etik hona?

2015ekoa oso inportantea izan zen. Neurri handi batean, oraingo hau orduan gertatutakoaren fruitua da. 2015eko aldaketaren bertuterik handiena izan zen erakutsi genuela gauzak egiteko beste modu bat dagoela. UPNtik haratago ez dago kaosa, baizik eta gauzak egiteko modu zintzo eta jatorra. Lau urte geroago, hori loratu egin da berriro. Non dago diferentzia? Oraingo honetan, gehiengoen jokoa guztiz aldatu da, eta betidanik egon den gehiengo aurrerakoiak topatu du hori instituzioetara eramateko modua. Kapaz izan gara hemen 16 zinegotziko gehiengo hori gorpuzteko. Nik uste dut iraunkorra izango dela.

«Oraingo honetan, gehiengoen jokoa guztiz aldatu da, eta betidanik egon den gehiengo aurrerakoiak topatu du hori instituzioetara eramateko modua».

2019an Maite Esporrinek zure agurra ospatu zuen. Zertan aldatu da?

Gau hartan, Maitek hori esan zuen, eta gero damutu egin zen publikoki. Hori izan zen abiapuntua, eta ezin ditugu gauza horiek modu pertsonalean hartu. Hemen, politikan, gauza asko doaz soldatarekin. Astelehen horretan haiekin bildu ginen, eta sinergiak bilatzen hasi. Egun horretatik aurrera, harremanek hobetu besterik ez zuten egin. Joan den legealdiko sinergiek izan dute luzapena Elma Saizekin, baita hura Madrilera joan denetik ere. Ia-ia modu natural batez ikusi zen hau egin daitekeela. Prozesu luzea izan da, eta azkenean amaitu dugu diagnosi batean bat egiten. Ikusten genuen Iruñeak ezin zuela beste lau urtez paralisi horrekin jarraitu.

EH Bilduren eta PSNren arteko akordio politikoa Nafarroa mailan egindakoa bada ere, Iruñeko Udalean egongo da hanka nagusi bat. Horrek ardura berezia eragiten dizu?

Kontziente gara begi asko ariko direla aztertzen hemen zer gertatzen den. Ardura handia eta erronka polita da. Nik parte hartu dut eraikitze prozesuan, eta, hau esportagarria balitz beste toki batzuetara, berdin zait zer instituzio motatara, oso pozgarria litzateke. Hori ez da gure helburua orain. Baina kontziente gara hemen egiten dugunak balio ahal duela eredua beste tokietara esportatzeko. 

PSNk zer jarrera hartuko duela espero duzu?

Eraikitzailea. Espero dut orain arteko estiloarekin jarraitzea. Oposizioan egonik, ez dugu arazo nabarmenik izan adosteko udalean onartu diren adierazpenen %90. Sortu dira konfiantza batzuk, eta hautsi dira hamarkadatan izandako mesfidantza asko. Jarraitu behar dugu hori elikatzen.

Udal gobernuaren akordioa egin duzue Geroa Bairekin eta Zurekin-ekin. Nolakoak izan dira negoziazioak?

Bai, nahiko erraza izan da. Lan handia genuen aurreratua. Akordioaren zirriborroa aurkeztu genuenean, lau alderdien programetatik hartua genuen, eta horrek asko errazten du. 

Nondik abiatu zarete?

Pentsatu nahi dugu ez ditugula sei hilabete hauek osotara galdu. Gauzak aurreratu ditugu. Hasiera irmoa izango da. Ez gara hutsetik abiatuko. Adibidez, Pio XII.aren etorbidearen proiektua amaitu behar dugu.

Non daude premiak eta lehentasunak?

Politika sozialetan. Aurrekontuek hartu beharreko kutsua soziala da. Etxebizitza plana funtsezkoa da. Hori baino lehenago, etxerik gabekoen egungo egoera amaitu beharra dago. 

Negu gorrian, etxegabe batzuek ez dute non lo egin.

Heldu diogu gaiari. Izan berri dugun bileran, Txema Mauleonek esan du pauso handiak eman direla. Espero dugu berehala konponduko dela.

Aurrekontuekin zer epe dituzue?

Otsailerako martxan egon beharko lukete. Ez dugu zehaztu. Oraindik izendapenekin ari gara, baina guretzat lehentasunezkoa da. Instituzioan gauzak poliki mugitzen dira, eta ikusiko dugu noiz den posible. Ahalik eta azkarrena nahi genuke, horrek bide emango baitie bestelako proiektu batzuei.

Etxebizitza plana da beste lehentasunetako bat. Mila etxebizitza egiteko asmoa aipatu duzu.

Oposizioan egonda, ikerketa bat egin genuen, eta identifikatu genuen zer auzotan diren aukerak eraikitzeko. Identifikatuta daude auzoak, identifikatuta daude orubeak ere, eta orube bakoitzean zer etxebizitza kopuru egin daitekeen. 

«Dudarik gabe, Iruñeak bi hizkuntza ditu. Hori ulertu ez duenak ez du ulertu Iruñea zer den».

Haur eskolekin zer marjina izango duzue?

Konpromiso bat dago akordio programatikoan. Egokitu behar ditugu eskaria eta eskaintza. Aztertu behar dugu benetan zeintzuk diren beharrak auzoka, eta bermatu seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi dituztenek izango dutela aukera, eta auzo guztietan, gainera. Hori oso inportantea da guretzat. 

Euskarari dagokionez, zer beste urrats egingo da? 

Dudarik gabe, Iruñeak bi hizkuntza ditu. Hori ulertu ez duenak ez du ulertu Iruñea zer den. Hori kontuan harturik, bigarren agindua litzateke ea nola lortzen dugun euskara eztabaida politiko hutsetik ateratzea, eta arma politiko gisa ez erabiltzea. Horretarako, kontsentsuak behar ditugu. Akordioan adostu duguna da soziologikoki behar horiek ase behar direla. Iruditzen zait abiapuntu bat dela. Niri gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina posibilistak izan behar dugu.

Cristina Ibarrolak Carlos Salvador jarri zuen berdintasun arloko zinegotzi, eta zuek, Zaloa Basabe. Horrek asko esaten du, baina berdintasunari begira zer jauzi eman nahi duzue?

2015ean bide bat ireki zen. Manada-ren auziak kokatu gintuen ataka horretan, eta emaitza ikusgarria izan zen. Iruñea abangoardian jarri zen berdintasunaren aldeko borrokan, estatuan eta nazioartean. Mapan jarri gintuen. Erakutsi genuen zein den gure estiloa. Badago formula magiko bat. Lidergoa emakumeei utzi behar zaie. Egunero horretan lan egiten dutenen gidaritza onartu behar dugu. Instituzioak elkarte horien ondoan egon behar du, ez aurretik. Haiek gidatu behar gaituzte.

Joseba Asiron, balkoian. Ostegunarekin alderatuta, plaza lasai zegoen.
Joseba Asiron, balkoian. Ostegunaren aldean, plaza lasai zegoen.
Gurutze plazako aparkalekuko proiektua bertan behera geratuko da. 

Horretan aho batez ados agertu ginen oposiziokoak. Abiapuntua da Bigarren Zabalgunean aparkatzeko arazo bat dagoela. Orduan, arazo hori konpontzeko zer baliabide ditugu? Batetik, existitzen diren aparkalekuak ordu batzuetan ez daude okupatuta, eta, behar bezala kudeatzen bada, aukera dago arazoa arintzeko. Gero, bazeuden posibilitate gehiago. Adibidez, bazegoen proiektu bat hedatuta lurpeko aparkaleku bat egiteko Galizia etorbidean eta obrak lotu ahal ziren Maristen proiektuarekin. UPNk apustu okerra egin zuen. Abiapuntua ezin da izan arbolak moztea. Ematen du batzuetan Iruñeko planoa begiratu eta, kolore berdea non ikusi, hor ekin dela. Ezin zaio horri eutsi.

Erorien Monumentuari dagokionez, lan bat eginda zegoen aurretik. Zein dira hurrengo pausoak?

Ez gara hutsetik abiatuko. 2015etik aurrera oso lan polita egin zen. Nazioarteko ideien lehiaketa egin zen, eta hortik akotariko proiektuak atera ziren. Batzuek eraikina fisikoki desagertzea onartzen zuten; beste batzuek beste esanahi bat ematen zioten. Hor badago termometro luze bat, eta une batean kokatu beharko dugu batean edo bestean. Nola? Jendearen parte hartzearekin. Oso argi dugu jendeak erabaki behar duela non kokatu behar dugun. Ez da bakarrik memoria historikoaren alorretik abiatzen. Erorien Monumentuaren ingurunea, Askatasun plaza, toki garrantzitsua da hirigintzan, eta lotura du Bigarren Zabalgunearen eta auzo berrien arten. Hori artikulatu behar dugu hurrengo 100 urteetarako.

Hiriari buelta eman nahi diozue?

Badaude oso proiektu politak eta ilusionagarriak. Adibidez, aipatutako Askatasun plaza. Kanpotik, Alemaniatik edo Txiletik etorritako adituek, gure hiria lehen aldiz ikusi, eta guk ikusi ez ditugun gauzak esaten dizkigute: nola den posible etorbide nagusi bat izatea —Karlos III.arena—, eta, Gazteluko plaza erreferentziazko toki bat izanik, Askatasun plaza —zeina guztiz simetrikoa baita— espazio huts bat izatea. Hirigintzan garrantzi handia du. Gainera, Sanduzelai auzoko egoerari irtenbide bat eman behar zaio. Oraingo planteamendua 1960ko hamarkadakoa da, eta, haren arabera, auzoa lau zatitan banatua dago. Hori hautsi behar da. Adituek esan behar digute lehiaketa baten bitartez zer konponbide dauden. Azkenik, dudarik gabe, Sarasate pasealekua beste elementu inportante bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.