Aroztegiko auzipetuen aldeko kanpaldiak lehen gaua egin du Elizondoko plazan

Larunbatera arte iraungo du mobilizazioak, eta auzipetuen absoluzioa eskatzeko elkarretaratze batekin amaituko da. Erdiz Bizirik plataformakoek babesa erakutsiko diete gaur.

Aroztegiko Elkartasun Komiteak Elizondoko plazan kanpaldia hasteko igandean egin zuen agerraldiko irudia.
Aroztegiko Elkartasun Komiteak Elizondoko plazan kanpaldia hasteko igandean egin zuen agerraldiko irudia. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 5a
11:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabost lagun inguruk pasatu dute gaua Elizondoko plazan (Baztan, Nafarroa), kanpadendetan, Aroztegiko zazpi auzipetuei elkartasuna adierazteko kanpaldian. Beste bost gauez, plazan egongo dira dendak, zazpi baztandarri Aroztegia hirigintza proiektuaren aurka egiteagatik hogei urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko kalte ordaina eskatzen dietela salatzeko. Egun horietarako hainbat ekintza antolatu ditu Aroztegiko Elkartasun Komiteak, eta gaurkoan, besteak beste, Erdiz Bizirik plataformakoak joango dira Elizondora, auzipetuei babesa ematera.

Maiatzaren 19tik 23ra izango da auzipetuen kontrako epaiketa, Nafarroako Auzitegian. Zazpi baztandarri derrigortze eta bortxa delituak leporatzen dizkiete, eta talde kriminal bat osatzea 2021eko udaberrian, Aroztegia hirigintza proiektua eragozteko dozenaka herritarrek egin zuten kanpaldian parte hartzeagatik.

Elkartasun komitekoek kanpaldiari hasiera emateko agerraldia egin zuten atzo, eta nabarmendu zuten zazpi auzipetuek ez zutela bakarrik jardun, eta herritarren mobilizazio bat izan zela proiektuaren kontrako ekintza hura. «Gure ingurua suntsitzea helburu zuen obra hura denen artean geldiarazi genuen, eta, berriki erran dugun bezala, gu ere kanpatu ginen!».

Aroztegia proiektuak zera aurreikusten zuen, Baztango Lekaroz herrian 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraikitzea. «Aroztegikoa herritarren borondatearen kontra behin eta berriz inposatu nahi izan zaigun proiektu bat da», salatu dute elkartasun komitekoek.

Gobernuari kritika

Nafarroako Gobernuak auzian izan duen jarrera ere gaitzetsi dute. «Nafarroako Gobernuak Palacio de Arozteguiari [enpresa sustatzaileari] legez kontrako proiektu eta ekintza guziak onartu dizkio, eta herritarrak babesik gabe utzi gaitu». Bereziki kritikatu dute proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan baten bidez onartu izana, modu horretara Baztango erakundeei eta herritarrei «erabakitzeko eskumena ebasteko». Hori dela eta, proiektua geldiarazteko eskatu diote. Horrez gain, enpresa sustatzaileari «herri lurrak eta nekazaritza lur pribatuak oparitu» izana ere egotzi diote gobernuari.

«Hori ikusirik, herria behartua izan da bere burua defendatzera desobedientzia zibila praktikan jarriz. Orain, lurraren defentsan egindako ekintza demokratiko batengatik zigortu nahi dituzte: denera hogei urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko kalte-ordain eskaera paratu nahi dute zazpi lagunen gain», adierazi dute. Babes komitearen iritziz, ez litzateke zuzena auzipetuen kontrako zigor eskaera zazpi lagunen kontrako ekintza baten gisara ulertzea. Epaiketa «herri oso baten kontrakoa» dela uste dute. «Zigor eskaera hau gauzatzen bada, Euskal Herri osorako alimaleko aurrekaria izango litzateke, eta ateak irekiko lizkioke herri mugimendu guziak erabat kriminalizatzeari».

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adieraztera deitu dituzte herritarrak. Atzoko agerraldian, datozen egunetarako prestatu duten egitarauaren berri eman zuten. Gaur, esaterako, kanpaldirako hartu duten lekua apainduko dute, Elizondoko plaza, eta Erdiz Bizirik plataformakoek babesa emango diete auzipetuei. Kanpaldia auzipetuen absoluzioa eskatzeko elkarretaratze batekin amaituko dute, Elizondoko plazan bertan. Komitekoek iragarri dute epaiketaren astean elkarretaratzeak egingo dituztela egunero Nafarroako Auzitegiaren parean.

Aroztegiko auzipetuekin elkartasuna adierazteko kanpaldiaren egitaraua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.