Proposamenak jarri dituzte mahai gainean, baina adostasunik ez dago oraingoz. Bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek, sare publikoko lan gatazka bideratzeko. Bi proposamen nagusi jarri ditu gobernuak mahai gainean: batetik, ordezkapenekin lotuta, lehenengo egunean jartzea ordezkoak Lehen Hezkuntzan; bestetik, behin-behinekotasunaren esparruan, lan deialdiak egitea, agintaldi osoan 5.000 postu eskainiz —740 atereak dituzte jada—. Cristina Uriarte sailburuaren esanetan, «aurrerapauso handia» dira proposamen horiek. Hala ere, mobilizazioak antolatuak dituzten sindikatuek —ELA, LAB eta Steilas— ez dituzte nahikotzat hartu. Ezta UGT sindikatuak ere.
Greba deialdiak mahai gainean dituztela bildu ziren atzo sindikatuak eta Hezkuntza Saila. Aurreko ikasturtean hiru egunetan egin zuten greba, hiru sindikatuek antolatuta —horietako batean CCOO ere batu zen—. Ikasturte honetarako egutegia ere aurkeztua dute. Lau sektoretan ari dira protestan —irakasleak, heziketa berezia, sukaldari eta garbitzaileak, eta Haurreskolak—; greba egun bana antolatu dute lau arloetan, eta batera egingo dute abenduaren 12an.
Lan eskaintza publikoak egiteko asmoa aurreko batzarretan ere iragarria zuen Jaurlaritzak. Orain hurrena egindako bileran, 3.000 lanpostuko eskaintza jarri zuen mahai gainean Hezkuntza Sailak; beste 2.000 eskaini ditu orain, «ahal diren guztiak». Gogorarazi du Espainiako Gobernuak jarritako arauek mugatzen dutela hori.
Behin-behinekotasun tasa
Sindikatuek, baina, gutxiegi ikusi dute 5.000 postu ateratzea —azaldu dute horietako 740 jada atereak daudela—. «Ez da gutxienekora iristen», ohartarazi du Steilaseko kide Aitor Idigorasek. «Oso urrun dago gure planteamendutik», erantsi du Xabier Irastorza ELAko arduradunak. «Ez dago pisuzko nahiko eduki», LABeko ordezkari Aitor Nuñezen ustetan. «Motz geratu da eskaintza», dio UGTko eledun Felix Vazquezek.
Behin-behinekotasun tasa jaitsi nahi du gobernuak eskaintza horrekin. Haren datuen arabera, %27koa da tasa hori orain, eta, eskaintzarekin, %17koa izango da; sindikatuek diotenez, %38koa da, eta %25era jaitsiko litzateke. Ohartarazi dute Jaurlaritzaren datuen arabera ere «onartezina» litzatekeela tasa hori. «%17ko planteamendu hori ere oso larria litzateke. Espainiak %8ra jaisteko agindu du, eta zer ari da Jaurlaritza?», dio ELAko kideak. «Gehiegizkoa da, eta areago Espainiaren asmoak ikusita», erantsi du UGTkoak.
Uriartek nabarmendu du agintaldi honetan hamar puntu jaitsiko dutela tasa, «egonkortasunaren aldeko apustua» egin dutela.
Beste aldarte bat
Ordezkapenena da sindikatuen beste aldarri bat, eta aldaketa bat jarri du mahai gainean gobernuak: Lehen Hezkuntzan lehen egunetik jartzea ordezkoak, Haur Hezkuntzan bezala. Sindikatuek aitortu dute aurrerapausoa dela, baina ez ditu asebete. «Borondatea izanez gero, Bigarren Hezkuntzan ere egin daitezke lehen egunetik», adierazi du Steilaseko eledunak. Gobernuak egin du beste eskaintza bat ere: behin-behinekoek oraingo postuan jarraitzea lan eskaintzan leku hori bete arte.
Jaurlaritzaren aldetik «jarrera aldaketa bat» sumatu du LABeko kideak. «Txikia, baina urrats bat da». Antzera mintzatu da UGTko eleduna: «Aurrerapauso txikitxo bat. Orain arte hitz onak izan ditugu, baina negoziaziorik, ez. Lehen aldiz, lanerako proposamenak egin dira». Uriarte sailburuak, berriz, «aurrerapauso handitzat» jo du eskaintza. «Atzean lan handia egin da konpromiso horiek aurkezteko».
Adostasunik ez dago, hala ere. Protestei eusteko asmo irmoa dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Ohartarazi dute badirela beste gai batzuk ere: ratioak, gaixoaldiak, soldatak... «Eduki berriak» proposatzeko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari. Beste bilera bat antolatzeko hitza eman du gobernuak: «bi-hiru aste barru» egingo dute.
Lehen Hezkuntzan ordezkoak lehen egunean ipintzea eskaini du Uriartek
5.000 lanpostu eskaintzea ere proposatu du Jaurlaritzak. Sindikatuek ez dute nahikotzat hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu